Gizakiaren amets zahar bat errealitate bihurtzen ari da: hainbat lan neketsu eta errepikakor makinek egiten dituzte automatikoki, gizakiaren beharrik gabe. Baina zailtasun handiak daude bidean; lan horietako batzuek pertsonekin hitz egitea eskatzen dute, eta, beraz, solasean arituko diren makinak diseinatu behar dira. Baina nola egiten dira makina horiek? Azken batean, nola irakasten zaio makina bati hitz egiten? Hizkuntzalari, ingeniari eta informatikari asko ari dira galdera horren erantzunaren bila.
Faustok esan zuen: "Nekez aurkituko duzu gatza egongelan".JJ8 robot sukaldaria hamar segundoz egon zen isilik, baina ez zen sukaldera itzuli. "Ahalegin berezia egingo dut" erantzun zuen.
Makinei hizkuntzak irakasteko saiakerak hasi zirenetik, hurbiltze intuitiboak eta sinplifikatzaileak erabili izan dira. Hizkuntzalarien ezagutza linguistikoak makinek ulertzeko moduko egituretara pasatzen ziren informatikarien laguntzarekin, eta egitura horien bidez tratatzen zen hizkuntza. Azken urteetan, baina, gero eta gehiago erabiltzen dira corpus handietan eta metodo estatistiko hutsetan oinarritutako teknikak.
Hizkuntzaren prozesamenduan dauden joerez eta euskarak beste hizkuntzekin alderatuta dituen berezitasunez hitz egiteko elkartu ditugu aditu batzuk. EHUko IXA taldeko Kepa Sarasola, I aki Alegria eta Eneko Agirre informatikariekin izan gara. Hain zuzen ere, IXA taldeak aurtengo hizkuntzaren prozesamenduari buruzko SEPLN kongresua antolatu du Donostian, eta gai horretako aditu asko bildu ditu.
Laurogeiko hamarkadan ume izan ginenok Kitt bezalako auto batekin ametsetan hazi ginen; baina, hogei urte geroago, telefono-konpainietako erantzungailu automatiko adimendunek egunero gogorarazten digute zein urrun dagoen gure txisteak ere ulertuko dituzten robotekin hizketan arituko garen …