Duela hamahiru urte hasi ziren transgenikoak erabiltzen nekazaritzan, eta, ordutik, etengabe hedatu dira. Gainera, barietate berriak sortzeko ikertzen jarraitzen dute ikertzaile askok. Baina hedatze horrek ekarri dituen edo ekar ditzakeen ondorioek kezka sorrarazten diote beste askori. Hala, batzuek garbi dute: ez dute transgenikorik nahi.
Transgenikoen matazak hari asko ditu: nekazaritzarekin zerikusia dutenak, politikarekin, ekonomiarekin, gizartearekin, zientzia-ikerketekin... Eta, gainera, nahiko nahasiak daude. Mataza askatu nahian, hariei tiraka jarri ditugu Leire Escajedo zuzenbide-irakaslea eta Jose Ram n Maule n soziologoa. Poliki-poliki, luze eta pazientzia handiz, aritu dira biak ere.
Nekazaritza jaio zenetik, helburu handienetako bat hazi gero eta hobeak lortzea izan da. Ildo horretan, eraldaketa genetikoak egiteko teknologiak aldaketa handia ekarri du. Horri esker, lehen erabiltzen ziren teknikekin baino kontrol eta zehaztasun handiagoz lor daitezke nahi diren ezaugarriak dituzten haziak.
Askok ez dute inolako zalantzarik: landare transgenikoek onura asko ekar ditzakete. Beste batzuek, hala ere, uko egiten diete transgenikoei, eta arrazoi sendoak dituzte horretarako. Horietako bat da Jon Harluxet, nekazaritza ekologikoa egiten duen duzunariztarra (Nafarroa Beherea).
Landatutako azalera eta lortutako barietateak kontuan hartuta, ukaezina da transgenikoekarrakasta izan dutela. Urtetik urtera, gero eta azalera handiagoa hartzen dute, gero eta herrialde gehiagotan. Eta gero eta barietate gehiago ari dira lortzen, gero eta espezie …