Ubideetako heriotzak. Energia 'berdearen' ondorio beltza

Energia hidroelektrikoak garbia izatearen ospea du, ez baitu erregai fosilik erabiltzen edo atmosferara kerik botatzen. Gainera, lanpostu batzuk sortzen ditu, eta baita gero eta beharrezkoagoa bihurtu den elektrizitatea ere. Dena dela, energia-iturri horrek aski ezagunak diren hainbat arazo ere sortzen ditu, hala nola erreketako ur-emaria gutxitzea, erreken fluxu naturala eta ekosistema erabat aldatzea, itsasora materia organiko gutxiago joaten uztea eta arrainen migrazioak oztopatzea, besteak beste. Badira, ordea, hain ezagunak ez diren bestelako ondorioak ere, eta horietako bat zentral hidroelektrikoetara ura eramaten duten ubideetan animaliak itotzea da. Euskal Herrian zentral hidroelektriko ugari dago, eta ura daramaten ehunka kilometro ubide ditugu. Artikulu honetan, ubideetako hilkortasuna aztertzeaz gain, arazoa konpontzeko irtenbideak proposatuko dira.
Ubideetako heriotzak. Energia 'berdearen' ondorio beltza
2007/04/01 | Elosegi Irurtia, Migel Mari | Biologoa

(Argazkia: M.M. Elosegi)
Ubideetan animaliak itotzen direla sobera ezaguna da zentral hidroelektrikoak dauden inguruko biztanleentzat. Ehiztariek, mendizaleek eta batez ere artzainek sobera dakite argi ibili behar dela estali gabeko ubideen inguruan, haiek edo animaliak uretara erortzea ez baita zaila. Behin erorita, ordea, ubidetik ateratzea ia ezinezkoa gertatzen da askorentzat.

Ezer baino lehen, argindarra sortzeko sistema hori nolakoa den azaltzea komeni da. Energia hidroelektrikoa goitik behera jaistean urak duen energia zinetiko eta potentzialaren bidez sortzen da. Horretarako, errekan edo ibaian presa bat egiten da, eta, ubideetan barrena, ura desbideratzen da aldapa oso txikian, argindarra sortuko duen zentraleraino eramateko. Zentralaren gainaldera iritsitakoan, ubideak daraman ura hodi batean sartu eta behera jaitsarazten da ziztu batean, turbina mugiaraz dezan. Turbina horrek energia elektrikoa sortzen duten alternadoreak higiarazten ditu.

Ura garraiatzeko ubideak luzeak izan ohi dira, eta gehienetan ez dira estalita egoten. Horregatik, alde batetik bestera mugitu nahi duten pertsona eta animalientzat hesi-efektua sortzen dute. Hegaztiek ez dute normalean arazo handirik izaten alde batetik bestera pasatzeko, baina ugaztunen, narrastien edo anfibioen kasua erabat desberdina da. Ubidea zeharkatu nahi duten batzuk uretara sartzen dira edo jauzi egiten dute, baina ondoren ezin izaten dute atera, ubideko horma bertikala eta altuegia baita.

Goian, Ezkurrako Zumarrestako ubideko bi irudi. Zapelatzak uretara eroritako saguen atzetik sartzen dira ubidera. Anfibioentzat, berriz, tranpa latzak dira ubideak. Argazkiko arrabioak sartu dira, baina ez dute ateratzerik.
M.M. Elosegi

Hilkortasuna, zenbatekoa?

Aldez aurretik aski ezaguna zen tarteka animalia batzuk itotzen zirela, baina beharrezkoa zen jakitea arazoa zenbaterainokoa den. Horretarako, ahalik eta maizen ubideak begiratuko zituen lagun-taldetxo bat antolatu genuen, eta horietan itota aurkitutakoa kontrolatu genuen. Halaxe egin dugu bost urtez zentral eta ubide ugari dagoen Nafarroaren iparraldeko inguru batean, Urumea eta Leitzaran ibaien goiko arroan, eta bildutako datuek erakutsi digute arazoa kezkatzeko modukoa dela. Ubide batzuek ez dute arazo larririk sortzen, baina beste batzuek bai.

Hasteko, ubidera denetik erortzen dela baieztatu ahal izan genuen: anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak eta ornogabeak. Arrainak ere maiz sartzen dira ubidean, eta gero ez dute irteterik izaten, baina ubidea husten ez den bitartean, normalean, bizirik irauten dute. Istripu gutxi gertatu badira ere (eta hala hobe, noski), pertsonentzat ere arriskutsuak izan daitezke azpiegitura horiek.

Ubideak hesi-efektua sortzen du animalientzat, eta asko dira erori eta itotzen direnak. Argazkian, hiru orkatz itota, Ugazko ubidean, Ezkurran.
M.M. Elosegi
Jarraipena bost zentrali lotutako ubideetako datuak bilduz egin bazen ere, Urumearen goiko arroan, Ezkurran, dauden hiru ubide (animalientzat arriskutsuenak direnak, hain zuzen ere) gertuxeagotik aztertu genituen. Horiek astean behin begiratzen genituen, horietan gertatzen zena zehatzago ezagutzeko. Hiru horietako bat Ugazko ubidea zen, Bederango errekari ura kentzen diona, estua eta motz samarra, 2,7 km ingurukoa. Besteak, berriz, Zumarrestako zentralera ura daramaten Asura eta Ollingo ubideak ziren, guztira 8,35 km luze zirenak. Luzera, zabalera eta habitat desberdinetako ubideak konparatzea lagungarri suertatu zen oso, arazoa ulertzeko.

Bildutako datuak harrigarriak izan ziren. Bost urte haietan, ubide guztiak batuta, 1.505 ornodun aurkitu genituen itota: 216 ardi (eta arkume), 3 behor, 6 txerri, 58 orkatz, 29 zapelatz, 871 mikrougaztun (saguak eta satorrak, batik bat) eta abar luze bat. 2002-2006 urteetan, Zumarrestako bi ubideetan, batez beste 49 ardi ito ziren urtero, eta Ugazko bietan, aldiz, urtero 4. Espero zitekeen bezala, ubide luzeek eta zabalek hilkortasun handiagoa dute txikiek baino. Estalita daudenek, berriz, ez dute heriotzarik sortzen, estalitako zatietan behintzat.

Zer egin daiteke heriotzok gutxitzeko?

Ezkurra, Zumarrestako irudiak. Lehenengoan, itotako ardi bat. Bigarrenean, apotxoak, ubidetik irten nahian, eta azkenekoan, sai arrea, hildako ardia jatera jaitsi ondoren itoa.
M.M. Elosegi

Hilabete gutxitan arazoaren larritasunaz jabetu ondoren, konponbideetan pentsatzeari ekin genion. Laster ikusi genituen heriotzak gutxitzeko aukera mordoxka zegoela, eta, horien arabera, ondorio desberdinak lortuko zirela. Zalantzarik gabe, animaliarik ez hiltzeko aukera eraginkorrena presa eta ubidea desegin eta erreka berez zen bezalakoa uztea da. Ekologiaren aldetik aukera egokiena da hori, baina gure gizarteak gaur egun duen lanpostuen eta argindarraren beharren aurrean arrunt zaila. Baina jarduera hori eten gabe ere badaude bestelako irtenbide batzuk. Gainera, irtenbide horiek baliagarriak izan daitezke beste zeregin batzuetarako erabiltzen diren ubideetarako ere, ez baita zentral hidroelektrikoena ubideak eraikitzen dituen jarduera bakarra.

Bibliografian, ureztatzeko ubideetako faunaren hilkortasunari buruzko datuak aurki daitezke. Extremaduran dagoen Dehesas inguruko ubidean, adibidez, espezie guztietako ornodunak hiltzen zirela baieztatu zuten Ornodunak Kontserbatzeko Elkarteko kideek, baina, horien ustez, azpiegitura hura anfibio eta narrastientzat zen bereziki hilgarria. Era berean, 2005ean ikusi zuten Itoizko urtegitik Erribera ureztatzeko eraikitzen ari diren Nafarroako Ubidean animalia franko erortzen zela, eta tartean basurde mordoa. Ubidetik atera nahian apatxak urratuta odoletan zeuden basurdeen irudiak eta haiek uretatik ateratzen zituzten ehiztarienak komunikabide askotan azaldu ziren. Bistakoa da ureztatzeko erabiltzen diren estali gabeko ubideetan ere animaliak erortzen direla, eta horietatik ateratzeko komeria latzak ibiltzen dituztela. Hortaz, hauexek izan daitezke mota guztietako ubideetan faunaren hilkortasuna gutxitzeko irtenbideak:

1. Ubidea estaltzea

Zentral hidroelektrikoetako ubideetan ez ezik, ureztatzeko ubideetan ere itotzen dira animaliak. Dena dela, hilkortasuna gutxitzeko proposatzen diren irtenbideak ubide guztietarako izan daitezke baliagarri. Argazkian, Ezkurran itotako arkume bat.
M.M. Elosegi
Estalita eta estali gabe dauden ubideen arteko konparaketak argi erakusten du estalitako ubideetan askoz animalia gutxiago akabatzen dela irekita daudenetan baino. Azalpena hagitz erraza da: ubidea estaltzeak animaliak gainetik arazorik gabe pasatzeko aukera ematen du. Ubide osoa estaltzea garestia izan badaiteke ere, zati batzuetan egitea hilkortasuna gutxitzeko lehen urrats egokia da.

2. Pasabideak egitea

Nafarroaren iparraldeko zentral hidroelektrikoen inguruan aztertu ditugun ubide guztiek badituzte alde batetik bestera gurutzatzeko zubiak edo nolabaiteko pasabide batzuk. Asko, ordea, desegokiak dira (neurri txikiegia edo okerreko kokapena izateagatik), edo ez daude behar bezala zainduta. Harrigarria bada ere, pasabide asko hesi eta alanbrez itxita daude, eta, horregatik, animaliek beste aukera batzuk bilatu behar dituzte ubidea pasatzeko, eta erraz erortzen dira uretara.

Animaliek, ordea, ikasi egiten dute ongi eginda dauden pasabideetatik ubidea gurutzatzen. Elurte-garaietako hanka-arrastoen jarraipenak argi erakusten du animaliek ederki ikasten dutela pasabide egokiak non dauden eta erabili egiten dituztela. Alegia, leku egokietan pasabide txukun batzuk eginez gero, hilkortasuna gutxituko litzateke. Gutxienez 400 metrotik 400 metrora ezarritako pasabide zabalak (bost metrotik gorakoak) eta saihetsetan hesirik ez dutenak izan daitezke egokienak, oro har, animalientzat.

Ubideek animalientzako pasabideak behar dituzte. Goian, ezkerrean, ahuntz-taldea Zumarrestako ubidea gurutzatzen. Behean, Zumarrestako pasabide desegoki bat, alanbrez itxita dago eta. Ondoan, Ugazko pasabidea, Ezkurran; egokia da, baina askotan itxita egoten da. Azkenik, Ugazko ubideko beste pasabide bat elurretan, orkatzek gurutzatu berritan.
M.M. Elosegi
3. Ubidetik irteteko aukera ematen duten sistemak paratzea

Ubideen aldeetako hormak tente samarrak edo bertikalak izanik, eroritako animalia gehienek kanpora ateratzerik ez dute izaten. Dena den, espeziearen arabera guztiz aldatzen da hori; sugandilak arazorik gabe irteten dira, baina ardi batek ezin izaten du, behin uretan dagoela, metro eta erdiko koska bertikala igo.

Goizuetako Rezolako zentralaren gainaldeko ubidean, animaliak irteteko jarritako sistema. Hondora lotutako euskarrien bidez, egurrez egindako malda bat da.
M.M. Elosegi
Igotzeko moduko malda (% 30-50 bitartekoa) duten ihesbideak jarrita, berriz, aukera izanen luke. Horiek, ordea, ongi kokatu behar dira, uretara eroritako animaliak estualdi horretan aurkitzeko gai izan daitezen. Ihesbideak korrontearen norabidean ezartzea komeni da, goitik behera datozen animaliek errazago aurki ditzaten. Halaber, ihesbide horietako zoruak lakarra behar luke irten nahi duten animaliek irrist egin ez dezaten. Etorkizunean eraiki litezkeen ubideetan, berriz, malda txikiagoko paretak egin litezke, eta koska eta heldulekuak jarri, pertsona edo animaliak errazago irten ahal izateko.

4. Ubidean sartzea galaraztea

Ubidearen bi aldeak itxiz, animaliak uretara erortzea galarazten da, eta bide batez, pasabideetara iristen laguntzen zaie, eta, hala, hilkortasuna eta hesi-efektua nabarmen murriztu. Aukera egokiena alanbre-sarezko itxiturek eman dezakete, eta, orkatzek jauzi oso handiak egiten dituztela kontuan hartuta, bi metroko altuera behar lukete. Itxitura horiek, ordea, zainketa eta mantentze-lan fina behar dute, denborarekin laxatu, zulatu eta erori egiten baitira. Behin hesia hondatuta, animaliak okerreko lekuetatik gurutzatzen hasten dira, eta uretara erortzeko arriskuan jartzen dira. Hortaz, neurri hori eraginkorra izan dadin, ubidea ongi itxita mantendu behar da, eta noski, aldi berean pasabide egokiak ezarri.

Ezkurrako Ugazko ubidea udazkenean. Ezinbestekoa da, ubidea estali gabea baldin bada, bi aldeetan alanbre-sarez ongi ixtea. Kasu honetan, itxitura egoera txarrean dago oso; hostoak erori berritan, urik ere ez da ikusten eta animalientzat tranpa ikaragarria da, azaleko orbel-geruzaren azpian ura baitago.
M.M. Elosegi

Jarraipena egin den ubideen egoera gaur egun

Ikusitakoak ikusita, administrazioari eta konpainia hidroelektrikoei arazo horren berri eman genien, eta, oro har, arazoari irtenbidea emateko borondate ona azaldu zuten. Dena dela, borondate onetik aurrerapausoak emateko ordura iristerako, oso motel joan da dena, eta, bitartean, animalia asko akabatu da. Hala ere, ubide batzuetan faunaren heriotzak gutxitzeko neurri batzuk har ditzaten lortu dugu, eta, horiei esker, baita animalia batzuk ez hiltzea ere. Besteak beste, fauna asko hiltzen zuen Zumarrestako ubideetako bat alanbre-sarez ixten hasiak ziren 2006an, eta animalientzako ihesbideak jarri zituzten Rezolako ubideetan. Datozen urteetan ikusi ahal izanen da hartzen ari diren neurrien baliagarritasuna, baina, nolanahi ere, ikertzen eta neurri hobeak hartzen jarraitu beharko da, arazo hau gero eta txikiagoa izan dadin.

Argindarra behar-beharrezkoa da gaur egun, baina, 'berdea' izan nahi badu, erruz hobetu beharko du energia hidroelektrikoak. Eraiki ziren garaian, ubideak teknologia eta ingeniaritzako lan bikainak izan ziren, baina sortzen dituzten arazoak ezagutu ahala, agerikoa bihurtu da gaur egun moldaketak behar dituztela. XXI. mendeko energiak XXI. mendeko teknologia behar du, eta aipatutako ubideetakoa duela 80-90 urtekoa da. Borondate pixka batekin, arazo hau askoz txikiagoa izatea lor liteke, eta baita hemengo faunaren eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ere. Eta, zentral hidroelektrikoei loturiko ubideetarako bezala, ureztatzeko eta beste zeregin batzuetarako eraikitzen ari diren ubide berrietarako baliagarri dira arestian aipatutako neurriak. Hortaz, hilkortasuna gutxitzeko neurriak praktikan jartzea besterik ez da falta.

Milesker datu-bilketan lagundu dutenei eta ubideetako langileei. Baita Nekane Agirreri eta Miren Elosegiri ere, informatika-alorrean emandako laguntzarengatik.

Bibliografia
Adecana.
Adecana denuncia la lamentable y dramática muerte de jabalíes en el canal de Navarra.
Adecanaren 29. zenbakia, 2005eko abendua: 8-9. 2005.
------
Rodriguez, A. Crema, G.
"Las infraestructuras lineales y su efecto barrera sobre los vertabrados"
Quercus 167: 22-27. 2000.
------
Traverso, J.M. Alvarez, A.
"Mortalidad de vertebrados en el Canal de las Dehesas" Quercus 167: 28-30. 2000.
------
Pedraza, E.M.; Peris, S.J. Morales, J.J.
"El impacto sobre los ungulados de los canales de la comarca de Guardo (Palencia)"
Medio Ambiente, 2002ko lehen seihilabetekoa. 2002.
------
Yanes, M.; Velasco, J.M. Suarez, F.
"Permeability of roads and raylways to vertebrates: the importance of culverts"
Biol. Conserv., 71:217-222. 1995.
Elosegi Irurtia, Migel Mari
3
230
2007
4
039
Sariak; Ingurumena; Energia
Dosierra
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila