Alvaro Arrizabalaga arkeologoa da. Aranzadi Elkarteko kide da, eta historiaurrea irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Zientziako liburu batzuk gomendatzeko eskatu diogu; edozeinentzat interesgarriak izan daitezkeen liburuak.
Dibulgaziotik hasi da. Atapuercako aztarnategian indusketa egiten duten paleontologoek idatzitako bi liburu ospetsu gomendatu dizkigu: La especie elegida eta El collar del neanderthal . Lehenengoan, Juan Luis Arsuagak eta Ignacio Martínezek hominidoen eboluzioa aurkezten digute, gizakia 'aukeratutako' espezietzat har daitekeen ala ez aztertzeko helburuarekin. Bigarrenean, Arsuagak Neanderthalgo gizakiak aztertzen ditu, eta saiatzen da argitzen zenbaterainoko abstrakzio-ahalmena zuten. "Arsuaga bereziki trebea da zabalkunde zientifikoan" dio Arrizabalagak.
Oraindik dibulgazioaren arloan, Stephen Jay Gould biologoaren liburu bat gomendatu digu: Bully for Brontosaurus (gaztelaniazko argitalpenean, Brontosaurus y la nalga del ministro ). Goulden saiakera-bilduma bat da; idazleak istorio harrigarriak kontatzen dizkigu, zientziaren eta beste arloen arteko harremana gai gisa hartuta. Izenburuak txantxetakoa dirudi, baina Arrizabalagak dioenez,"gezurra ematen badu ere, oso liburu serioa da".
Ohiko zientzia-dibulgazioaren esparrutik kanpoko bi liburu ere gomendatu dizkigu. Fikziozko liburuak dira, baina neurri batean zientzian oinarrituta daudenez, dibulgazio-liburuak ere badira.
Lehenengoa The Clan of the Cave Bear da (gaztelaniazko argitalpenean, El clan del oso cavernario ). Jean M. Auel idazle estatubatuarraren liburu ezaguna da. Bost urteko neska Cro-magnon baten istorioa da, Ayla. Familia lurrikara batek hilda, Ayla bakarrik dago munduan. Istorio horren haritik, Cro-magnon eta Neanderthalgo gizakiak lurralde berean bizi izan zireneko garaia deskribatzen du idazleak.
Azken gomendioa La guerre du feu da (gaztelaniazko bertsioan, En busca del fuego ). Joseph eta Seraphin Boex anaia belgikarrek XIX. mendean idatzitako eleberria da (J. H. Rosny ezizenarekin sinatua). 1981ean, Jean Jaques Anaud frantziarrak film bat egin zuen eleberrian oinarrituta; filmak eleberriak baino oihartzun handiagoa izan zuen. Ulhamr tribuaren istorioa da; tribuak sua erabiltzen du, baina ez dakite nola piztu. Beraz, gorde egiten dute itzali gabe. Baina beste tribu baten aurkako liskar batean galdu egin dute sua. Hiru laguneko espedizio bat bidaltzen dute suaren bila.