Feynmanen biografia

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

feynmanen-biografia

Ez da erokeria esatea Richard Feynman XX. mendeko fisikaririk ospetsuena dela, Albert Einsteinen atzetik. Eta ospetsuetan bigarrena ez bada, aurreko postuetan dago, zalantzarik gabe. Eta ospe horren arrazoietako bat liburu hau da: Surely You're Joking, Mr. Feynman!

Liburua Feynmanen biografia bat da, Ralph Leighton kazetariari elkarrizketa batean kontatutako kontuetatik osatua. Asko anekdotak dira, eta oso ondo adierazten dute Feynmanen izaera.

-Richard Feynman, fisikari handia.

Oso pertsona azkarra zen; fisikari argia zen eta oso komunikatzaile ona. Gainera, oso pertsonalitate berezia zuen; irekia zen, andrezalea, eta apasionatua. Zentzu batean, bihurria zela esan daiteke. Hizlari moduan ospetsua zen, eta bongo-jotzaile moduan ere bai. Txikitatik izan zen nabarmena haren azkartasuna, eta kontatzen zituen gauza guztietan da nabarmena dohain hori. Fisikako Nobel saria irabazi zuen 1965ean, elektrodinamika kuantikoan egindako lanarengatik; Manhattan proiektuan parte hartu zuen; Challenger transbordadorearen istripua ikertu zuen aditu-taldean ere izan zen. Haren ibilbide profesionala ikusgarria da, eta kontu horiek, alde pertsonal bereziekin batera, oso pertsonaia erakargarria egiten dute.

Liburua klasiko bat da zientzialarien biografien artean. Hizkuntza askotara itzuli zen. Gaztelaniaz ¿Está vd. de broma, señor Feynman? izenburuarekin argitaratu zen, eta frantsesez Vous voulez rire, monsieur Feynman! izenburuarekin.

Best-seller bat izan zen. Eta, arrakasta hura ikusita, bigarren liburu bat osatu zuten elkarrizketa horietako materiala bilduta: What Do You Care What Other People Think? Liburuaren erdia Challenger transbordadorearen istripuaren ikerketak hartzen du, nahiz eta Feynmanen bizitzaren beste kontu asko ere kontatzen dituen. Feynman minbiziak jota hil zen, eta liburu hau gaixorik zegoen bitartean osatu eta argitaratu zuen. Ez zuen aurreko liburuak bezainbesteko arrakasta izan, baina biek bilduma ona osatzen dute Feynmanen bizitzaz irakurri nahi duenarentzat.

Surely You're Joking Mr. Feynman
Richard Feynman
Vintage, 1992
199 x 130 mm
978-0099173311
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila