Minaren minez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Era askotako minak daude, erabat fisikoetatik hasi, eta psikikoetaraino. Denak garuneko leku beretan prozesatzen dira, erantzun berberak eragiten dituzte organismoan, eta neurotransmisore berek parte hartzen dute denetan. Alabaina, ikuspegi desberdinetatik lantzen dituzte, adibidez, Minaren Tratamenduko Unitateetako anestesistek eta psikologo klinikoek.
Minaren minez
2011/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: iStockphoto.com/Manoafrica)

"Imajinatu pertsona bat euforia handiko une batean. Bat-batean, kolpe izugarri bat jasotzen du. Une horretan, baina, endorfina-jarioa hain da basatia, ez baitu minik nozitzen. Endorfinek oinazetik babesten dute". Miguel Mar n sendagile anestesistak jarri du aurreko adibidea. Donostia Ospitaleko Minaren Tratamenduko Unitateko burua da Mar n medikua, eta, haren ustez, adibide soila izanagatik, lagungarria da minaren mekanismoa zein konplexua den erakusteko.

Mina definitzeko hainbat modu daude, baina osasun-arloko adituek Minaren Ikerketarako Nazioarteko Erakundearen definizioa onartzen dute: esperientzia sentsorial eta emozional ezatsegina, organismoaren kalte batekin erlazionatua, kalte hori potentziala, erreala zein irudizkoa izan.

Sentsazio bat denez, nerbio-sistemaren bidez transmititzen dela azaldu du Mar nek, "gainerako sentsazioak bezala". Estimulu mingarriek minaren berariazko errezeptoreak kitzikatzen dituzte, nozizeptoreak. Haietatik bizkar-hezurraren muinera joaten dira bulkadak, eta, gero garunera iristen dira. "Orduan jabetzen gara minaz", dio Marinek.

Minaren mekanismoa, ordea, ez da hor amaitzen. Mar nek garunean gertatzen dena laburtu du: "Garunean, faktore emozionalak nahasten dira. Izan ere, talamoak eta gure bizipenekin lotutako garuneko beste guneek ere parte hartzen dute mekanismoan. Eta, gero, are gehiago korapilatzen da kontua, beheranzko sistema batzuk baitaude, non neurotransmisore ugarik parte hartzen duten. Haiek sentsazioa modulatzen dute. Horregatik, hasieran aipatutako adibidean gertatzen zen bezala, litekeena da minik ez sentitzea, kolpe handia jasan arren".

Konplexutasun hori dela eta, zientzialariek oraindik ez dute guztiz ezagutzen mekanismo osoa. Hala ere, mina "ezinbestekoa" dela aitortu du Mar nek. "Behar-beharrezkoa dugu erasoak saihesteko, lesioez jabetzeko, jokabide zuhurrak garatzeko... Mekanismo babeslea da. Egin kontu: minik sentituko ez bagenu, eskua zartagin beroan sartuko genuke, eta ezerk ez liguke abisu emango kendu egin behar dugula".

Miguel Mar n Donostia Ospitaleko Minaren Tratamenduko Unitateko burua da. Arg.: Ana Galarraga.

Badira minik hautematen ez duten pertsonak. Oso kasu bakanak dira, eta jatorri genetikoa dute, hau da, mutazio bat dute minaren transmisioan ezinbestekoa den egituraren batekin lotutako generen batean. Pertsona horiek lesioak, traumatismoak eta zauriak egiteko joera izaten dute; batzuek egarria eta tenperatura-aldaketak ere ez dituzte nozitzen. Horrenbestez, bizi-itxaropen laburra izaten dute.

"Ikuspuntu horretatik, minak balio biologikoa du", nabarmendu du Mar nek. "Gainera, diagnostiko medikoak egiteko ere baliagarria da. Pazienteak mina non duen, zer intentsitate duen, leku jakin batean dagoen edo eremu zehazgabe batean hedatuta, ziztadak ematen dituen edo minsorra den, zenbat denbora irauten duen..., guretzat aztarna garrantzitsuak dira gaitzari antzemateko".

Mina gaitz bihurtzen denean

Halakoetan, mina sintomatzat har daitekeela esan du Mar nek. "Min akutuak izaten dira, eta, kausa konpondutakoan, desagertu egiten dira. Oso bestelakoa da min kronikoa. Hain juxtu, asko luzatzen denean, hau da, kronifikatzen denean, mina gaixotasun bihurtzen da. Orduan, minak balio biologikoa galtzen du, ez da ez baliozkoa, ez beharrezkoa, alderantzizkoa baizik".

Min kronikoaren eragile asko daude, batzuk oso ohikoak eta beste batzuk ez hain ohikoak: artrosia, artritis erreumatoidea, lepoko eta bizkarreko minak (zerbikala eta lunbarra), minbizi terminalak, buruko mina eta migraina, neuropatiak, mamu-atalak...

Miguel Mar nen esanean, jendeak ez ditu min horiek min akutuak bezain ondo ulertzen: "Jendeak beldurra dio morfina hartzeari, adibidez, edo ahalik eta botika gutxien hartzen saiatzen da. Izan ere, oso zabalduta dago min kronikoa tratatzeko botikak txarrak direla edo kalte egiten dutela. Baina inori ez zaio bururatzen tentsioa edo kolesterola neurrian izateko hartu behar dituen pilulak txarrak direla, eta prest daude bizitza osoan horiek hartzeko, ezta? Bada, honekin, bestela iruditzen zaien arren, berdina da".

Patxi Izagirre Psikologo klinikoa. Arg.: Ana Galarraga.

Horretan, kulturak eragin handia du. Herrialde anglosaxoiek edo eskandinaviarrek eta mediterraneoek morfina-kontsumoan duten aldea nabarmendu du Mar nek: "Haiek guk baino gehiago kontsumitzen dute. Zergatik? Ez dutelako sufrimenduaren kultura. Eta guk bai, hemen iruditzen zaigu, sufritzea egokitu bazaigu, etsi egin behar dugula". Hala, minagatik jende gutxi hiltzen bada ere, asko hiltzen dira minez, eta are gehiago dira minez bizi direnak.

Dena dela, azken urteotan jarrera aldatzen ari dela ohartarazi du. "Kontua ez da populazio osoa drogen mende jartzea; kontu handia izan behar dugu horretan. Baina ez zaio beldurra izan behar sendagileak agindutakoa hartzeari".

Bestalde, mina kentzeko botikak tratamenduaren zati bat direla uste du Mar nek, eta "faktore psikologikoek eta emozionalek ere garrantzi handia" dutela. Hain zuzen ere, minarekin batera, sarritan aldaketa fisiko eta psikosozial kaltegarriak jasaten ditu gaixoak, hala nola mugitzeko ezintasuna, immunitate-sistema ahultzea, loaren asaldurak, jateko gogoa galtzea, senitartekoekiko eta zaintzaileekiko gehiegizko mendekotasuna, osasun-zerbitzuen erabilera desegokia, lanerako ezgaitzea edo eraginkortasuna galtzea, bakartzeko edo depresiorako joera...

Tratamendu osagarriak

Mar nen iritziz, min kroniko ez-gaiztoak dira "tratatzeko korapilatsuenak". Dioenez, min onkologikoaren tratamenduan "asko aurreratu da", eta ez dago arazo handirik: normalean bizi-itxaropen laburra izaten dute, eta ez dago eragozpenik mina kentzeko behar duena emateko. "Beste kontu bat da min kroniko ez-gaiztoa deitzen dioguna. Adibide ohikoena bizkarreko mina da; horixe da kontsulta gehien eragiten dituena. Oso arruntak dira, halaber, artritisa, buruko mina... Halakoetan, faktore psikosozialak eta emozionalak nahasten dira, eta tratamendua ez da hain garbia eta ez dago hain arautua".

Kasuaren arabera, tratamendu farmakologikoa ez ezik --morfina, beste opioide eta analgesiko batzuk, lasaigarriak, antidepresiboak...--, teknika espezializatuak ere erabiltzen dituzte Minaren Tratamenduko Unitatean. Gehienbat, tratamendu farmakologikoak emaitza onik ematen ez duenean aplikatzen dituzte, baina ez dira ordezkagarriak, osagarriak baizik.

Irudian, gorriz eta urdinez, garunak esperientzia txarrak prozesatzeko erabiltzen dituen eremuak azaltzen dira; berdez eta horiz, berriz, minaren esanahi emozionalarekin lotutako guneak. Arg.: Tor Wager/Science.

"Teknika horiei esker, medikazioa erdira jaits daiteke, eta asko hobetzen da pazienteen bizi-kalitatea", azaldu du Mar nek. Minaren transmisioa eteten edo modulatzen dute. Adibidez, irrati-maiztasunen bitartez nerbio-bukaerak erretzen dituzte. "Dentistak haginaren nerbioa hiltzen duenean bezala, gutxi gorabehera", dio Mar nek. "Gero berriro sortzen dira nerbioen arteko loturak, baina aldi baterako baliagarria da, eta berriro egin daiteke".

Beste batzuetan, agente neurolitikoak erabiltzen dituzte nerbioak suntsitzeko, minbizia duten pazienteetan, adibidez. Mina modulatzeko asmoz, elektrodoak ere jartzen dituzte; horrela, elektrodoek sortutako pultsuek minaren eroapena aldatzen dute. Helburu bera lortzeko beste modu bat morfina nerbioan zuzenean aplikatzea da.

Edonola ere, diziplinen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen du Mar nek: "Batzuetan ez da nahikoa botikekin edo tratamendu espezializatuekin, eta psikologoak parte hartu behar du. Edo gizarte-laguntzaile batek. Esaterako, bakarrik bizi den adinduaren kasuan, agian irtenbidea ez da mina arintzeko botikak ematea, baizik eta pertsona batek laguntzea etxeko lanak egiten. Bestalde, adindu horrek onartu beharko du ez dagoela Benidormera joateko eta hara eta hona ibiltzeko moduan, eta hobeto egongo dela etxe-inguruan, pasieran, lasaitasun ederrean".

Horrenbestez, batzuetan neurriak ez dira medikoak soilik; gehiago dira psikologikoak edo sozio-sanitarioak. "Horretan oinarritzen da gure unitateak egiten duen lana", bukatu du Mar nek.

Heriotzaren aurrean

Min fisikoa alde batera utzita, pertsona batek jasan dezakeen min handienetako bat maite duen norbait galtzea da. Halako egoeretan dauden pertsonei laguntzen espezializatuta dago Patxi Izagirre psikologo klinikoa. Kasuaren arabera, beste diziplinetako espezialistek ere parte har dezakete diagnostikoan eta tratamenduan, eta ez da erraza orokortzea. Baina, kasu guztietan, minaren prozesamenduak antzeko bidea egiten du.

Mina mekanismo babeslea da, ezinbestekoa erasoak saihesteko, lesioaz jabetzeko, jokabide zuhurrak garatzeko... Arg.: iStockphoto.com/Netmartin.

Hala, hurbileko norbaiten heriotzak psikotrauma bat eragiten duela azaldu du Izagirrek; hau da, egoera mentalean aldaketa sakona eragiten du. Izagirrek azaltzen duenez, halakoetan, beste edozein egoeratan bezala, informazioa lehenik garunaren leku jakin batera iristen da, talamora, eta handik beste gune batera bideratzen da, amigdalara. "Hor egiten da bereizketa. Ordura arte, min fisikoa eta min psikikoa berdinak dira, biak dira informazio bat. Amigdalan, berriz, esanahi fisikoa eta emozionala ematen zaio informazioari".

Amigdala ohartzen bada mina gehiegizkoa dela, pertsonak jasan dezakeenaren ataria gainditzen duela, disoziazio bat gertatzen dela ohartarazi du Izagirrek. "Orduan, seinale bat bidaltzen da giltzurrun gaineko guruinetara, eta neurotransmisore batzuk jartzen dira martxan: kortisola, adrenalina, prolaktina, oxitozina... Anestesiko naturalak dira: kalte fisikoan, mina sentitzetik babesten dute, eta min psikikoan, berriz, haien eraginez, errealitatetik kanpo ateratzen da pertsona. Alegia, esperientzia eta kontzientzia banatu egiten dira".

Fase horri trauma-ondoko estresa deitzen diote teknikoki, eta, Izagirreren esanean, "defentsa mekanismo" bat da. Haren iritziz, hasieran beharrezkoa izaten da: "Ez dugu patologikotzat jo behar. Patologikoa izango da pertsona hor geratzen bada kateatuta, hau da, kroniko bihurtzen bada. Bestela, lagungarria da amigdalan dugun informazio hori pixkanaka asimilatzen joateko".

Minaz jabetzea

Asimilazio hori hipokanpoan gertatzen da. "Hipokanpoan esanahi kognitiboa ematen zaio, eta beste fase batean sartzen da. Horretarako, oso lagungarria da pertsona babestuta eta seguru sentitzea. Ukapen-fasean sartzen da hala; pertsona negarrez lehertzen da, edo garrasi egiten du... Baina dagoeneko ez dago errealitatetik kanpo; gertatutakoaz jabetu da, kontzientzia hartu du", azaldu du Izagirrek. Horrekin batera, lehen askatutako neurotransmisoreak neurri batean absorbatu egiten direla zehaztu du, eta beste batzuk askatzen direla, hala nola serotonina eta dopamina.

Pauso horretan, amigdalak funtzio garrantzitsua du: "Beldurraren gordelekua da amigdala, eta hor zer esperientzia dauden jasota, errazago edo zailago izango da pertsonarentzat kontzientzia hartzea", esan du Izagirrek. Alderdi horretatik, aurretik izandako esperientziek amaiera ona izan badute, pertsonak lehenago hartzen du kontzientzia. Eta aurkakoa gertatzen da kaltea metatu egiten bada, edo pertsona ez ziurra, ahula edo ezegonkorra bada.

iStockphoto.com/Yuri Arcurs

Kasu horietan, mina "infektatu" egiten dela dio Izagirrek: "Neurotransmisore horien kontzentrazioa gehiegizkoa da, luzeegi irauten dute gorputzean, eta horrek toxikotasuna eragiten du". Horrelakoetan, obsesioa, fobia edo minaren somatizazioa agertzeko arriskua dagoela jakinarazi du.

Aldiz, hipokanpoan gertatutakoa ondo prozesatzen bada, neokortexera igarotzen da, eta han ematen zaio portaerazko esanahia. "Orduan, esperientzia integratu egiten da, eta pertsonak aukera du, adibidez, une politak gogoratzeko, eta hil den senide edo hurbileko hori irribarrez oroit dezake...".

Horren oinarrian zer dagoen azaltzeko, Van der Kolk eta Ledoux ikertzaileen lana aipatu du Izagirrek: "Haien arabera, fase horretan hipokanpoko Brockaren gunean (mintzamenarekin lotutako guneetako batean) izena ematen zaio bizitako esperientziari. Horrek bide neuronal berriak irekitzen ditu, eta badirudi hori lagungarria dela neurokortexean integrazioa gertatzeko". Mina sendatzeko bidean da.

Mutazio mingarria
Azken urteotan, ikerketa ugari egiten ari dira minaren alderdi genetikoa aztertzeko. Horren adibidea da Ikerketa Medikorako Cambridge Institutuko genetikari batzuek egindako lana; hain zuzen ere, aldaera genetiko jakin batek minarekiko sentiberatasuna areagotzen duela aurkitu dute.
Genetikariek lehendik bazekiten SCN9A izeneko genearen mutazioak muturreko sindrome mingarriekin erlazionatuta zeudela. Sindrome horiek oso arraroak dira, hau da, jende gutxik pairatzen ditu, baina erabat ezgaitzen dute.
Orain, osteoartritisa duten 578 pertsonen DNA aztertuta, askoz ere ohikoagoa den aldaera bat topatu dute, zeinak minarekiko sentiberatasuna areagotzen duen. Aldaera hori dutenek adenina bat dute guanina baten ordez, SCN9A genearen leku jakin batean. Horrek minarekiko sentiberagoak egiten ditu.
Gainera, 186 emakume osasuntsurekin egin duten beste ikerketa batean ere emaitza bera jaso dute: guaninaren lekuan adenina dutenek besteek baino min handiagoa sentitzen dute estimulu mingarri beraren ondorioz.
Genetikariek azaldu dutenez, nerbio-zelulen kanpoaldean dagoen sodio-kanal bat kontrolatzen du geneak. Nerbioak estimulu mingarria jasotzen duenean, kanala ireki egiten da, sodioa sartzen da, eta, horren eraginez, nerbioak minaren bulkada transmititzen du garunera. Bada, guaninaren tokian adenina dutenek denbora gehiagoan dute irekita kanala, eta, beraz, minaren transmisioak normalean baino gehiago irauten du.
Aurkikuntza minaren aurkako terapia berriak garatzeko baliagarria izan daitekeela uste dute ikertzaileek.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
275
2011
5
017
Anatomia/Fisiologia; Osasuna; Medikuntza
Artikulua
30
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila