Txelo Ruiz Vazquez Industria-ingeniaria

“Teknologia-kontsumitzaile hutsa izateari utzi eta jakintza ere izatea nahiko nuke”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Txelo Ruiz Vazquez (1959, Irun) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Informatika Fakultatean, Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean. EHUko Informatika Fakultateko dekanordea izandakoa da, eta Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailaren burua ere bai. 2017tik Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea da EHUn. Ruizek aitortu duenez, egindako galderak errazak badira ere, erantzuna ez da hain erraza: “denbora behar dut pentsatzeko”. Hala, nabaritu zaio ez duela burutik igaro zaion lehenengo gauza bota, erantzun zuzenak eta zentzuzkoak eman baititu. Tira, ez denak, azkeneko adierazpenak ez baitira agian hain zentzuzkoak. Ala bai? Denborak esango du.
txelo-ruiz-vazquez-teknologia-kontsumitzaile-hutsa
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Elektronikaren garapena; hori da benetan txunditu nauena. Beti aipatzen ditugu ordenagailuak, edo robotak, baina horiek guztiak elektronikari esker dira gaur ezagutzen ditugun modukoak. Elektronikak erabiltzen ditu zirkuitu integratuak, eta horien miniaturizazioa izan da gaur egungo gailu guztien bultzatzailea. Zergatik? Siliziozko azalera txiki-txiki batean sartu dituztelako milioika transistore, eta horrekin lortu da zirkuitu horien ahalmena handitzea, eta funtzionamendu-abiadura oso handia lortu da. Aldi berean, gero eta merkeagoak izatea lortu dute. Hortaz; elektronikan gertatu diren hiru gauza horiei esker —miniaturizazioa, funtzionamendu-abiadura eta prezioa— ditugu orain darabilzkigun trepeta hauek guztiak.

Eta ezin dugu ahaztu softwarea. Softwareak ere ikaragarrizko garapena izan du. Orduan, alde batetik dugu hardwarea, elektronikan oinarritzen dena, eta, bestetik, softwarea, programazioa. Horiei esker, sakelako telefonoak ditugu, eta horiek gabe ibiltzea, biluzik ibiltzearen parekoa da.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Nik nahiko nuke jendartean, batez ere, gazteengan, zientzia eta teknologiarako grina piztea, teknologiaren erabiltzaile hutsak izateari utzi eta informatikaren munduan prosumer deitzen dioguna bihurtzeko. Consumer da kontsumitzailea, programatzailea da programatzen duena, eta prosumer da tartekoa. Ez da kontsumitzaile hutsa, badu jakintza. Bada hori nahiko nuke: analfabetoak izateari uztea.

Eta, batez ere, neskak. Neskak erakarri behar ditugu. Oso mundu polita da zientzia, teknologia eta ingeniaritzaren mundua, eta neskentzat ere oso egokia. Orduan, hori da nire ametsa: ikustea neskak mutilen parean.

Azkenik, pixka bat barre egiteko, esango dizut zer ikusi nahiko nukeen. Badakit ez dudala ikusiko, baina zientzia-fikzioaren zale amorratua naiz, eta errektoreordetzan nagoenetik, astero-astero ibili behar izaten dut batetik bestera. Beraz, nire ametsa da telegarraioa, Star Trek edo The Fly filmetan bezala.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila