Orain dela hogeita bost urte asmatu ziren hiesaren kontrako lehenengo tratamenduak, botika antirretrobiralak. Denbora-tarte horretan, antirretrobiralek beren bidea egin dute, eta asko egin dute aurrera. Bien bitartean, zientzialariek ez dute etsi, eta lehenengo hieskasuak agertu zirenetik lortu nahi izan duten txertoa sortzeko ahaleginetan jarraitzen dute. Euskal Herrian badaude eboluzio horren guztiaren lekukoak, terapia antirretrobiralak nola hobetu diren ikusi eta bizi izan dutenetatik hasi, eta hiesaren kontrako beste bide batzuk jorratzen dituztenetaraino.
Hogeita bost urte bete dira aurten hiesaren kontrako lehenengo botikak garatu zirenetik. Gaixotasunaren larritasunak eta gizartearen presioak hasieratik eragin zuten ikerketek azkarrago egitea aurrera. Izan ere, klinikoki diagnostikatutako lehenengo hies-kasua agertu eta lau urtera atera ziren lehen botika haiek. Hamar urteren buruan, goitik behera aldatu zen gaixotasunaren larritasuna.
Joseba Errekaldek (Oiartzun, 1963) gertutik ezagutzen ditu botika antirretrobiralak. Urte ugari pasa dira GIB birusaren eramaile dela jakin zuenetik, eta, beste hainbat, hiesa garatu zuenetik. Lasai asko eman digu bere ibilbidearen berri. Bi gaixo-profil ezagutu nahian, azken urteotan kutsatutako norbaiten testigantza jasotzen ere saiatu gara. Ez dugu, ordea, emaitza bera lortu. Errekaldek dioen bezala, erraza da ulertzen, gaitzaren larritasunaz harago, kontuak egun ere "izugarrizko estigma" izaten jarraitzen baitu. Anonimotasunaren aldeko hautua egiten dute gehienek.
Aurten, hogeita bost urte dira GIB birusaren kontrako botika antirretrobiralak sortu zirela. Ospatzeko moduko efemeridea da. Izan ere, orduan uste zenaren kontra, inflexio-puntu erabakigarria izan ziren gaitzaren bilakaeran eta birusarekin kutsatutakoen bizi-itxaropenean. Lehenengo tratamendu eraginkorra …