Alan Turingen biografiak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

alan-turingen-biografiak

Zientzialari ezagunenen artean ez badago ere, Turingen bizitzak eta lanak sorrarazi duten liburu-kopurua izugarria da. Turingi buruz asko idatzi da, eta oso zaila da gomendio moduan liburu bakarra aukeratzea.

Biografien artean aipagarrienetako bat Alan Turing: The enigma da. Andrew Hodges britainiarrak idatzitako liburu hori erreferentzia da Turingen biografien artean. Hodgesek ederki ezagutzen du Turing, eta haren bizitzaren jarraipena egiten du, ikuspuntu guztietatik aztertuta. Gainera, pertsonaia askorekin gertatzen den bezala, Turingen bizitza eta lana ezin dira bereizi. Ezin da bata kontatu besteari begiratu gabe. Alde horretatik, Bigarren Mundu Gerrako eta ondorengo urteetako Ingalaterra aurkezteko ahalegina egiten du Hodgesen liburuak, eta, horrekin batera, baita konputazioaren historiaren testuingurua ere. 1986an, biografia horretan oinarritu zen Hugh Whitemore ingelesa Breaking The Code filmaren gidoia idazteko.

Kontuan hartzeko moduko bigarren biografia bat Turingen amak berak, Sara Turingek, idatzitakoa da. Izenburua argia eta zuzena da: Alan M. Turing . "Haren bizitza laburrean gauza asko lortu zituen" dio Turingen amak. Biografia txikia da, eta oso pertsonala. Kritikari batzuen esanean, Sara Turingek ez zuen perspektibaz ikusten semearen bizitza. Adibidez, oro har onartuta dago Alan Turingek Asperger sindromea zuela, baina haren amak ez du halakorik onartzen; harentzat, Alan pertsona berezia zen, besterik gabe. Baina hori ez da ezinbestean kritika txar bat. Izan ere, ama batek nekez ikusten du semea perspektibaz; bere bizipenetan oinarrituta ikusten du, eta horrek balio erantsi bat ematen dio. Turingen Urtea ospatzeko, bi biografien edizio bereziak prestatu dituzte; Turingen amak idatzitakoa kalean da, eta Hodgesen liburuarena, aldiz, kaleratzeko dago oraindik.

Gainera, Turingen beste biografia batek ere ospe handia hartu du: The Man Who Knew Too Much , David Leavitt estatubatuarrak idatzitakoa. Beharbada, biografia horrek ez du aurreko biek duten kalitatea, eta, hala ere, lan gomendagarria da.

Turingi buruzko liburuen zerrenda ez da biografiekin bukatzen. Zientziaren hainbat esparrutan --informatikan, batez ere-- egindako ekarpenei buruz ere asko idatzi da. George Dyson-en Turing's Cathedral adibide ona da. Eta Bigarren Mundu Gerran egindako deskodetze-lanari buruzko testu asko dago, esate baterako The Secret Life of Bletchley Park liburua, Sinclair Mackay-rena.

Alan Turing: The enigma
Andrew Hodges
VINTAGE, 1992
198 x 129 mm
ISBN: 978-00-99116-41-7
Alan M. Turing: Centenary Edition
Sara Turing
Cambridge University Press, 2012
216 x 140 mm
ISBN: 978-11-07020-58-0
The Man Who Knew Too Much
David Leavitt
Phoenix, 2007
198 x 129 mm
ISBN: 978-07-53822-00-5

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.