Mikrohariak: CD-ROM berriak?

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Sinadura bat faltsutzen ari garen detektatzeko gai den bolaluma edo CD-ROMen ordezko nimi oak dira mikroharien aplikazioetako batzuk.

Sinadura bat faltsutzen ari garen detektatzeko gai den bolaluma edo CD-ROMen ordezko nimi oak dira mikroharien aplikazioetako batzuk.

Ile bat baino 3-5 aldiz txikiagoak dira, eta Sobiet Batasunean sortu zituzten erabilera militarretarako. Orain, ikertzaileak beste erabilera batzuetarako izan ditzaketen aukerak aztertzen ari dira, baita EHUn ere.

Gorputza eta azala

Mikrohariek gorputz metalikoa eta kristalezko azala izaten dituzte. Metalezko gorputzak 1-20 m-ko erradioa izaten du, eta kristalezko estalkiak, berriz, 5-20 m-ko lodiera. Fin-finak direnez, mikroharia erabat malgua da.

Aleazio ferromagnetiko bat erabiltzen da gorputz metalikoa egiteko, aplikazioaren arabera aldatzen den aleazioa. Aleazio horrek dituen osagaiak kontuan izanda, eta hariari ematen zaion geometriarekin jokatuz, nahi hainbat mikrohari-mota egin daitezke.

Aukera zabala da, baina guztiek ezaugarri bat izaten dute: propietate magnetikoak dituzte. Hain zuzen ere, ezaugarri magnetiko horiek eta tamaina txikiak egiten dituzte hain preziatu.

10 megabit 10 cm-an

Aukeran dauden aplikazio guztien artean, mikrohariak informazioa gordetzeko euskarri gisa erabiltzeko proiektua abiatu dute EHUn. Mikrohariak bitak gordetzeko erabili nahi dituzte; izan ere, CD-ROMetan bezala, informazioa magnetikoki gordetzeko aukera dago.

Horretarako, zenbait mikrohariren ezaugarri magnetiko berezi bat erabiliko dute: banbuaren itxurako eremu zirkularrekin lotutako biestabilitate magnetikoa. Hau da, mikroharia banbuaren antzera eremu zirkularretan banatzen bada eta kanpotik eremu magnetiko bat aplikatuta, imantatu egiten dira banaketa horiek.

Imantazio hori zirkularra da eta mikrohariaren gainazalean ordulariaren orratzen norabidean edo kontrakoan joan daiteke. Beraz, norabidearen arabera, positiboa 1 gisara interpreta daiteke eta negatiboa 0 gisara.

Hori kontuan izanda, CD-ROMen ordezkoak sortzeko, mikroharia eremu zirkularretan banatu behar da lehenik. Haria ezin da zatitu edo eten, prozesu konplexu baten bidez lortzen da banbuaren itxurako banaketak egitea.

10 cm-ko hari batean 10 milioi zati edo eremu egin daitezkeela kalkulatzen dute ikertzaileek, eta horietako bakoitzak bit bat gordeko luke. Bita gordetzeko, eremu horietako bakoitza norabide batean edo bestean imantatuko da.

Behin mikroharian informazioa imantazioen bidez grabatu ondoren, hura irakurtzeko modua asmatu beharko dute ikertzaileek. Baina irakurketa ez da berehalakoa. Izan ere, lehen irakurketan seinale elektriko bat lortuko da, eta seinale hori anplifikatu eta prozesatu ondoren eskuratuko da informazio digitala.

Hori guztia egiteko asmoa dute ikertzaileek, baina, ez da lan erraza izango. Zailtasunik handienak, hain zuzen ere, irakurketan omen daude; digitalizatu aurretik seinale elektriko egokia lortzean, alegia.

  • Proiektuaren izenburua
    Imantazio- eta magnetogarraio-prozesua diseinatutako materialetan.
  • Helburua
    Mikroharien biestabilitate magnetikoaren mekanismoak sakonean aztertzea eta mikrohari amorfoetan ekoizpen-parametroek duten eragina ikertzea.
  • Zuzendaria
    Arcady P. Zhukov.
  • Lantaldea
    J.M. Gonzalez, J.M. Blanco, O. Chizhik, J.J. del Val, M.L. Dominguez, A. Fernandez, C. Garcia.
  • Sailak
    Materialen Fisika Saila eta Fisika Aplikatua 1 Saila.
  • Fakultatea
    Kimika Fakultatea eta Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.
  • Finantziazioa
    MEC (2004-2007).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila