Klima ez da zerbait egonkorra, aldatuz doa. Eta klimaren aldaketa horiek nolakoak diren jakitea oso garrantzitsua da, ez bakarrik zientzialarientzat, baita klimaren menpe dauden hainbat industria eta jarduerarentzat ere. EHUko talde bat haientzat erabilgarria izan daitekeen datu-base bat garatzen dabil. Datu-base hori sarean egongo da, eta mendebaldeko Europako klimari buruzko azken 40 urteetako datuak bilduko ditu.
Ingurune poluituetan bizi diren animaliek gune horietan bizitzeko egokitzapenak garatzen dituzte. Baina, zer nolako egokitzapenak dira horiek? Geneetan eraginik ba al dute? Galdera horiei erantzun nahian dabil EHUko ikerketa-talde bat, eta, horretarako, meatzeetako lurretan bizi diren bareak ikertzen dituzte. Gainera, bare horiek lurzoruaren osasuna ebaluatzeko erreminta gisa erabili nahi dituzte.
Minbiziaren kontrako tratamenduen arazoetako bat da ez dituztela bereizten zelula osasuntsuak eta gaixoak. Hala, guztiek pairatzen dute tratamenduaren eragina. EHUko ikertzaile-talde bat arazo horren soluzioaren bila dabil. Horretarako, zelula gaixoak detektatzeko eta farmakoa behar den tokian askatzeko gaitasuna duten nanohidrogel adimendunekin egiten dute lan.
Elikagaiak era askotara ikertu daitezke: analisi fisikoak, kimikoak, mikrobiologikoak... eginez, adibidez. Baita zentzumenen bidez ere. Kasu horretan, dastatzaile-taldea da produktua aztertzen duen 'tresna'. EHUko Zentzumen Analisiaren Laborategian (LASEHU), zentzumenen bidez hainbat elikagairen analisia egiteko metodoak garatzen dituzte.
Gizakiak mikosiak pairatzen ditu batzuetan --onddoek eragindako infekzioak--, ezkabia eta igerilekuetan hartzen diren onddoak, adibidez. Mikosi horiek eragozpen txikiak edo estetika-arazoak besterik ez dituzte sortzen, eta erraz trata daitezke modu eraginkorrean. Mikosi larriak ere badira, ordea, immunodeprimituta dauden gaixoetan sortzen direnak eta arazo mediko larriak edo heriotza eragin dezaketenak (kandidiasia eta aspergilosia, adibidez). Horiek ikertzen dihardu EHUko ikertzaile-talde batek.
Antiinflamatorioek hantura-prozesuetan parte hartzen duten zelulei eragiten diete, baina baita prozesu horretatik kanpo dauden zelulei ere. Horregatik, antiinflamatorio espezifikoak garatzea garrantzitsua da, arazorik ez duten zelulei ez eragiteko. EHUko ikertzaile-talde bat C1P molekularen analogoekin lanean dabil, helburu horrekin.
Unibertsoari buruz gizakiak asko dakiela pentsa daitekeen arren, oraindik fenomeno asko daude argitzeke. Unibertsoaren garapena egokien azaltzen duen ereduaren bila dabil EHUko kosmologo-talde bat.
Ura poluitzen duten konposatu kimikoek organismo urtarren garapen sexuala alda dezakete, eta gameto ar zein emeak dituzten organismo hermafroditak sortu. Hori ondorioztatu du EHUko ikertzaile-talde batek Urdaibaiko muskuiluak eta lazunak aztertu ondoren.
Landareak estresatu egiten dira, ur-gabezia, beroa, hotza edo gehiegizko argitasuna jasaten dutenean. Beren burua babesteko landareek aktibatzen dituzten substantziak aztertzen ditu EHUko ikertzaile-talde batek, kondizio desegokietan basoa berritzeko orduan inguruneari ondoen egokituko zaizkion espezieak aukeratzeko xedearekin.
Oraindik harritu egiten gaitu robot bat bere kabuz ibiltzen edo inoren laguntzarik gabe erabakiak hartzen ikusteak. Bada, hori da EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldea egiten ari dena: roboten autonomia areagotu, beren kasa gero eta gauza gehiago egiteko gai izan daitezen. Duela urte batzuk, Marisorgin, posta banatzen zuen robota, garatu zuten, eta orain Tartalo ipini dute martxan.