Gizakion hizkuntza ≠ roboten hizkuntza

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Laurogeiko hamarkadan ume izan ginenok Kitt bezalako auto batekin ametsetan hazi ginen; baina, hogei urte geroago, telefono-konpainietako erantzungailu automatiko adimendunek egunero gogorarazten digute zein urrun dagoen gure txisteak ere ulertuko dituzten robotekin hizketan arituko garen eguna. Izan ere, makinaren logikara makurtzea eskatzen du, oraindik ere, robot batekin hitz egiteak.

Makina batekin hitz egiten saiatu garen guztiok azkar samar konturatu gara makinaren hizkuntza eta gurea ez direla berdinak. Hasieran liluratu egiten gaitu gu ulertzeko gai dela ikusteak, eta, izan, lorpen handia da makina batekin hitz egiteko gai izatea, lan konplexu asko egin behar baitira makina bati gaitasun hori emateko. Hitzak eta hitz-multzoak zein diren bereizi behar ditu robotak; aurkitu, hitzok izan ditzaketen adiera guztietatik, zein den kasu bakoitzean hizlariak erabili duena; erantzun egoki bat asmatu, eta esan. Hori gure garunak, ikasi, eta berez egiten du, eta, hain gaude ohituta, ahaztu egiten baitzaigu zein konplexua den benetan. Makina bati hori irakatsi nahian diharduten informatikariek eta hizkuntzalariek bakarrik dakite pauso horietako bakoitzak zer tresna eta prozesu eskatzen dituen. Zer esanik ez, hitzekin batera, ironia, umorea edo sarkasmoa ere harrapatu behar baditu robotak!

Koska hor dago, ordea. Bai, behintzat, robotarekin lagunarekin bezala hitz egin nahi badugu. Eta, batez ere, robot hiztunek orain arte pertsonek egiten zituzten lanetako batzuk ordezkatuko badituzte. Hain zuzen ere, hortxe amaitzen da, askotan, robot hiztunekiko lilura, eta hasten dira frustrazioa eta mesfidantza. Makinei hitza ematea zein zaila den aintzat hartuta ere, egungo robotak ez dira hiztun osoak, eta halakotzat jo beharko lirateke arlo guztietan. Telefonoaren bestaldean makina hiztunak izatekotan, Kitt nahi dut, eta, bestela, pertsona bat.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.