Metal astunak ospe txarreko elementuak dira. Izan ere, arriskuarekin lotzen ditugu; arriskua osasunerako, eta arriskua ingurumenerako. Horregatik, gero eta baztertuago daude gure gizartean, nahiz eta historian zehar aplikazio ugari eta garrantzitsuak izan dituzten. Zenbaki berezi honetan, metal astunei buruz arituko gara, ezagunenei buruz (merkurioa, beruna eta kadmioa) eta metal astunekin identifikatzen ez ditugun beste askori buruz ere bai. Zer erabilera dituzten azaltzeaz gain, nola sortzen diren, Lurrean non topatzen ditugun, ingurumenean eta bizidunetan nolako eragina duten (eta zer funtzio dituzten)... kontatuko dugu. Eta, hasteko, lerro hauetan gutxietan dagoeneko hirutan erabilitako metal astun kontzeptua bera zalantzan jarriko dugu.
Metal astunak talde gisa ezagutzen ditugu, eta, zer diren galdetuz gero, bizidunei eta ingurumenari kalte egiten dieten metalak direla esango genuke gehienok. Zerrenda bat egiten hasita ere, asmatuko genuke batzuk aipatzen. Horietako bakoitzak, ordea, berezko ezaugarriak ditu. Zenbateraino da zuzena, beraz, guztiak zaku berean sartzea?
Garik Israelian astrofisikari armeniar bat da. Mundu osoan ibili da ikerketa-zentro batetik bestera, eta, gaur egun, Kanarietako Institutu Astronomikoan egiten du lan. Umetako oroitzapenetik hasita, astronomiarekin izan duen harremanaz hitz egin digu. Eta, izarren bidez, metal astunen sorrera ezagutzera eraman gaitu, hori baita oraingoz Garik Israelianen azken ikerketa-gaia.
Espaziotik ez da ikusten, baina Lurrak geruza bat baino gehiago ditu. Eta, geruza horietan, metal astunak ez daude beti berdin banatuta: nukleoan nagusi dira, baina lurrazalean oso gutxi azaltzen dira, beste elementu kimiko batzuekin alderatuz gero. Hala ere, gutxi izan arren, garrantzitsuak dira, eta, gainera, gizakiak ustiatzeko moduko proportzioetan daude.
Metal astunen definizio askotan aipatzen dute toxikoak direla eta uraren, airearen eta lurzoruaren poluitzaile potentzialak direla, baita kontzentrazio txikian ere. Dena dela, batzuetan bizidunentzat arriskutsuak izanagatik, denei ez die berdin eragiten, eta, hain juxtu, zenbait bizidunek metal astunekiko duten tolerantzia beste bizidun batzuen mesedetan erabil daiteke.
Lurrazalean hainbat elementu kimiko erabilgarri daude, eta, horien artean, metal eta metal astun ugari. Egun ezagutzen ditugun elementu kimikoetatik, gutxi gorabehera % 75 metalak dira. Gainera, guztiak ezinbestekoak izan dira zibilizazioaren garapenean.
Kondairak dio Abd ar Rahman III.a kalifaren patioko iturrian, uraren ordez, likido astun eta dirdiratsu bat ateratzen zela, metal bat; merkurioa, hain zuzen ere. Luxu gorenaren erakusgaia zen iturri hura, gehiegikeria hutsa. Baina merkurioak sortu izan duen liluraren sinbolo gisa har liteke. Gaur egun beste muturrera joan gara, eta lilura baino gehiago ikara eragiten digu merkurioak, baita tanta txikienak ere. Ikara hori bidezkoa den esaten zaila da, ordea. Neurrigabea da, agian.
Badira Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa; berunak, berriz, ez dauka arorik. Hala ere, metal garrantzitsua izan da gizateriaren historian. Aurkitzeko, erauzteko eta lantzeko erraza izanik, duela 7.000 urte hasi ziren erabiltzen, eta gaur egun arte aplikazio asko aurkitu dizkiote. Baina beste zerbait ere aurkitu diote: arriskutsua da. Zenbait aplikaziotarako, ordea, ez da erraza ordezko egokia topatzea.
Merkurioa, beruna eta beste metal astun asko bezalaxe, kadmioa ere kontu handirik gabe erabili izan da historian zehar, eta elementu kutsatzailea izan da orain arte. Dena den, kontu gehiagorekin ibiliz gero, kutsatu gabe erabiltzea ere posible da. Are gehiago; ondo erabiliz gero, kalterik ez eragiteaz gain, ingurumenaren alde ere egin dezake kadmioak.