Itziar Laka Mugarza Hizkuntzalaria

"Gure zain ditugu orain imajinatu ezin ditugun gauzak"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Itziar Lakaren hitzetan, ikerketak berezkoa du ez jakitea zer aurkituko den. Horrenbestez, aitortu du ibilbidea hasi zuenetik hamaika gauzak harritu dutela. Hala ere, mugarri batzuk aukeratu ditu. Ezinezkoa egin zaio, ordea, etorkizunean zer gertatuko den edo zer ikusi nahiko lukeen esatea. Izan ere, uste osoa du orain imajinatu ezin direnak gertatuko direla hizkuntzalaritzaren arloan, epe labur edo ertainean.

itziar-laka-mugarza-gure-zain-ditugu-orain-imajina
Arg. Iñigo Ibañez
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ikerketak berezkoa du ez jakitea zer aurkituko duzun. Hortaz, hizkuntzalaritzan hasi nintzenetik hona, txunditu nauten hamaika gauza gertatu dira, hamaika. Bat aukeratzea ezinezkoa zait. Hala ere, badaude mugarri batzuk, eta horietako bat da ni hizkuntzalari bihurtzeko arrazoia, egiazki filologia ikasten hasi banintzen literaturarengatik izan baitzen. Baina hasi nintzen Chomsky izeneko pentsalari baten idatziak irakurtzen, eta esaten zituen gauzek txunditu egiten ninduten. Adibidez, hizkuntza gure gogoaren jarduera dela; gaur egun begi-bistakoa iruditzen zaigu, baina orduan ez zegoen ikuspegi hori. Ni, ordea, benetan txunditu ninduen baieztapen horrek, eta, horren ondorioz, hizkuntzalaritzarantz lerratzen hasi nintzen.

Nolabait, sekretuan egin nintzen hizkuntzalari; alde batetik, karrerako gaiak ikasten nituen fakultatean, eta, bestetik, interesatzen zitzaizkidanak irakurtzen nituen nire kasa. Azkenean, karreraren amaieran, Pello Salaburu etorri zen MITetik, eta harrituta geratu zen, zenbat galdera nituen ikusita. Orduan hasi ginen ideia horiek ezagutzen karreran, eta orduan sartu nintzen hizkuntzalaritzan, buru-belarri.

Beste mugarri bat da egiazko konbergentzia bat gertatzen ari dela hizkuntzalarien, psikologoen eta neurozientzialarien artean. Oraindik asko falta da, baina gertatzen ari da. Eta dagoeneko onartu da hizkuntza badela neurozientzia kognitiboaren atal bat, eta hizkuntzalaritzaren ekarpena ez dela hutsala. Ez nuke esango horrek txunditu nauenik, baina mugarri bat da, eta nire ikerketa-ibilbidean eragin du. Izan ere, Chomskyk esan zuenean hizkuntza gure garunean dagoela, hizkuntzalaritza alde batetik zihoan, eta zientzia esperimentalak, bestetik; bi galaxia desberdin ziren. Gogoan dut MITen liburuxka bat hartu nuela, eta afasiari buruzkoa zela. Haluzinatuta geratu nintzen: nik ez nekien hizkuntzarekin lotutako gaixotasunik izan zitekeenik, karreran ez ziguten halakorik aipatu ere egin. Azken urteotan, ordea, ikuspegia aldatu da, eta neurozientzialariekin eta psikologoekin elkarlanean aritzen gara.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Ziurtasun osoz sentitzen dut orain imajinatzen ez ditugun gauzak ikasiko ditugula hizkuntzari buruz. Gure zain ditugu orain imajinatu ezin ditugun gauzak. Adibidez, duela 10-15 urte ez zen espero hain estua izatea kognizioaren eta gorputzaren arteko erlazioa. Ingelesez embodied cognition deitzen zaio, eta hizkuntzalaritza baino askoz zabalagoa bada ere, berresten ari da lehendik hizkuntzalaritzan aurkitutako gauzak. Dena dela, adibide bat baino ez da. Beraz, zer espero dut? Bada, imajinatzen ez ditudan gauzak; nik beti espero dut hori, eta ez da txorakeria bat, hizkuntzalari egin nintzenetik orain arteko ibilbidean, pentsaezinak ziruditen gauzak egia direla ikusi baitut.

Itziar Laka Mugarza
Itziar Laka Mugarza (Bilbo, 1962). EHUn Euskal Filologian lizentziatu ondoren, Hizkuntzalaritzan doktoratu zen, Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT). Gaur egun, Hizkuntzalaritzako katedraduna da EHUn, eta Jakiundeko kidea.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.