"Sexu-ohiturak. Zati hori kendu egingo dugu eta kopia batzuk inprimatuko ditugu guretzat soilik. Zenbat nahiko genituzke?", idatzi zion Natural History Museum-eko zoologiako arduradunak hegaztien arduradunari. "100" erantzun zion hark. Eta, 1915eko otsailean, 100 kopia inprimatu ziren, denak ere letra lodizko goiburu batekin: Ez argitaratzeko .
The sexual habits of the Adélie penguin zen izenburua, Adélie pinguinoen sexu-ohiturak. George Murray Levick-ek idatzitako Natural History of the Adélie penguin liburuaren zati bat zen jatorrian. Baina liburua zati hura gabe argitaratu zuten 1915ean; Levickek han kontatzen zuena gordinegia zen argitaratzeko.
Gertutik ezagutu zituen Levickek Adélie pinguinoak. Scott kapitainak gidatu zuen 1910eko Antartikako Espedizio Britainiarreko zirujau eta medikua izan zen Levick. Espedizio haren helburu nagusia Hego Polora iristea bazen ere, ez zen bakarra. Campbell tenientearen taldeak, esaterako, esplorazio zientifikoa zuen helburu. Scotten taldea Amundsen-ekin lehia bizian Hego Poloaren bila zebilen bitartean, Campbellen taldeak lan handia egin zuen inguru haietako geologia, zoologia, mikrobiologia, meteorologia, eta abar aztertzen. Eta talde hartan zegoen Levick.
Adélie pinguinoen ( Pygoscelis adeliae ) lau kolonia aztertu ahal izan zituen Levickek. Batez ere Cape Adare-koa, ezagutzen den kolonia handiena. Hiru hilabete pasatu zituen Cap Adaren pinguino-artean, argazkiak ateratzen eta behatutako guztia apuntatzen; 1911ko urriaren 13an lehenengo pinguinoa iritsi zenetik abenduaren 31n hartutako azken oharretaraino.
Gogorra zen pinguino haien bizitza. Ez bakarrik jasan behar zituzten kondizioengatik. Gauza ikaragarriak ikusi zituen. Giza itxurako hegazti haien portaera batzuek hainbeste asaldatu zuten, ezen koadernoan jasotako pasarte batzuk, edonork irakurri ahal izatea saihesteko, alfabeto grekoz idatzi baitzituen.
Bidaiaren amaieran, larri ibili ziren Levick eta taldekideak. 1912ko otsailean Terra Nova ontziak jaso behar zituen, baina itsas izotzak bidea itxi zion. Negu osoa izotzezko koba estu batean pasatu behar izan zuten. Espedizioko kide Apsley Cherry-Garrard-ek honela deskribatu zuen egoera The Worst Journey in the World liburuan: "Koipea jaten zuten, koipearekin sukaldatzen zuten, eta koipe- lanparak zituzten. Arropak eta tresnak erabat koipeztuak zituzten, eta kearen ondorioz belztuta, baita lo-zakuak, eltzeak, paretak eta sabaia ere, eta trabatuta eztarriak, eta handituta begiak".
Scotten taldekoak ez bezala, Levick eta kideak bizirik atera ziren espedizio hartatik. 1913an bueltatu ziren Ingalaterrara. Hurrengo urtean, pinguinoei buruzko lehen lana argitaratu zuen Levickek: Antarctic penguins, a study of their social habits . Publiko orokorrarentzat idatzitako lan bat zen, eta oso harrera ona izan zuen. Eta 1915ean Natural History of the Adélie penguin , aurrekoa baino teknikoagoa.
Bi lan horietan, behin eta berriz egiten zien erreferentzia bikoterik gabe gelditzen ziren arren portaerari. Hooligan deitzen zien Levickek. "Talde txikitan egon ohi dira koloniaren inguruan. Denboraldiaren hasieran gutxi dira, baina gero asko ugaritzen dira, eta enbarazu eta kalte handiak eragiten dizkiete gainerako biztanle baketsuei. Hasierako gutxi horiek bikoterik aurkitu ez duten arrak dira, seguru aski... Gero gehitzen direnak, alargunak izango dira, moduren batera edo bestera bikotea galdu dutenak. (...) Txitaren bat habiatik urruntzen bada, aukera handiak ditu hooliganen eskuetan bizia galtzeko. Egiten dituzten krimenak halakoak dira, ezen ez baitute lekurik liburu honetan".
Hain zuzen ere "krimen" horiek eta beste sexu-praktika batzuk ziren Levickek bere koadernoan alfabeto grekoz idatzi zituenak, eta gero argitaratu gabe gelditu zirenak. Esaterako, azaroaren 10ean honela idatzi zuen: "Arratsaldean ar bat ikusi dut hildako eme baten gorpuarekin kopulatzen. Minutu bat inguru iraun du ekintzak, arraren posizioa kopulazio normalekoaren berdin-berdina izan da, eta bukaeraraino jarraitu du".
Nekrofilia hura gehiegizkoa zen Levick bezalako gentleman batentzat. Gainera, kanpamentura itzuli eta kide bati kontatu zionean, harriduraz entzun zuen hark ere behin baino gehiagotan ikusi zuela portaera hori.
Horrez gain, erabat perbertituak ziren pinguinoak. Ar bakartiak masturbatzen ikusi zituen, eta ugaltzeko helbururik gabe ere kopulatzen, baita habian dagoeneko arrautzak izanda ere. Behin "ustez, ar bat eme batekin kopulatzen ikusten ari nintzen, baina bukatu zutenean, hara non ustez emea zena beste ar bat zen; eta ekintza errepikatu zuten posizioak aldatuta, hasieran emea zena hasierako arraren bizkarrera igota".
Hala ere, okerrena, eta nekrofiliarekin batera Levick gehien asaldatu zutena, hooliganen krimenak ziren. Zaurituta, zutik jarri ezin zen eme bat hiru hooliganek batak bestearen atzetik nola bortxatzen zuten ikusi zuen. Eta antzera txitekin: "Behin amarekin habian zeuden bi txitetako bat pixka bat urrundu zen, eta bat-batean hooligan batek harrapatu eta bere amaren begien aurrean bortxatu zuen. Amak, hura gertatzen zen bitartean, habian jarraitu zuen beste txitarekin; eta erasotako txitak ihes egitea lortu eta amarengana bueltatu zenean, hark ez zuen ezer jakin nahi izan kumearekin; mokoka egiten zion habiara bueltatzen saiatzen zen bakoitzean. Etsita, beste gurasoren batek adoptatzen ote zuen probatu zuen, baina ez zuen inork horrelakorik egin, eta, hainbeste mokokada jaso zituen, ezen azkenerako hil egin behar izan bainuen, oinazetik libratzeko".
P.S: Ia 100 urte geroago, Londresko Natural History Museumeko Douglass Russel-ek Levicken argitaratu gabeko lana aurkitu du museoaren artxiboetan, eta argitaratu egin du, William Sladen eta David Ainley pinguinoetan adituekin egindako interpretazioarekin batera. Artikulu horretan azaltzen dute, esaterako, hildako pinguinoek kopulatzeko prest dagoen emearen postura bera izaten dutela, eta, ondorioz, estimulu oker batek eragindako erantzuna dela Levick behatutako nekrofilia.