Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak

Aizpurua Arrieta, Ostaizka

Biologia-ikaslea

Alberdi Estibaritz, Antton

Biologia-ikaslea

Ardagaiak, garai batean laratzaren azpiko sua pizteko erabili ohi ziren onddo haiek, etnologia-liburuetako orri zaharretan galdurik gelditzen ari dira. Antzina, ardagaiak, lehortu, txikitu eta kotoi-antzeko egitura bat eginda, sua denbora luzez piztuta mantentzen zuen. Lan horretarako gehiago erabiltzen ez den arren, bere izana izandakoari, zeharka bada ere, omenaldi txikia egiten dio zuhaitz bati atxikita hazten den ardagai bakoitzak. Basoko dibertsitatearen txinparta sortzen du, eta baso-ekosistema pil-pilean, gori-gori martxan jartzen.
Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak
2009/04/01 | Aizpurua Arrieta, Ostaizka; Alberdi Estibaritz, Antton | Biologia-ikasleak

Supizteko ardagaia ( Fomes fomentarius ), haritz amerikar ( Quercus rubra ) hilean.
(Argazkia: O. Aizpurua; A. Alberdi)
Zuhaitz zarpail, arrakalatu edo hiletan ikusi ohi dira ardagaiak. Urte luzez, ordea, zuhaitz lerdenak basoen osasun onaren erakusleak zirela uste izan da, eta landaketa zein parke naturala izan, zuhaitz zahar eta erdi-ustelak moztu egin izan dira, landare berriei lekua kentzen zietelakoan. Azken urteotan, baina, ikusi dugu basoetako egur erdi-usteldu eta hilak garrantzi handia duela, eta, apurka bada ere, baso-politikak aldatzen hasi dira, biodibertsitatea eta konplexutasuna handitze aldera.

Zuhaitzek, beren bizitzako garai bakoitzean, askotariko funtzioak betetzen dituzte ekosisteman. Gaztetan herbiboro askoren bazka izaten dira; helduaroan, berriz, beren adaburu mardulak animalia askoren bizileku dira. Bizidun guztiek bezala, ordea, landare sendo eta handienek ere ahultasun-puntuak izaten dituzte, eta, naturan, haiei begira arkua eta gezia prest dituzten birus, bakterio, intsektu zein onddoek ez dute beren aukera galtzen.

Izaki horien artean, landareetan zein inguruan eragin handiena dutenak onddoak dira. Ekologiaren ikuspuntutik, hiru talde nagusitan banatzen dira onddoak: landareekin elkarreraginean hazten diren sinbionteak, landare bizien ehunez elikatzen diren bizkarroiak eta materia organiko hilaz elikatzen diren saprofitoak. Azken bi horien artean daude zuhaitz-enborretako zuraz elikatzen diren ardagaiak.

Polyporales ordenako eta haien antzeko eitea duten hainbat onddori -poliporoide izena hartzen dute- ematen zaien izen arrunta da ardagaia, Phaeolus, Trametes, Ganoderma, Fomes eta Phellinus generokoak, kasu. Onddo horiek zuraz elikatzen dira, eta, horretarako, mizelio izeneko hodi-sistema erraldoiak eratzen dituzte zuhaitzen enborren barruan; batzuk azalaren inguruan, eta beste batzuk zurgiharretaraino, zuhaitza guztiz kaltetzen dutela. Zura usteltzean, haren konposaketan aldaketa handiak eragiten dituzte, eta horrek ondorioak ditu zuhaitzean eta inguruan. Enborraren ezaugarriak eta egitura orokorra aldatu egiten dira, eta egoera berri hori zuhaitza egoera arruntean erabili ezin duten animalia ugarik aprobetxatzen dute, han gordelekuak eraikitzeko, elikatzeko eta bizimodua egiteko. Hortaz, zuhaitza usteltzen hastearekin batera, esan daiteke biziaren txinparta pizten dela haren inguruan.

Zura

a) Zuhaitz-enborraren ebaketa. b) Enborra osatzen duten zelula-multzoak. Kolore argiz, murrizturiko protoplasmak; kolore laranjaz, pareta sekundarioak; eta, kolore marroiz, pareta primarioak. c) Zelula eta haren horma. Pareta sekundarioko tarteko geruzan hasten da ustelketa-prozesua, lignina-kontzentrazio baxuena han baitago. d) Zelula-hormaren osagaien paraera. Zelulosa-zuntzek sare antolatua osatzen dute; hemizelulosak sare hori trinkotu, eta ligninak zirrikitu guztiak betetzen ditu, eta zurruntasuna ematen dio. e) Zelulosa-zuntzak mikrozuntzez osaturiko makrozuntzak antolatuta sortzen dira.
O. Aizpurua; A. Alberdi

Ardagaiek enborretan duten eragina ulertzeko, ezinbestekoa da zuraren egitura ezagutzea. Zura, lodierazko hazkundea jasaten duten landareetan, garraio-elementuen metaketaz eratzen da. Zura osatzen duten zelula gehienak hilik daudenez, ez da haien horma besterik gelditzen. Horma horiek polimero konplexuz osaturiko geruzak dira. Geruza horien artean, horma primarioa eta horma sekundarioa bereizten dira. Lehenengoa landare-zelulak zatitu ondoren sortzen da, eta pektinaz, hemizelulosaz eta zelulosaz osatuta dago. Horma sekundarioa, berriz, zelula jakin batzuetan bakarrik azaltzen da, horma primarioaren eta zelula-mintzaren artean. Horma primarioa baino mardulagoa izan ohi da, eta zelulosaz, hemizelulosaz eta ligninaz osaturik egon ohi da, batez ere. Zelularen arabera, kutina, suberina eta bestelako hainbat konposatu ager daitezke, gainera.

Zura, honenbestez, hiru konposatu nagusiz osaturik egon ohi da: zelulosa, hemizelulosa eta lignina. Hiru konposatuak oso ezberdinak dira.

Zelulosa

Landare-zelulen hormetako konposatu polimeriko nagusia da. Egitura kimiko oso sinplea du, azukre-molekulen elkarketa sinplez osaturik baitago. Elkarketa hori, ordea, modu hierarkikoan antolatzen da: mikrozuntzak zuntzaxketan elkartzen dira, eta horiek zelulosa-zuntzetan. Egitura kimiko sinplea duen arren, molekulen arteko loturen ondorioz, forma oso konplexua gara dezake.

Hemizelulosa

a) Egoera onean den zuhaitz gaztea. b) Hainbat ardagairen ekintzaz andeaturiko zuhaitza. Ustelketaren eraginez sorturiko txokoak aprobetxatzen dituzten animaliak beha daitezke. c) Phellinus igniarius ardagaiak enborraren barruan garaturiko mizelioa.
O. Aizpurua; A. Alberdi

Zelulosa ez bezala, hemizelulosa zenbait azukreren elkarketaz sortzen den polimero luze eta adarkatua da, zelula-horma guztian barreiaturik agertzen dena. Zelulosa-zuntzen inguruan inolako antolakuntza-eredu jakinik jarraitu gabe kokatzen da haiei atxikirik. Hemizelulosa-mota guztiak ez dira zelulosa bezain egitura antolatuetan paratzen, eta, hortaz, zura andeatzen duten izakientzat eskuragarriagoak izaten dira.

Lignina

Lignina da naturan sortzen diren konposatuen artean degradatzen zailenetariko bat, eta funtzio nagusia zelulosa-zuntzei zurruntasuna ematea du. Zelulosa-zuntzak eta hemizelulosen arteko zirrikituak betetzen ditu, eta zurari sendotasuna ematen dio. Oso izaki gutxik lortu dute lignina ustiatzea. Dudarik gabe, zura osatzen duten konposatu nagusien artean andeatzen zailena da, eta, beraz, baita enborraren egituran denbora gehien irauten duena ere.

Egurra usteltzea

Egurraren usteltze-prozesua luzea eta konplexua da. Era askotako bizidunek hartzen dute parte, baina, dudarik gabe, onddoak dira enbor hilen andeatzean paper garrantzitsuena jokatzen duten izakiak. Lurzorura iristen den materia organiko hilaren laurdena inguru zura da, baina bizidun gutxi dira elikagai gisa zuzenean hura ustiatzeko gai. Andeatzen diren konposatuen arabera, hiru usteltze-mota bereizten dira.

Ustelketa marroia pago-enbor hil batean. Haustura-lerroak eta zati kubikoak bereiz daitezke.
O. Aizpurua; A. Alberdi

Oldarkortasun-maila baxueneko usteltzea usteltze bigun izenez ezagutzen dena da. Usteltze-mota hori eragiten duten onddoek hezetasun-maila altuko eta lignina-kantitate baxuko zurari besterik ez diote eragiten. Zelulosa eta, batez ere, hemizelulosa ustiatzen dituzte, baina ekintza ez da oso bortitza izaten, eta ezta ondorioak oso handiak ere. Izenak berak dioen bezala, egurra biguntzea eragiten dute. Onddo mikroskopikoek egiten dute, batik bat, usteltze-mota hau.

Usteltze marroia egiten duten onddoek ere zelulosa eta hemizelulosa ustiatzen dituzte, baina horien ekintza askoz ere gogorragoa izaten da, eta ia era guztietako egurretan eragin dezakete. Hemizelulosa entzima bereziekin andeatzean, ur oxigenatua askatzen da, eta, horren eraginez, egurreko zelulosa eta hemizelulosa guztia galtzen da. Kasu horretan ere, ligninak bere horretan irauten du. Usteldura irregular horren eraginez, haustura-lerroak sortzen dira, eta egurra hainbat zati kubikotan banatzen da. Ardagai batzuek era horretako usteltzea eragiten dute; haritz-ardagaiak ( Daedalea quercina ), kasu.

Prozesu erasokorrena usteltze zuri izenez ezagutzen dena da. Kasu horretan, zelulosaz eta hemizelulosaz gain, lignina ere andeatzen da. Hiru konposatuen andeatzea ez da aldi berean gertatzen, eta lignina gainerako konposatuak ustiatu ostean degradatzen da. Hortaz, lehenik eta behin, zura bigundu egiten da; ondoren, arrakalatzea gertatzen da; eta azkenik, andeatze osoa. Era horretako usteltzea eragiten duten onddoei lignozelulolitiko izena ematen zaie, eta talde horretan sartzen dira ardagai gehienak. Ezagunak dira ardagai konkorduna ( Trametes gibbosa ), ardagai pipa ( Ganoderma lucidum ) eta supizteko ardagaia ( Fomes fomentarius ), besteak beste.Usteltzea, dena den, ez da zuhaitz osoan batera gertatzen, eta, kasu askotan, lokalizatua izan daiteke. Esan nahi baita aipaturiko prozesuak zuhaitzaren zati jakin batean gerta daitezkeela, zuhaitz osoa hil aurretik.

Usteltzearen eraginak

Pago ( Fagus sylvatica ) zaharra, supizteko ardagaiek ( Formes fomentarius ) guztiz hartuta.
(Argazkia: O. Aizpurua; A. Alberdi)

Egurraren usteltze-prozesuaren fase bakoitzean, animaliei aukera berriak sortzen zaizkie. Zura biguntzen hastearekin batera, normalean, azala enborretik askatu ohi da. Zuraren eta azalaren artean gelditzen diren tarteak paradisua izaten dira krustazeo eta intsektu askorentzat, eta baso-saguzarrak ( Barbastella barbastellus ) ere koloniak ezartzeko gordeleku gisa erabiltzen ditu. Zura biguntzeak okilei egurra zulatzeko aukerak handitzen dizkie, eta eragin hori are nabarmenagoa da Euskal Herrian galtzeko zorian den okil ertainaren ( Dendrocopos medius ) kasuan. Izan ere, gainerako okilekin konparatuta, lepoko muskuluak eta mokoa nahiko ahulak ditu, eta ez da gai egoera onean dauden zuhaitz-mota asko zulatzeko. Okil-zuloak, gainera, ez ditu okilak bakarrik ustiatzen; beste hainbat hegaztik --garrapoak ( Sitta europaea ), esaterako-- eta ugaztunek --Bechstein saguzarrak ( Myotis bechsteinii ), besteak beste-- gordelekutzat erabiltzen dituzte.

Usteltzearen bigarren fasean, hemizelulosa eta zelulosa ia guztia ustiatzeak egurrean arrakala txikiak eragiten ditu. Fenomeno horretaz ere hainbat animalia aprobetxatzen dira; tartean, gau-saguzar arrunta ( Nyctalus noctula ) eta kaskabeltz txikia ( Parus palustris ). Arrakala horiek handituz joan ahala, tamaina handiagoko animaliek ere erabiltzen dituzte enborrean sortzen diren zulo eta gangak. Hainbat hegazti harrapari gautarrek erabiltzen dituzte zuhaitz horiek habia egiteko, esaterako. Mundu guztian zaurgarritzat jotzen den Osmoderma eremita kakalardoak ere haritz-enborren usteltzearen eraginez sortzen diren zuloak behar izaten ditu larbak garatu ahal izateko.

Kasu askotan, zulo eta gangetan, egur ustelduarekin eta haizeak ekarritako gaiekin, substratu nahiko lodiak eratzen dira. Epifito izenez ezagutzen diren landareak sortzeko aukera ematen du horrek; hau da, beste landare batzuen gainean, bizkarroiak izan gabe, beste landare batzuk garatzen dira.

Zuhaitzen andeatze-prozesu honetan, intsektuek ere aprobetxatzen dituzte beren aukerak. Egurra biguntzeak intsektuek zuhaitzean koloniak eta gordelekuak egitea errazten du. Gainera, intsektuak andeatzearen eragile aktiboak izaten dira, asko eta asko egurraren osagaiez elikatzen baitira. Intsektuek enborrean galeriak eratzean, airea barrura sartzen da, eta horrek asko aldatzen ditu enbor barruko baldintzak. Beste kasu batzuetan, ardagaia bera erabiltzen dute babeslekutzat. Era horretan, egur barruko intsektuez elikatzen diren hegaztientzat aukera paregabea sortzen da.

Azkenik, egurraren usteltze maila gorenera iristean, egur usteldu zatiak lurrera erortzen hasten dira, eta han amaitzen da zuraren andeatze-prozesua. Gelditzen den materia organiko apurra lurrarekin nahastu, eta humusa sortzen da, zuhaitz zaharrak lagatako zuloa beteko duten beste hainbat landare-espeziek beren hazkuntzarako erabiliko dutena.

Epifitoki hazitako sorgin-iratzeak ( Athyrium filix-femina ) pago zaharren gainean.
(Argazkia: O. Aizpurua; A. Alberdi)

Baso-kudeaketa

Basoak, historian zehar, gizakiarentzat interes zuzena zuten baliagaiak ustiatzeko erabili izan dira Euskal Herrian. Erdi Aroan, ontziolen gorakada itzelaren ondorioz, egurra ustiatzeko erabili ziren baso autoktonoak, eta baita ongarritarako orbela eta gizaki zein animalien elikadurarako ezkurrak eta gaztainak lortzeko ere. Hasiera batean basoaren jatorrizko egiturari bere hartan eutsi bazitzaion ere, poliki-poliki, gizakiak bere erara moldatu zituen zuhaiztiak, eta horrek basoen homogeneizazioa eta txirotzea eragin zituen. XX. mendean, gainera, baso autoktonoak baztertu egin dira kanpotik ekarritako intsinis pinuaren ( Pinus radiata ) eta eukaliptoaren ( Eucaliptus globulus ) mesedetan, batez ere.

Zuhaitz zahar eta erdi-ustelduek ez dute gizakiarentzat baliorik izan, horien uzta ez baita emankorra, eta egurraren kalitatea ere hala moduzkoa baita. Interesen kontrajartze horretan, ardagaiak beste aldean daude, denboran aurrera egindako zuhaitz urtetsuak ezinbestekoak baitituzte bizitzeko.

Mendiko egur iharra, alferraren indarra, eta pobrearen arrazoia, denak berdin. Hala zioen ardagaiak etxea berotzeko erabiltzen zituen Leitzako gizon hark, norberaren etxea berotuz kanpoaldea hozten zela sumatu ere egiten ez zen garai hartan.

Gaur egun, ordea, ezinbestekoa da gizakiaren eta ardagaien interesen arteko gatazka hori amaitzea, baldin aurrez aipaturiko espezieak eta beste hainbat gure basoetan ikusten jarraitu nahi badugu. Bechstein saguzarra, baso-saguzarra, okil ertaina, Osmoderma eremita kakalardoa... ustiatzen dituzten baliagaien faltagatik galtzeko zorian dauden animaliak dira, eta gure esku dago animalia horien etorkizuna beste zidor batzuetatik bideratzea. Ardagai-espezie askoren etorkizuna ere ez dago bermatua, eta, horiek galduz gero, behinola galdu genituen baso zahar eta askotarikoak berreskuratzea ezinezkoa izango da. Basoekin izan dugun eta dugun mentalitatea aldatu ezean, zaila izango da izaki horien guztien etorkizuna bermatzea.

Euskal Herriko baso oso gutxitan aurki daiteke egur hila. Artikutza da horietako bat.
O. Aizpurua; A. Alberdi

Hor dago gakoa. Sare konplexuak eta interakzio amaigabeak, garai batean laratzapeko sua pizteko erabiltzen zen hauts magikotik eratorriak. Onddo bat, bi zuhaitz, hiru animalia. Basoa pizteko beharrezko txinparta; horratx ardagaia.

Arturo Elosegiri korapiloa askatzeagatik eta Andres Alberdiri hariaren ertzak lotzeagatik, eskerrik asko. www.euskalnatura.net/ardagaiak

Aizpurua Arrieta, Ostaizka; Alberdi Estibaritz, Antton
3
252
2009
4
039
Sariak; Ekologia; Botanika
Dosierra
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila