Hilezkortasunaren bila

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Hilezkortasunaren bila
2011/06/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Liburuaren izenburua oso adierazgarria da: bizia luzatzearen zientzia aztertzen dute egileek. Gizakiaren betiko nahia izan da bizia luzatzea; hitzaurrean esaten duten bezala, hilezkortasunaren bilaketa, gaixotasunen aurkako gerra eta heriotzaren beldurra gizakiaren kezkak izan dira milaka urtez. Eta ez hori bakarrik. Industria bat jaio da gai horren inguruan. Egileen esanetan, bizia luzatzeko industria egia apur batetik abiatzen da, baina pseudozientzia-kantitate handi batekin nahasten da segituan. Liburuaren helburua da, hain zuzen, gai zabal eta korapilotsu horretan dagoen zientzia distilatzea eta aurkeztea.

Hilezkortasunaren ideiatik abiatzen da. Lehen kapituluan, ideia nondik sortu zen aztertzen dute, eta norantz eramaten duen. Eta, jakina, hilezkortasunaz zientziaren ikuspuntutik hitz egiteko, ezinbestekoa da heriotza eta zahartzea zer diren aztertzea. Hil egin behar dugu. Ugalketa sexualaren ondorio zuzena da. Eta hil egin behar dugu zahartze-prozesuari aurre egitea baino eraginkorragoa delako geneen transmisiorako. Azken batean, informazio genetikoa hilezkorra da, baina, horretarako, informazio genetikoa transmititzen dutenek, bizidunek, alegia, hil egin behar dute.

Ideia hori argitu ondoren, bizi-itxaropenaz hitz egiten dute egileek, eta aztertzen dute hura nola handitu den osasun-sistemari esker. Iraultza mediko bat gertatu da arlo horretan, eta iraultza hori ez da bukatu. Ahalegin handiak egiten dira oraindik ere bizi-iraupena handitzeko. Liburuaren bigarren erdian azaltzen dute hori.

Zahartzearen fisikaz eta kimikaz ere hitz egiten dute; substantzia antioxidatzaileez, adibidez. Eta bizitzearen muga genetikoak zein diren ikusita, muga horiek gainditzeko ahaleginak aurkezten dituzte. Baita ideia horren inguruko industria eta publizitatea ere.

Erraz irakurtzen da liburua. Oso estilo atsegina eta didaktikoa du. Eta, beharbada, liburuaren dohain nagusia da zahartzearekin zerikusia duen zientziaren panorama oso bat eskaintzen duela.

En Busca de la Inmortalidad
S. Jay Olshansky eta Bruce A. Carnes
Ed. Grijalbo Mondadori
224 x 150 mm
ISBN: 84-253-3625-2
Jatorrizko izenburua: The Quest for Immortality
Roa Zubia, Guillermo
2
276
2011
6
025
Bibliografia; Medikuntza; Genetika
Liburutegia
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila