Orgasmo femeninoaren eboluzioa

Irati Larrañaga Moran

EHUko Osasun Psikologia Orokorra masterreko ikaslea

Jurgi Cristobal Azkarate

EHUko Psikologia Eskolako irakaslea

orgasmo-femeninoaren-eboluzioa
Arg. Wikipedia (CC BY 2.0)

Historikoki, gure gizartean emakumeen sexualitatea gutxietsia izan da, orgasmo femeninoa orgasmo maskulinoaren azpiproduktu bat dela proposatzeraino. Aldiz, azken urteetako ikerketek nabarmendu dute orgasmoa emakumeen estrategia ebolutiboaren atal garrantzitsu bat dela. Beste diziplina batzuekin batera, psikologia eboluzionista emakumetasunean funtsezkoa den fenomeno hau ezjakintasun egoeratik ateratzen laguntzen ari da.

Orgasmo femeninoaren eboluzioa

Orgasmoa erantzun sexualaren zati bat da, zeinetan plazer-sentsazio bizi bat eta kontzientziaren egoera asaldatua gertatzen baita. Emakumeen kasuan, esparru genitaleko giharren uzkurtze erritmiko batekin batera gertatzen da, eta gizonen kasuan, berriz, eiakulazioarekin (Meston et al., 2004). Azkenari lotuta, orgasmoa beharrezkoa da gizonezkoetan ugalketarako, baina ez emakumeetan. Ezberdintasun horretan oinarrituta, Symons-ek (1980) iradoki zuen orgasmo femeninoa orgasmo maskulinoaren eboluzioaren zeharkako produktu bat izango zela. Hipotesi horren arabera, orgasmo femeninoak ez luke funtziorik izango, baina, emakume eta gizonak genetikoki eta ontogenetikoki oso antzekoak direnez, emakumeek ezaugarri hori dute, gizonen titiburuekin gertatzen den bezala.

Hala ere, hipotesi horren aurka, orgasmo femeninoak funtzio egokitzailea duelako froga ugari aurkitu dira azken urteetan. Haien arabera, orgasmoak emakumeen ugaltze-arrakasta maximizatzen du, hau da, helduarora heltzen diren seme-alaben kopurua maximizatzeko fenomeno bat da.

Orgasmo femeninoa eta kopularen errefortzua

Maila neurologikoan, orgasmoan dopamina-jariaketa izugarri areagotzen da, eta sari-sistemen aktibazio handia dakar. Horrek, epe motzean, orgasmoan sentitzen den plazera eragiten du, eta, epe ertain-luzean, errefortzu-efektua sortzen. Hala, jokabide sexuala errepikatzera eta orgasmoa esperimentatu duen pertsonarekin berriro kopulatzera motibatzen da banakoa (Wheatley eta Puts, 2015).

Nahiz eta zenbait ikerketak nabarmendu duten emakumeek gizonek baino joera txikiagoa dutela koitoaren ondorioz orgasmoa esperimentatzeko (Garcia et al., 2014), beste zenbait ikerkuntzak agerian jarri dute orgasmoaren esperientzia subjektiboa oso antzekoa dela gizon zein emakumeetan (Vance eta Wgner, 1976), eta, horretaz gain, emakumeek orgasmo anitz izateko probabilitate handiagoa dutela (Masters eta Johnson, 1966). Horrek nabarmentzen du, gizonen kasurako argudiatu den bezala, emakumeetan ere orgasmoak mekanismo motibatzaile gisa eboluzionatuko zuela, eta epe ertainean ernaltzeko probabilitatea areagotuko.

Orgasmo femeninoa eta ernaltzea

Obulazioan aldeak daude espezie batzuetatik beste batzuetara; inguruneak eragina (adb. urteko garai zehatz batean gertatzea), arrak eragina (kopularen bidez eragiten dena) edo espontaneoa izan daiteke. Arrak eragindako obulazioa duten espezieetan, emeen orgasmoaren ondorioz gertatzen da obulazioa, eta, kasu horietan, lotura zuzena dago orgasmoaren eta ernalketaren artean.

Gizakiotan, obulazioa espontaneoa da, eta arrak eragindako obulaziotik eboluzionatutako prozesua da (Pavlicev eta Wagner-ek, 2016). Baina, nahiz eta gure espeziean orgasmoak obulazioa eragiteko gaitasuna galdu duen, behinolako orgasmo-mota horri lotutako beste hainbat aldaketa fisiologiko eta fisiko mantendu dira, eta eragina dute ernaltzeko probabilitatean.

Hala, orgasmoan oxitozina hormona jariatzen da. Horrek, bikotekide sexualarekiko atxikimendu emozionala sustatzeaz gain (Levin, 2014), erditzean gertatzen den bezala, baginako eta umetokiko paretetako giharren uzkurdurak eragiten ditu. Baginako uzkurdurek, alde batetik, gizonezkoen eiakulazioa kitzikatzen dute, eta, bestetik, espermatozoideak umetoki-lepora azkarrago sartzea errazten dute, bai zuzenean (Levin, 2002) eta baita umetokiko presioa kanpoaldetik barnealdera inbertitzen dutelako (Wildt et al., 1998; Lloyd, 2005). Oxitozinaz gain, prolaktina ere jariatzen da orgasmoan, zeinak espermatozoideak umetokira sartzea errazten baitu eta, aldi berean, espermatozoideak gaitu eta aktibatzen baititu (Meston et al., 2004).

Beraz, orgasmo femeninoak, orgasmo maskulinoan gertatzen den bezala zelula sexualen jariaketa eragiten ez badu ere, kontzepzioa erraztuko duten zenbait efektu ditu, zeinak, lehen aipatutako efektu motibatzailearekin batera, fenomeno honen funtzio egokitzailea nabarmentzen baitu.

L’Origine du monde (munduaren jatorria). Arg. Gustave Courbet. Orsay Museoa, Paris.

Orgasmo femeninoa, bikotekide-aukeraketa eta atxikitzea

Gizonek eta emakumeek desberdintasun nabarmenak dituzte ugalketa-biologian, eta horrek eragin zuzena du sexu bakoitzaren ugalketa-arrakasta maximizatzeko estrategietan. Gizonek egunean milaka espermatozoide ekoizten dituzte; emakumeek, aldiz, gutxi gorabehera 28 egunean behin, obulu bakar bat sortzen dute, edo bakar batzuk. Bestalde, menopausia dela eta, emakumeen ugalkortasun-tartea gizonena baino mugatuago da, eta horri gehitu behar zaio emakumeak haurdunaldiko bederatzi hilabeteetan eta edoskitzaroan ezin direla berriz ernaldu. Ondorioz, posible litzateke gizon bat ehunka seme-alaba izatera iristea, baina hori ezinezkoa da emakumeen kasuan.

Horrenbestez, gizonen ugalketa-arrakasta mugatuko duen faktorerik garrantzitsuena sexurako irisgarritasuna izango da; emakumeen kasuan, aldiz, seme-alaben biziraupenak garrantzi handiagoa du. Horri gehitzen badiogu seme-alaben hazkuntzan emakumeen inbertsioa sarri handiagoa izaten dela (Pillswoth eta Haselton, 2006) eta haurdunaldiari eta erditzeari lotutako osasun-arriskuak ager daitezkeela, erraz uler daiteke bikotekide “txar” bat aukeratu eta horri atxikitzeak eragin larriagoak dituela emakumeen kasuan, eta, ondorioz, emakumezkoek gizonezkoek baino zorrotzagoak izan behar dutela bikotekidea aukeratzeko unean.

Orgasmo femeninoaren funtzio originala ernalketa sustatzea izan bada ere, testuinguru horretan, hainbat ebidentzia daude sostengatzen dutenak hautespen naturalak fenomeno honen bigarren mailako egokitze-prozesu bat eragin duela, eta bikotekide-aukeraketari eta bikote-atxikimenduari lotutako funtzio berriak garatu dituela (Gallup et al., 2018; Whatley eta Puts, 2015).

Hala bada, badirudi emakumeen orgasmoa bikotekide sexualen ezaugarriekin erlazionatua dagoela. Adibidez, ikusi da emakumeek orgasmo gehiago dituztela aitortzen dutela baldin eta bikotekide sexual maskulinoak simetrikoagoak (Thornhill, Gangestad, & Comer, 1995), erakargarriagoak (Puts et al., 2012; Shackelford et al., 2000), fisikoki maskulinoagoak (Puts, Dawood, & Welling, 2012) eta genetikoki uztargarriagoak direnean histokonpatibilitate konplexu nagusiaren mailan (Garver- Apgar et al., 2006). Ezaugarri horiek gizonen osasun, ugalkortasun eta orokorrean gene onekin erlazionatu izan dira. Hala ere, aipagarria da orgasmo koitalean bakarrik ikusi dela hori; penetrazio zakil-baginalik gabe lortzen den orgasmoan, bikotekidearen adierazgarri horiek ez dute eraginik. Bestalde, ondorengoen hazkuntzak inbertsio handia eskatzen duen gu bezalako espezieetan, bikotekide arraren kalitatea ez da gene onuragarrietara mugatzen, baizik eta seme-alaben zaintzan eta hazkuntzan konprometitzeko prestasun eta gaitasunaren arabera ere neur daiteke. Horri lotuta, Gallup et al. (2014)-ek aurkitu zuten ezen emakumeen orgasmoen maiztasuna eta intentsitatea era positiboan erlazionatuta zegoela bikoteen segurtasun pertsonalarekin eta familia-errentarekin. Eta beste ikerketa batzuek baieztatzen dute emakumeen orgasmoen intentsitatea zuzenki lotuta dagoela bikotekidearekin duten asebetetze eta intimitate emozionalarekin (Ellsworth eta Bailey, 2013; King et al., 2011). Era orokorrago batean, ikusi da emakumeen sexu-gogobetetzea erlazionatuta dagoela bikotekideekiko maitasunarekin eta haiek eskaintzen duten babesarekin (Gallup et al., 2014). Azken ideia horrek azaltzen du, beharbada, emakumeek zergatik lortzen duten orgasmoa errazago masturbatzean edo sexua beste emakume batzuekin dutenean.

Elkarrekin, ebidentzia horiek aditzera ematen dute emakumeentzat orgasmoa bikoteen kalitate onaren adierazle izan daitekeela. Horri orgasmoak duen errefortzu-efektua eta haurdun gelditzeko eragin erraztatzailea gehitzen badizkiogu, ikusiko dugu orgasmo femeninoa lagungarri dela kalitate hobeagoko gizonekin haurdun gelditzeko eta, ondorioz, emakumeen ugalketa-arrakasta handitzeko. Efektu hori areagotu egiten da orgasmoan jariatzen den oxitozina hormonak dituen efektu atxikitzaileen ondorioz.

Oxitozinak pertsonen arteko komunikazio positiboa, afiliazioa eta babes emozionala areagotzea eragiten du; besteak beste, amaren eta haurraren arteko harremana estutuz, baina baita bikote barrukoa ere (Gangestad eta Brege, 2017; Gallup, Towne, eta Stolz, 2018). Beraz, orgasmoak bikotekidearekiko hurbiltasun emozionala garatzen laguntzen du, zeinak, lehen ikusi dugun bezala, epe motzean, bikotekide horrekin orgasmoak izateko probabilitatea areagotzen baitu, eta, epe ertain-luzean, harreman sexualak errepikatzeko motibazioa handitzen.

Are gehiago, orgasmo femeninoaren efektu egokitzaileak ez dira sexu heterosexualera mugatzen. Zentzu horretan, gure senide ebolutibo gertuenetan, bonoboetan (Pan paniscus), ohikoak dira jokabide homosexualak emeen artean. Are gehiago, ikusi da harreman horiekin erlazionatuko orgasmoek eragiten duten oxitozina-jariaketak bikotekide sexualen arteko kooperazioa areagotzen duela (Moscovice et al., 2019), eta hori positiboki erlazionatuta dago, primateetan, emeen kasuan, seme-alaben iraupenaren ondoriozko ugaltze-arrakastarekin (Silk et al., 2009). Horrek guztiak argi egiten du, ez bakarrik orgasmo femeninoaren eboluzioari dagokionez, baita emakumezkoen homosexualitatearen eboluzioari dagokionez ere.

Azkenik, planteatu da orgasmo femeninoak “hurkoaren jokabidean eragina duen ekintza” gisa jokatzen duela (Wheatley eta Puts, 2015). Ideia horren alde, Ellswoth-ek eta Bailey-ek (2013) aurkitu zuten ezen emakumearen orgasmoaren kanpo-adierazpenaren intentsitateak (intziriak, gorputz-adierazpenak) era positiboan iragartzen dituela gizonak harremanean duen gogobetetasuna eta harremanean inbertitzeko motibazioa.

Laburbilduz, orgasmo femeninoa, orgasmo maskulinoaren azpiproduktua izatetik urrun, emakumeen ugaltze-arrakasta maximizatzera zuzendutako mekanismo eboluzionatu bat da, eta, era horretan, gure espeziearen bilakaerari forma ematen dio. Hori lortzeko, hainbat prozesu osagarri baliatzen dira; hots, gene hobeak dituzten eta seme-alabetan inbertitzeko potentziala duten bikotekideak era selektiboagoan elkartzea, ondorengotza izateko probabilitatea handitzea eta sexu-kideen kooperazioa areagotzea.

 

BIBLIOGRAFIA

Ellsworth, R. M. eta Bailey, D. H. (2013). Human female orgasm as evolved signal: A test of two hypotheses. Archives of Sexual Behavior, 42(8), 1545–1554.

https://doi.org/10.1007/s10508-013-0152-7

Gangestad, S. W. eta Grebe, N. M. (2017). Hormonal systems , human social bonding, and affiliation. Hormones and Behavior, 91, 122–135.

https://doi.org/10.1016/j.yhbeh.2016.08.005

Gallup, G., Towne, J. P. eta Stolz, J. A. (2018). An evolutionary perspective on orgasm. Evolutionary Behavioral Sciences, 12(1), 52–69. https://doi.org/10.1037/ebs0000104

Garcia, J. R., Lloyd, E. A., Wallen, K. eta Fisher, H. E. (2014). Variation in orgasm occurrence by sexual orientation in a sample of U.S. singles. The Journal of Sexual

Garver-Apgar C. E., Gangestad S. W., Thornhill R., Miller R. D. eta Olp J. J. (2006) Major histocompatibility complex alleles, sexual responsivity, and unfaithfulness in romantic couples. Psychological Science, 17(10), 830–835.

https://doi.org/10.1111/j.1467-9280.2006.01789.x

King, R., Belsky, J., Mah, K. eta Binik, Y. (2011). Are there different types of female orgasm? Archives of Sexual Behavior, 40(5), 865–875.

https://doi.org/10.1007/s10508-010-9639-7

Levin, R. J. (2002). The physiology of sexual arousal in the human female: A recreational and procreational synthesis. Archives of Sexual Behavior, 31(5), 405–411.

https://doi.org/10.1023/A:1019836007416

Levin, R. J. (2014). The pharmacology of the human female orgasm - Its biological and physiological backgrounds. Pharmacology, Biochemistry and Behavior, 121, 62–70.

https://doi.org/10.1016/j.pbb.2014.02.010

Masters, W. H. eta Johnson, V. (1966). Human sexual response. Boston: Little

Meston, C. M., Levin, R. J., Sipski, M. L., Hull, E. M., eta Heiman, J. R. (2004). Women’s orgasm. Annual Review of Sex Research, 173–257.

Moscovice, L. R., Surbeck, M., Fruth, B., Hohmann, G., Jaeggi, A. V. eta Deschner, T. (2019). The cooperative sex : Sexual interactions among female bonobos are linked to increases in oxytocin, proximity and coalitions. Hormones and Behavior, 116. https://doi.org/10.1016/j.yhbeh.2019.104581

Pavlicev, M. eta Wagner, G. (2016). The evolutionary origin of female orgasm. Journal of Experimental Zoology, 326(6), 326–337. https://doi.org/10.1002/jez.b.22690

Pillsworth, E. G. eta Haselton, M. G. (2006). Women’s sexual strategies: The evolution of long-term bonds and extrapair sex. Annual Review of Sex Research, 17, 59–100.

https://doi.org/10.1080/10532528.2006.10559837

Puts, D. A., Dawood, K. eta Welling, L. L. M. (2012a). Why women have orgasms: An evolutionary analysis. Archives of Sexual Behavior, 41(5), 1127–1143.

https://doi.org/10.1007/s10508-012-9967-x

Puts, D. A., Welling, L. L. M., Burriss, R. P. eta Dawood, K. (2012b). Men’s masculinity and attractiveness predict their female partners’ reported orgasm frequency and timing. Evolution and Human Behavior, 33(1), 1–9.

https://doi.org/10.1016/j.evolhumbehav.2011.03.003

Shackelford, T. K., Weekes-Shackelford, V. A., LeBlanc, G. J., Bleske, A. L., Euler, H. A. eta Hoier, S. (2000). Female coital orgasm and male attractiveness. Human Nature, 11, 299–306

Silk, J. B., Beehner, J. C., Bergman, T. J., Crockford, C., Engh, A. L., Moscovice, L. R., Witting, R. M., Seyfarth, R. M. eta Cheney, D. L. (2009). The benefits of socil capital: close social bonds among female baboons enhace offspring survival. PRoceedings. Biological sciences / The Royal Society. 276, 2099-3104.

Symons, D. (1980). Precis of: The evolution of human sexuality. The Behavioral and Brain Sciences, 3, 171–214.

Thornhill, R., Gangestad, S. W. eta Comer, R. (1995). Human female orgasm and mate fluctuating asymmetry. Animal Behavior, 50, 1601–1615.

https://doi.org/10.1007/978-0-387-28039-4_15

Vance, E. B. eta Wagner, N. N. (1976). Written descriptions of orgasm: A study of sex differences. Archives of Sexual Behavior, 5(1), 87–98.

https://doi.org/10.1007/BF01542242

Wheatley, J. R. eta Puts, D. A. (2015). Evolutionary science of female orgasm. In T. K. Shackelford & R. D. Hansen (Ed.), The Evolution of Sexuality, 123–148. Springer Internation Publishing. https://doi.org/10.1007/978-3-319-09384-0

Wildt, L., Kissler, S., Licht, P. eta Becker,W. (1998). Sperm transport in the human female genital tract and its modulation by oxytocin as assessed by hysterosalpingoscintigraphy, hysterotonography, electrohysterography and Doppler sonography. Human Reproduction Update, 4, 655–666.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila