Asier Hilario Orus (Tolosa, 1977) Geologiako doktore da, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Horrez gain, Nazioarteko Zientzia Geologikoen Elkarteko (IUGS) Ondare Geologikoaren Batzordeko presidentea da. Geoparkeen Sareko Zuzendaritza Batzordeko kidea da, UNESCOren Munduko Geoparkeen Programarako ebaluatzaile gisa egiten du lan, eta Nazioarteko Zientzia Geologikoen Programaren (IGCP) batzorde zientifikoaren kidea da. Gutxi izango dira lurrarekiko eta paisaiarekiko maitasuna berak adinako grinaz eta sakontasunez transmititzeko gai direnak.
Mendiak maite nituelako ikasi nuen geologia. Mendien arkitektura ulertu nahi nuen. Segituan konturatu nintzen nire interesa ez zegoela xehetasun txikietan edo diziplina zientifiko zurrunetan. Argazkiaren ikuspegi zabala ulertu nahi izan dut beti. Ibilbide honetan bada guztiz txundituta utzi nauen kontzeptu bat: denbora geologikoaren dimentsioa ulertzea eta barneratzea, alegia. Geologia zientziak giza kulturari egin dion ekarpen handiena dela uste dut. Paisaiak eta geografiak aldatzen direla ulertzeak, zibilizazioak joan eta etortzen diren bezala, gure espeziea historia luze honetan anekdota txiki bat besterik ez dela onartzera behartzen gaitu. Lurraren barne-indar eta bizitzaren eboluzioaren azken fruitua besterik ez gara, eta hori barneratzeak umiltasun handia eskatzen du.
Denbora geologikoaren kontzeptua, “Deep time”, James Hutton geologoak azaldu zuen lehen aldiz XVIII. mendean. Zientziaren eta filosofiaren arteko ideiak biltzen ditu, eta horregatik da hain erakargarria.
Ikusi nahiko nukeen iraultza ez da zientifikoa. Naturarekin erlazioa berreskuratuko duen gizarte humanistago bat ikusi nahiko nuke. Naturarekiko deskonexioak pobreago egiten gaitu.
Geologia zientziaren ezagutza ezinbestekoa izango da etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozial nagusiak kudeatzeko. Uraren eta desertifikazioaren kudeaketan, itsas mailaren igoeraren aurkako neurrietan, teknologia berriak garatzeko behar diren mineralen eta lehengaien ustiaketan eta energia-iturri zaharretatik berrietara egin behar den trantsizioan ezinbestekoa izango da geologia zientziak duen lur sistemaren ezagutza ondo erabiltzea.
Gure zientzia gizartearen garapen hobea gauzatzeko lagungarri dela ikusi nahiko nuke.
Elhuyarrek garatutako teknologia