Felix Zubia medikuaren gomendioa
Oliver Sacks idazlearen Emaztea kapelarekin nahasi zuen gizona klasiko bat da neurologiaren dibulgazioan, eta horregatik gomendatu digu Felix Zubia EHUko irakasle eta mediku intentsibistak.
"Oso liburu interesgarria da buruko gaitzak ezagutu nahi dituen edozeinentzat. Istorio laburren bidez, oso adibide argiekin azaltzen ditu buruko gaixotasun ohikoenen sintomak, eta gaixoak nola bizi dituen. Adibidez, depresioa, asaldura obsesibo-konpultsiboa eta eskizofrenia. Bestelako berri asko eragiten dituzten gaixotasunak izanik, hona hemen zientziatik modu errazean hurbiltzeko modu bat" dio Zubiak.
Liburu klasiko honen euskarazko bertsioa, gainera, argitaratu berri du Klasikoak argitaletxeak.
Lau ataletan banatuta dago. Lehen atala gabeziei buruzkoa da. Han dago liburuari izenburua ematen dion kasua. Musikari batek arazoak zituen ikusmena kontrolatzen duen garunaren gunearekin. Ez zuen beste ahalmenik galdu, baina bai gauzak begiz identifikatzeko ahalmena. Halako batean, emaztea eta kapela bat nahasi zituen, adibidez.
Liburuaren bigarren atalean, kontrako bost kasu aurkezten ditu Sacksek: gabeziak izan beharrean, gehiegizko ahalmenak garatzen dituzten pazienteen kasuak. Adibidez, sexu-grina handia sentitzen zuen laurogeita hamar urteko emakume baten kasua ( House telesailean erabili izan den kasua). Sacksek esaten du neurologia klasikoak, Hughlings Jackson neurologoaren eskolak, ez zituela horrelako kasuak aintzat hartzen, eta horregatik ez zutela arreta handia jaso 1980ko hamarkadara arte, gutxi gorabehera.
Hirugarren atala suminaldien atala da. Ez dira kalte fisikoak eragiten dituzten arazo neurologikoak; arazoa da pazienteek errealak balira bezala bizitzen dituztela ametsak eta oroitzapenak.
Azken atalean, pazienteen xalotasunak aurkezten ditu Sacksek. Adibidez, ume batek bezala jokatzen duen hemeretzi urteko neska baten kasua; ezin du ikasi zapatak nola jantzi edo giltza bat nola erabili; aldiz, ez du kalterik agertzen beste hainbat ahalmenetan.
Ibilbide profesional luze batean zehar tratatutako kasuen bitartez, Oliver Sacksek neurologia aurkezten digu, eta laguntzen digu ulertzen batzuetan arazo baten jatorria ez dela begi-bistakoa. Garunean pixka bat murgilduz gero, ezusteko ederrak aurkitzen dira.