Ornoetako lesioak sendatzeko zementu berriak

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Metil polimetakrilatoan (PMMA) oinarritutako hezur-zementu akrilikoak askotan erabili dira aldaka-inplanteetan, protesia bera hezurrean ongi txertatzeko. Teknika berriagoetan, berriz, --bertebroplastian, esaterako-- zementua lesionatutako ornoan txertatzen da orratz luzeen eta estuen laguntzaz, eta prozesu guztia X izpien bidez behatzen da.
Ornoetako lesioak sendatzeko zementu berriak
2008/02/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: www.bodyactiveclinics.com)
Bertebroplastia osteoporosiaren edo hezur-tumoreen ondorioz gertatutako orno-hausturak tratatzeko erabiltzen da batez ere. Helburua da hezurra indartzea eta mina arintzea. Zauri txikiko teknika azkarra (~40 min/ornoa) eta eraginkorra da mina arintzeko (% 80-90 arintzen du mina 72 orduan), zementuak eskaintzen duen sendogarri mekanikoari esker. Hala ere, zementuak migratzeko duen arriskua eta polimerizazio-erreakzioaren ondorioz askatzen den beroaren eta monomeroaren toxikotasunaren ondorioz sor litekeen hezur-nekrosia hartu behar dira kontuan. Hori guztia ikertzen dute EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko ikertzaileek.

Biskositatea eta erradiopakutasuna

Bertebroplastian erabiltzen diren zementuen oinarrizko formulazioa hau da: monomeroa, PMMA aleak eta eragile erradiopakua. Azken horri esker, hain zuzen ere, beha daiteke zementuaren masa injekzioan. Formulazio horiek guztiek, oro har, bi baldintza bete behar dituzte: biskositate egokia eta erradiopakutasun handia izan behar dituzte. Zementuak tanta-jariorik ez izateko adinako sendotasuna izan behar du, eta, aldi berean, injektatu ahal izateko adinako jariakortasuna. Halaber, X izpien bidez ikusteko modukoa izan behar du, zirujauak une oro ikusi ahal izateko txertatzen edo injektatzen ari dena.

Egun erabiltzen diren formulazioak aplikazio berrietara egokitzeko, zementuak eraldatzen dituzte askotan zirujauek ebakuntzaren garaian, betiere injekzioa errazteko. Horretarako, batetik, fase likidoan dagoen monomero gehiago gehitzen diote zementuari, biskositatea gutxitzeko eta zirujauak lanerako denbora gehiago izateko, eta, bestetik, eragile erradiopaku gehiago txertatzen dizkiote, zementua X izpien bidez hobeto ikusteko. Aldaketa horiek, ordea, zementuaren ezaugarrietan eta toxikotasunean eragiten dute. Horren harira, EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko ikertzaileek hezur-zementu akrilikoen formulazio berriak garatzen dihardute, betiere, bereziki injektatzeko zementuak direla kontuan hartuz, eta, ahal dela, zementu horiei eragin terapeutiko osagarria gehituz.

EHUko ikertzaileek ikusi dute posible dela ezaugarri erreologiko optimoak dituzten injektatzeko moduko zementu akrilikoak lortzea, PMMA aleen tamaina egokia aukeratuz gero. Izan ere, zenbat eta handiagoak izan ale horiek, orduan eta gehiago xahutzen dute polimerizazio-erreakzioan sortzen den beroa, eta, beraz, erreakzio horretan ez da horrenbesteko exotermia sortzen. Hala, ehuna ez da horrenbeste berotzen.

Bertebroplastian, zementua lesionatutako ornoan txertatzen da, hezurra indartzeko eta mina arintzeko.
PMMA aleen tamaina hautatu ostean, ornoetako lesio horiek sendatzen lagun dezaketen zenbait eragile erradiopaku edo terapeutiko gehitzen dizkiote zementuari, eta, noski, eragile horien gehikuntzak zementuen ezaugarrietan sor ditzakeen efektuak neurtzen dituzte. Batetik, bismuto salizilatoa gehitu dute. Alegia, azido salizilikoaren eragin analgesikoa eta bismutoa konbinatu dituzte (bismuto metala erraz ikusten da X izpien bidez). Emaitzek erakusten dute bismutoak erradiopakotasun egokia eskaintzen duela, salizilatoak eragin terapeutikoa duela, eta, oro har, toxikotasun txikiagoa eta bateragarritasun egokia duela konbinazio horrek.

Bestetik, elementu bioaktiboak gehitu dizkiote zementu akrilikoari. Elementu horiekin, zementuaren eta ehun biologikoaren arteko elkarrekintza lortu nahi dute (hezurren birsorkuntza). Hain zuzen, estrontzio hidroxiapatita gehitu dute, batetik, estrontzioaren erradiopakutasun egokia eta, bestetik, zementu akrilikoaren berehalako finkapena eta osagai bioaktiboaren epe luzerako finkapena konbinatzeko.

Azkenik, beste zenbait ikerketa-zentrorekin elkarlanean, biobateragarritasunaren hainbat azterketa egin dituzte, in vitro nahiz in vivo . Orain arteko ikerketen emaitzen arabera, EHUko ikertzaileek formulatutako zementuek ez dituzte ohiko zementu komertzialek baino arazo gehiago eragiten.

Proiektuaren laburpena
Zenbait kopolimeroren eta konposatu akrilikoren formulazio berriak ikertzen dihardute erabilera askoko eta albo-ondorio gutxiko hezur-zementu eraginkorrak aurkitzeko.
Zuzendariak
Isabel Goñi eta Marilo Gurrutxaga.
Lantaldea
I. Goñi, M. Gurrutxaga, I. Silva, R. Rodriguez, P. Casuso.
Saila
Polimeroen Zientzia eta Teknologia.
Fakultatea
Kimika Fakultatea.
Finantziazioa
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa
Lantaldearen web gunea:
http://www.sc.ehu.es/powgep99/dcytp/biomateriales/biopolimeros.html
Ezkerretik hasita, Pablo Casuso, Isabel Goñi, Itziar Silva, Ruth Rodriguez eta Marilo Gurrutxaga.
(Argazkia: I. Kortabitarte)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
239
2008
2
045
Kimika; Unibertsitateak
Jakintza hedatuz
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila