Miren P. Cajaraville katedradunak zuzentzen duen Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeak ondorioztatu zuenez, uretan aurki daitezkeen hainbat konposatu kimikok organismoen hazkuntzan, portaeran, ugalketan eta immunitate-funtzioan eragiten dute, sistema endokrinoarekin interferitzen dutelako. Horregatik, disruptore endokrino deitu zaie konposatu horiei: besteak beste, alkilfenolak (etxeetako garbigarri eta kosmetikoetatik eratorriak), pestizidak, plastifikatzaileak, petrolioaren eratorriak edo hormona sintetikoak. Batzuetan organismoek berek jasaten dute haien eragina, eta beste batzuetan bigarren edo hirugarren belaunaldian agertzen dira ondorioak.
Muskuilu hermafroditen ezohiko kopuru hark eta haien gametoen garapenean topatutako asalduek abiarazi zuten DERBIUR proiektua, eta 2008ko abenduan amaituko da. Ikerketa horren helburua da Urdaibain balizko disruptore endokrinorik ba ote den definitzea, eta substantzia horiek molusku bibalbioetan (muskuiluetan, ostretan...) eta arrainetan sor ditzaketen aldaketak aztertzea.
Oraingoan ere emaitza esanguratsuak lortu dituzte. Alde batetik, muskuiluen gametoen (ugalketa sexualerako beharrezkoak diren zelula eme nahiz arrak) garapeneko asaldurak baieztatu dituzte. Bestetik, Gernikako hondakin-urak prozesatzen dituen araztegiaren inguruko arrainetan --lazunetan, hain zuzen-- intersexaren prebalentzia handia dela ohartu dira; hain zuzen, lazun arren herenek gameto emeak dituzte.
Ondorio horietara iristeko, azterketa mikroskopikoez gain, hainbat biomarkatzailez baliatu dira EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak. Esate baterako, bitelogenina-mailen aldaketak behatu dituzte arrainetan. Emeen bereizgarria da bitelogenina proteina, eta feminizazioaren biomarkatzaile gisa erabiltzen da. Hain zuzen ere, Cajaravilleren taldea ohartu da lazun ar batzuek ere badutela proteina hori.
Are gehiago, Bartzelonako CDI/CSIC zentroak egin dituen analisi kimikoei esker, alkilfenolen metabolitoen maila altuak aurkitu dira lazunen behazunean. Beraz, alkilfenolak izan daitezke lazunetan aurkitutako aldaketen erantzuleak.
Ikertzaile-taldeak badu laborategi mugikor bat, organismoen disekzioak uretatik atera eta berehala egin ahal izateko. Disekzio horietatik lortzen dituzten laginetako batzuk bertan fitxatzen dituzte, ondoren mikroskopioen bidez behatu ahal izateko, eta gainerakoak izoztu egiten dituzte, gene-espresioaren eta proteinen azterketak Unibertsitateko Biologia Zelularra eta Histologia laborategian egiteko.
EHUko ikertzaileek lortu dituzten emaitzak bat datoz nazioartean egiten ari diren ikerketekin. Eta, bestalde, Urdaibaiko lazunetan egindako aurkikuntzen antzekoak egin ditu Ebro ibaiko arrainetan Bartzelonako CID/CSIC zentroak.