Eskura dagoen zientziaren kronika

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Eskura dagoen zientziaren kronika
2010/06/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Frank R. Wilson dagoeneko jubilatuta dago, eta Kaliforniako Unibertsitatea utzi du. Neurologo ospetsua da, eta, unibertsitatean egindako lanaz gain, dibulgazioan ere aritu da. Eta bietan, ikerketan eta dibulgazio-lanetan, Wilsonen gaia besoaren muturrean dugun gorputz-atala da: eskua. Hain zuzen ere, haren web-orrian (http://handoc.com/Bio.html) sartzen denak honako mezu hau jasotzen du lehen pantailan: "Eskuak interesatzen? Egin klik hemen sartzeko".

Horregatik, gomendatzeko modukoa da Wilsonen liburu ezagunena: The Hand ( La mano , gaztelaniazko argitalpenean). Eskuari buruzko liburu oso bat, baliteke? Baietz erakutsi du Wilsonek, 350 orrialde baino gehiagoko liburu batean. Luze eta zabal idatz daiteke eskuari buruz, besteak beste, gizakiak egin eta egiten duen ia guztiarekin duelako zerikusia. Tankera horretakoa da liburuaren azpititulua: "Eskuaren erabilerak nola konfiguratzen dituen giza garuna, hizkuntza eta kultura".

Eskuaren fisionomiari buruzko dibulgazio-liburua da; ez da adituentzako testu-liburu bat. Hitzaurrean azaltzen du goizean goiz eskuaren jarduerak aktibatzen digula gorputza, eta egunean zehar dituen erabilpenei begiratua egiten die. Hortik aurrera, planteamendu erabat orijinala duen testu bat abiatzen da.

Eboluzioaz, biomekanikaz, neurologiaz, fisikaz eta zientziaren beste esparru askoz hitz egiten du, bestelako kontuak erabilita: txotxongiloak, musikariak, garabi-gidarien lana, autoen mekanika eta abar. Gai horien aipamenak, kasu batzuetan, eskuen funtzionamendua azaltzeko tresnak dira, eta, beste batzuetan, eskuarekin zuzenean lotutako jarduerak.

Bide horretatik, aspaldian sortu zen teoria bat aztertzen du Wilsonek: gizaki egiten gaituenaren zati handi bat eskuen jardueraren ekarpena da. Antropologia eta beste zientzia asko elkartzen ditu eskuak, eta Wilsonek gizakiaren izaerari buruzko gogoeta egiteko erabiltzen ditu.

Liburua oso ondo dokumentatuta dago. Wilsonen esperientzia pertsonalak eta profesionalak ohiko informazio zientifikoarekin bateratzen ditu, eta emaitza oso testu irakurterraza da.

La Mano
Frank R. Wilson
Tusquets editores
225 x 150 mm
ISBN: 84-8310-828-3
Jatorrizko izenburua: The Hand
Roa Zubia, Guillermo
2
265
2010
6
022
Bibliografia; Anatomia/Fisiologia
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila