2012/09/01
289. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Eklipseak
Eguzki-eklipse bat lainoen artean. 2009ko uztailak 22. Arg. Nara Simhan/CC By-NC-ND
Oso noizean behin, Eguzkia minutu batzuez itzaltzen da egunaren erdian, zeruan argi-eraztun soil bat gelditu arte. Beste batzuetan, Eguzkia bera desagertzen da, baina haren koroa ikus daiteke: izarra espazioratzen ari den materiaren garrak. Bi egoera horiek Ilargia zehatz-mehatz Eguzkiaren eta Lurraren arteko lerroan dagoenean izaten dira, Ilargiak berak horretarako tamaina perfektua duelako. Satelitearen itzala Lurrean proiektatzen da 272 kilometroko diametroa duen zirkulu batean. Ilargia txikiagoa izango balitz, edo urrutiago egongo balitz, itzal hori ez litzateke itzala izango, baizik eta ilunantza, eta eklipseetan ez litzateke inoiz gaua egingo. Ilargia handiagoa balitz, edo gertuago egongo balitz, ez litzateke ikusiko argi-eraztuna edo Eguzkiaren koroa. Ilargiak, gainera, ez du atmosferarik, eta, beraz, eguzki-eklipse batean itzal definitua sortzen du. Lurrak eragindako eklipse batean, aldiz, Lurraren itzalaren muga oso lausoa da.
Eguzkiaren eraztun-eklipsea. 2012ko maiatzak 20. Arg. Robert Adams/CC By-NC-ND
Eklipsea
Azkena
2012ko maiatzaren 20an izan zen.
Hurrengoa
2012ko azaroaren 13an.
Australiatik, Zeelanda Berritik eta Ozeano Barearen hegoaldetik ikusiko da.
Hurrengoa Europan
2015eko martxoaren 20an.
Eklipse osoa ikusiko da Ipar Atlantikotik; Norvegiatik eta Svalbard uhartetik, adibidez. Euskal Herritik ikusita, eklipse partziala izango da.
Hurrengoa Iberiar penintsulan
2026ko abuztuaren 12an.
Penintsularen ipar-mendebaldetik ikusiko da, eta ia osoa izango da Euskal Herritik ikusita.
Erloju bat zeruan
Nabukodonosor ospetsua Babiloniako errege zen garaian, haren erreinuaren ondoko lurraldean bi tribu gerra bizian zeuden, baina Eguzkiak eta Ilargiak geratu egin zuten gerra hura. Gerra medoen eta lidioen artekoa zen, Asia Txikia menperatzeko borroka bat, eta bost urte iraun zuen, gutxi gorabehera. Gerraren hasiera-eguna ez da jakina; bukatu zen eguna, aldiz, bai. Bataila batean, bat-batean gaua etorri zen egunaren erdian: eguzki-eklipse oso bat zen. Borrokalariak geratu egin ziren, bakea sinatu zuten, eta gerra hori bertan behera geratu zen betiko. Astronomoen kalkuluei esker, historialariek badakite hori K.a. 585eko maiatzaren 28an izan zela. Hain zuzen ere, hori da historian egunaren zehaztasunarekin ezagutzen den bataila baten lehen data.
Helioa, Eguzkiaren elementua
Pierre Jansen astronomo frantsesak neurketa berezia egin zuen eklipse batean zehar, 1868ko abuztuaren 18an. Eguzkiaren argiaren espektroan, ordura arte ikusi gabeko lerro bat aurkitu zuen. Sodioak sortzen dituen lerroetatik gertu zegoen, baina ez zen sodioak sortutakoa. Bi hilabete geroago, Joseph Norman Lockyer astronomo ingelesa konturatu zen elementu berria zela, eta pentsatu zuen Eguzkian bai, baina Lurrean ez zegoela. Horregatik, helio deitu zioten. Geroago aurkitu zuten Lurrean.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.