Xafla iragazgaitza: bike berria

Goikoetxeaundia Garmendia, Goretti

Kimikan lizentziatua

"Egizu zeuretzat ontzi bat erretxina-egurrez. Antolatu gelak barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik." Hasiera, 6, 14. Bibliak dioenez, bikeari esker salbatu ziren Noe, haren familia eta lehorreko animaliak, Jainkoak bidalitako uholdetik. Jainkoak berak esan zion nola jokatu: ontzi bat egin erretxina-egurrez, gelak antolatu barruan, eta ontzia bikez estali barrutik eta kanpotik. Eta "sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere emazteekin. Animalia mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko duzu, zurekin batera bizirik iraun dezaten". Eta Jainkoak berak itxi omen zuen ontziko atea. Eta, zeruko iturri guztiak irekita, berrogei egun eta berrogei gau iraun zuen euri-jasak. Eta halakoa izan zen uholdea, bizidun guztiak hil omen ziren, Noeren ontzikoak izan ezik. Gaur, alde guztietatik datozkigu hondamen-mehatxuak, baina isilik omen dago Jainkoa. Gu, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearen laborategietan ari gara ikerketan, bike berria sortu eta xafla iragazgaitzak hobetu nahian. Ez dugu mundua salbatuko, baina nork daki...
Xafla iragazgaitza: bike berria
2007/04/01 | Goikoetxeaundia Garmendia, Goretti | Kimikan lizentziatua

Xafla iragazgaitza biribilduta gordetzen da biltegian.
A. Mateos
"Hasieran bikea zen. Eta hainbat zereginetan erabiltzen zuen gizonak gai itsaskor hura. Eta mota askotako bikeak zeuden. Eta..."

Horrela has dezakegu geure historia hau. Eta bike mota ezberdinak bereizten jarraitu beharko genuke. Eta, gauzak gehiago zehaztuz, mota jakin bat aipatzen: asfalto-betun naturala. Eta hori nolakoa den ere zehaztu beharko genuke ondoren. Material erdisolido/erdilikidoa dela, kolorez marroi iluna edo beltza, itsaskorra eta iragazgaitza; eta petroliotik edo asfalto naturaletik datorrela.

Izan ere, antzinatik da ezaguna asfalto-betun naturala, hondakin arkeologikoek erakusten dutenez. Kristo jaio baino 3.000 urte lehenago ere erabiltzen zuen Mesopotamiako eta Indo ibaiaren inguruko gizakiak eraikuntzan, zirrikituak bete eta materiala lotzeko. Egipton, hilotzak baltsamatzeko erabiltzen zuen; Sumerren, itsasontziak bikeztatu edo istikatzeko.

Bibliak ez du zehazten nolako bikea erabili zuen Noek ontzia egiteko; baina, Hasiera liburua idatzi zenerako, ezaguna zuten juduek asfalto-betuna. Moisesen amak, izan ere, haurra "luzaroago gordeta eduki ezinik, zumitzezko saski bat hartu eta, zirrikituak galipotez eta bikez estalirik, haurra bertan sartu zuen" (Irteera, 2, 3).

Lau xafla, akabera ezberdinetakoak.
I. Martinez

Gizakiak, gaurdaino, mendez mende erabili du betun naturala bai eraikuntzan, bai beste zenbait egitekotan, gero eta trebezia handiagoz eta aurrerapenak baliatuz.

Eta gizakiak asfalto-oihala sortu zuen

Gizakia, petrolio-industria garatu eta petrolio gordina distilatu ahalean, asfalto-betun ugari eskuratzen hasi zen, asfalto-betuna baita petrolioa distilatu ondoren lortzen den gaia.

Asfalto-betun hori ondo etorri zitzaion xafla iragazgaitzak hobetzeko. Izan ere, xafla horiek sortuak zituen XVIII. mendean, harrikatz-galipota eta hondar xehea nahasiz. Eta, hain zuzen, asfalto-betunez ordezkatu zuen harrikatz-galipota.

XX. mendearen hasieran, berriz, asfalto-oihala hedatzen hasi zen: ehun naturala asfalto-betunetan inpregnatua. Mende-erdialdean, ehun sintetikoekin --polimeroak jatorriz; poliesterrak, esaterako-- ordezkatu zituen ehun naturalak.

Xafla iragazgaitzak asko erabiltzen dira azpiegiturak eraikitzean, esaterako, etxeetan edo tuneletan.
I. Azpiazu; Artxibokoa
Baina xafla horiek ez ziren kalitate onekoak. Erresistentzia txikia zuten bai tenperatura-aldaketei, bai zahartzeari aurre egiteko.

Horregatik, 70eko hamarkadatik aurrera, beste urrats bat egin zuen gizakiak. Orduz geroztik, polimeroz eraldatutako asfalto-betunetan blaitzen du ehun sintetikoa, eraldatze horrek hobetu egiten baititu asfalto-betunaren propietate mekanikoak edo biskoelastikoak.

Azken xafla horiek hiru geruza izaten dituzte normalean, ondoko irudian ikus daitekeenez. Ehun sintetikoa --poliesterra-edo-- da erdiko geruza, eta euskarri-funtzioa betetzen du; erresistentzia dimentsionala ematen dio xaflari. Polimeroz eraldatutako asfalto-betunak dira beste biak, eta erdikoa blaitzen dute. Sandwich baten antzeko egitura du xaflak.

Gaur, nonahi ditugu xafla iragazgaitzak

Gaur, etxebizitzaz inguratuta bizi gara. Eta nonahi ditugu igerilekuak, teniseko pistak, atletismokoak, tunelak, urtegi artifizialak, eta baita zelai artifizialak ere. Eta ezkutuko material bera erabiltzen da horien eraikuntzan: xafla iragazgaitza.

Gorriz: euskarri polimerikoa. Beltzez: asfalto-betuna polimeroz eraldatuta.
O. Gonzalez

Xafla horiek, esan bezala, asfalto-betunez eta polimeroz eginak daude, polimeroa eransten baitzaie, propietate mekaniko edo biskoelastikoak hobetzeko. Baina asfalto-betun mota guztiek ez dute balio xafla iragazgaitzak fabrikatzeko, ez eta polimero guztiek ere asfalto-betunarekin nahasteko.

Hala, asfalto-betun gogorra erabiltzen da errepideetan, etengabeko tenperatura-aldaketak eta pisu handiko ibilgailuak jasateko gai izan dadin. Xafla iragazgaitzak egiteko, berriz, bigunagoa erabiltzen da; horretarako, polimero-kantitate handiagoa gehitzen zaio eraldatze-prozesuan. Xafla horien fabrikazioan asfalto-betun gogorra erabiliz gero, gehiegizko biskositatea izango luke nahasturak, eta nekez blaitu ahal izango luke euskarri polimerikoa.

Polimeroek, berriz, bateragarriak izan behar dute asfalto-betunarekin, biak erabat nahas daitezen; eta, gainera, asfalto-betunarekin nahastean degradaezinak.

Bi motatako polimeroak daude: erabili gabeak eta birziklatuak. Asfalto-betunaren propietate mekanikoak hobetzeko, polimero erabili gabeak baliatzen dira gehien: besteak beste, polipropilenoa, SBS kopolimeroa (estirenoa-butadienoa-estirenoa) eta polietilenoa. Errepideetako zolatze-lanetan, ordea, plastiko birziklatua ere erabil daitekeela ikusi dute, negutegietako plastikoa baliatuz.

Eta, hain zuzen, testuinguru horretan kokatzen da gure ikerketa-lana. Ikertzen eta probatzen ari gara ez ote daitekeen negutegietako plastikoa baliatu xafla iragazgaitzak egiteko. Hori lortuko bagenu, konponbide egokia aurkituko genioke arazo handi bati.

Plastikozko hondakinen arazoa

Polimero birziklatua. Nahasgailu mekanikoa. Asfalto-betuna.
G. Goikoetxeaundia
Plastikozko hondakin asko sortzen dugu gaur. Esaterako, 2,9 milioi tona hondakin bildu zen Espainian 1999. urtean, eta 3,1 milioi tonara iritsi zen kopuru hori 2000.ean. Eta horietatik 51.000 tona nekazaritzan erabilitako plastikoek sortuak dira.

Izan ere, gero eta erabilera handiagoa dute negutegietako plastikoek, Andaluzian bereziki; halako mikroklima egokia sortzen dute, frutak nahiz barazkiak ekoizteko. Baina zer egin plastiko horiekin, erabili eta hondatzen direnean?

Nekazaritzarako balio ez dutenean, hiru tratamendu aplika dakizkieke hondakinei: errausketa, hondakinen isurketa kontrolatua edo birziklapena. Lehenengo biek arazo ekologikoak sortzen dituzte; birziklapena, berriz, prozesu garestia da. Hasteko, negutegietako plastikoak bildu behar dira; gero, xehatu; ondoren, garbitu; eta, azkenik, makina berezietan landu, dilisten tamainako aleak lortzeko.

Negutegietako plastikoa berrerabili edo birziklatzeko, ondo garbitu behar da, eta horrek garestitu egiten du prozesua.
MEC
Horrela eskuratutako plastiko birziklatuak, gainera, erabilera murritza du. Zabor-poltsak eta hodiak egiteko soilik erabiltzen da. Izan ere, ezin da erabili ez janariekin --garbitasun-arazoak eta legea tarteko--, ez negutegietako plastiko berriak egiteko --hasierako propietate mekanikoak galtzen dituzte-eta erabileran eta birziklapenean--.

Gainera, Espainiako hegoaldeko ur eskasiak garestitu egiten du birziklatze hori, oso ondo garbitu behar baitira plastiko-hondakinak, berrerabili ahal izateko.

Gure ikerketa EHUn

Hain zuzen, arazo hori konpondu nahian ari gara ikertzen. Probatu eta frogatu nahi dugu ea plastiko birziklatu hori erabil daitekeen asfalto-betunak tenperatura-aldaketei aurre egiteko duen gaitasuna hobetzeko. Bide batez, plastiko birziklatuaren erabilera areagotu nahi dugu. Horrela, arestian aipatutako produktuak (zabor-poltsak nahiz hodiak) fabrikatzeko beharrezkoa den garbiketa saihestuko genuke; izan ere, lurrak eta hautsak ez diete eragiten gure nahastura horren kalitateari.

Konposizio kimiko ezberdina dute nekazaritzan erabiltzen diren plastikoek. Guk eskuratzen dugunak --belar txarren hazkuntza saihesteko erabilitako plastiko birziklatuak-- EVA eta PE ditu osagai polimeriko (EVA: etilenoa-binil azetatoa kopolimeroa; PE: polietilenoa). Konposizio kimikoaz, polimero erabili gabeen antzekoa da, nahiz eta kolorez beltza izan --erabili gabeak gardenak dira--. Gureak kolore beltza du, kedarra gehitzen zaiolako, opaku bihurtu eta eguzki-izpiek plastikoa zeharka ez dezaten. Hain zuzen, material birziklatua eta asfalto-betuna nahasita ari gara ikerketan.

Asfalto-betunaren eta polimero birziklatuaren nahastura, mikroskopio optikoz ikusita. Zuriz: osagai polimerikoa; beltzez: asfalto-betuna.
G. Goikoetxeaundia
Nahasketa mekanikoki egiten dugu, helize baten bidez, tenperatura altuan; bi materialak urtuta daudela, alegia. Horrela lortzen ditugu geure xafla iragazgaitzak.

Ezinbestekoa da bi osagaien arteko nahaste egokia; gainera, egonkorra izan behar du, asfalto-betuna eta polimeroa erabat nahastuta gera daitezen. Nahaste horiek mikroskopio optikoarekin aztertuz gero, ikusiko dugu hiru dimentsioko sarea osatzen dutela polimero-osagaiek.

Horrela lortutako asfalto-betunak hobeto aurre egiten die tenperatura-aldaketei. Eta, nahastura komertzialekin parekatuz, ikusi dugu antzeko tasunak dituela guk laborategian lortutakoak: antzeko biskositatea, antzeko malgutasuna eta antzeko propietate itsaskorrak. Bestalde, egun indarrean dagoen araudia ere betetzen du.

Aurrera begira

Hori dela eta, aurreikusten dugu guk fabrikatutako xaflak, batetik, tenperatura baxuetan elastikoagoak izango direla eta langileei ez zaizkiela pitzatuko iragazgaiztu nahi den zoruaren gainean jartzean. Bestetik, uste dugu tenperatura altuetan ere trinkoagoak izango direla eta ez direla hain erraz deformatuko; eta, beraz, langileek lasai zapaldu ahal izango dituztela, lanean ari diren bitartean. Azkenik, pentsatzen dugu behar den malgutasuna izango dutela ohiko tenperaturan, bobinetan bildu ahal izateko.

Negutegiak Almerian, espaziotik ikusita. Urtero, milaka tona hondakin plastiko sortzen dira inguru hartan.
ISS008-E-14686/NASA

Xaflaren azken geruzari, bestalde, akabera bat edo beste emango zaio, iragazgaiztuko den zoruari eman nahi zaion estetikaren arabera. Gero, sopletearen laguntzaz jarriko dira, propietate itsaskorra izaten baitute berotzean. Eta egoki finkatuta geratuko dira lurzoruaren gainean. Lurzoruak lehorra egon beharko du, iragazgaitza izanik xafla, ez baita urarekin bateragarria. Eta urik balego, xafla ez litzateke ondo itsatsiko, eta harrapatuta geratutako ura ere atera ezinik geratuko litzateke.

Beraz, gure ikerketak frogatzen duenez, negutegietako plastiko birziklatuek propietate fisiko eta mekaniko egokiak dituzte, xafla iragazgaitzetarako erabiltzen den asfalto-betuna hobetzeko. Oraindik xafla bera egitea eta probatzea falta zaigu. Baina, itxura guztien arabera, ondo bideratuta goaz. Eta ospakizunak ere prestatzen ari gara, Noeren zukua bizigarri.

BIBLIOGRAFIA
González, O.
Aspectos reológicos de betunes asfálticos modificados con polietilenos convencionales, metalocénicos y reciclados.
San Sebastián: UPV / EHU, Departamento de Ciencia y Tecnología de Polímeros. Facultad de Ciencias Químicas. Tesis Doctoral. 2005
------
Rodríguez de Sancho, I.
Nuevos materiales betún-polímero para la impermeabilización.
Madrid: Centro de Estudios y Experimentación de Obras Públicas. Laboratorio Central de Estructuras y Materiales. Tesis Doctoral. 1993.
------
Usmani, A. M.
"Polymer Modification of Asphalt: Chemistry and Technology", in Polymer News, 21: 262-267 (1996).
Goikoetxeaundia Garmendia, Goretti
3
230
2007
4
042
Sariak; Kimika; Materialak; Ingurumena; Birziklatzea
Dosierra
27
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila