Esaten dute Las Meninas koadroan airea ikusten dela, Velazquezek atmosfera bera pintatu zuela. Velazquez maisu bat zen, ez dago zalantzarik; eta ez dago zalantzarik argiaren jokoa begi hutsez harrapatzen zuela, eta trebetasun handiz eramaten zuela joko hori koadrora.
Hala ere, Velazquezek ez zuen atmosfera pintatu, baizik eta objektuak eta pertsonak, baina zenbateko distantziara dauden kontuan hartuta. Hurbilekoek zehaztasun eta kontraste handia dute, eta urrutikoak, berriz, metro batzuetako airea zeharkatu duen argiarekin ikusten dira, lausoago eta kontraste txikiagoarekin. Gutxi gorabehera, horrela ikusten dugu errealitatea. Velazquezen meritu handienetako bat, hain zuzen ere, horretaz jabetzea da.
Atmosferak gardena dirudi, baina ez da. Beira bezalakoa da; beira ez da gardena, eta beiraz egindako leiarrak ere ez (galdetu astronomoei). Horregatik ikusten dugu lausotuta urrutian dagoena, guztiz gardena ez den inguru bat zeharkatzen duelako, eta, bidean, argiak intentsitatea galtzen duelako.
Velazquezek Las Meninas bukatu eta 196 urte geroago, August Beer alemanak azaldu zuen argiaren lausotze hori, eta formula matematiko bat osatu zuen argiak atmosferan zenbat intentsitate galtzen duen zenbakitan kalkulatzeko.
Aireak bi gauza egiten dizkio argiari: xurgatu eta desbideratu. Airearen osagai batzuek argia xurgatzen dute; beste batzuek desbideratu egiten dute; eta beste batzuek, bi gauzak aldi berean. Beraz, airea zeharkatu ahala, argiak intentsitatea galtzen du, gehiago edo gutxiago, airearen osagaien proportzioaren arabera.
Beerrek lehenagoko beste zientzialari batzuen lanak hartu zituen abiapuntutzat, Pierre Bouguer frantsesarena, batez ere. Beste zientzialari batek, Johann Heinrich Lambert alemanak, Bouguerren lana aipatu zuen liburu batean, eta, horregatik, gaur egun, Lambert-Beerren legea deitzen diogu Beerren formulari.
Formulak dio argiak intentsitatea modu koadratikoan galtzen duela, hau da, zeharkatzen duen distantziaren karratuaren arabera galtzen dela. Oso galera azkarra da: airean metro bat eginda intentsitate jakin bat galtzen badu, bi metro eginda galera lau aldiz handiagoa da (bi zenbakiaren karratua lau delako), eta hiru metro eginda bederatzi aldiz handiagoa (hiru ber bi).
Horrela ikusita, gezurra dirudi Eguzkiaren izpiak lurrazalera iristea, baina iritsi egiten dira. Eguzkitik Lurraren atmosferarako bidean argiak ez du trabarik, eta intentsitate oso handiz iristen da. Horretaz gain, esan behar da atmosferaren goialdea ez dela behealdea bezain trinkoa. Askoz argi gutxiago xurgatzen eta desbideratzen du.
Giza begiak ez du argi-intentsitatearen galera koadratikoaren berri. Ez du formularik erabiltzen. Galerari antzematen dio, eta urrutian dagoena lausoago ikusten du gertukoa baino. Velazquezen eskuak ere ez zuen formularen berri, eta, hala ere, gai zen efektu hori margoetan islatzeko.
Baina gaurko irudigile guztiek ez dute Velazquezen trebetasuna. Efektua ordenagailu batez simulatzeko, adibidez, beharrezkoa da Lambert-Beerren legea. Izan ere, hiru dimentsioko irudiak egiteko softwareak Lambert-Beerren legearen antzeko formulak erabiltzen ditu errealitatea simulatzeko. Irudiaren puntu bakoitzaren kolorea zein izango den kalkulatzen da raytracing izeneko teknikaren bitartez (ingeleseko terminoa da, eta izpien ibilbidearen jarraipena esan nahi du).
Ordenagailuak argi-izpien ibilbide zehatzak kalkulatzen ditu, argiaren iturrietatik hasi, eta irudian agertzen diren beste objektuekin talka egin arte; horrekin batera, izpi horiek bidean galtzen duten intentsitatea kalkulatzen dute formula koadratiko baten bitartez.
Errealitatearen simulazioa egiteak, nahitaez, intentsitate-galera koadratikoa kalkulatzea eskatzen du. Zorionez, edertasuna ez da errealismoaren sinonimo; politak iruditzen zaizkigun irudi guztiak ez dira errealitatearen simulazio fidela (erreal itxura badute ere). Askotan, nahita, koadratikoak ez diren formulak erabiltzen dira argiaren intentsitate-galera kalkulatzeko: lineala, koadratikoaren inbertsoa eta abar (grafikogileak berak asmatutako formula baten araberakoak barne).
Orain, Velazquezen obrari buruzko galdera egin dezakegu. Nolako intentsitate-galera erabili zuen Las Meninas koadroan hain emaitza ikusgarria lortzeko?