Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea (EHU)
Pirinioetako muturluzea edo ur-satorra, Galemys pyrenaicus, Euskal Herriko animaliarik berezienetakoa da. Iberiar Penintsulako iparraldean eta Pirinioen iparraldeko isurialdean endemikoa den ugaztun intsektiboro erdi-urtar hau talpidoen (satorren) familiakoa da, eta erreka eta ibai garbietan bizi da. Bere bitxitasun morfologiko eta taxonomikoengatik aspaldidanik ezaguna den arren, populazioen dentsitatea baxua denez eta ezkutuko bizimodua egiten duenez, kontserbaziorako funtsezko diren haren biologiaren aspektu ugari ezezagunak dira oraindik.
Azken hamarkadetan, % 50 baino gehiago murriztu da muturluzearen banaketa-eremua penintsulan eta Pirinioen iparraldean, eta horrek espezie mehatxatuen katalogo eta zerrenda gorrietan sartzea ekarri du (Fernandes et al., 2008). Harrigarriena zera da, itxuraz denborarekin kontserbazio-egoera hobea lortu duten ibaietan ere populazioaren murrizketa ikusi dela. Ez dago kausen diagnostiko argirik, eta horrek kudeaketa-plan eraginkorren diseinua eragozten du. Metapopulazioen zatiketa, habitata andeatzea eta bazka-eskasia dira gainbehera horren balizko arrazoiak (Nores, 2007).
Muturra da animalia horren egitura anatomikorik bereizgarriena, tronpa zanpatu baten itxura baitu. Gorputz biribildua du, eta isats luzea; alde distalean, alboetan zapaldua. Gorputzadarrak atzapar sendoz horniturik ditu, urpeko substratuari ongi eusteko. Aurre-hankak laburrak dira, mintz interdigital txikidunak, eta atze-hankak, berriz, luzeak eta handiak dira, barnealderantz okertuak eta mintz interdigital handidunak; igeriketa-funtzioa ere badute. Gorputzaren kolorea arrea du, baina, urpean, brontze- edo zilar-koloreko distira metalikoak islatzen ditu, bere ile-mota bereziari esker. Gorputzadar belzkarak ditu, eta, isatsa, haragi-kolorekoa.
Bizimodu gautarra duen animalia honen bizi-eremua 450 eta 600 metro arteko luzerakoa izaten da (Nores, 2012). Bizitzeko funtsezko zaion faktore nagusia da urte guztian zehar ur-fluxu erregularra izatea, eta, horregatik, klima mediterraneoak baino, ozeanikoak ditu nahiago. Haren presentzia, altitudeak baino, ibaien maldak, sakonerak (< 70 cm) eta korrontearen abiadurak baldintzaturik dago. Ur kutsatuak saihestu egiten ditu, nahiz eta kutsadura-maila baxuak jasateko gaitasuna izan. Oro har, muturluzearen habitatean nagusiago izaten dira substratu lodiak (bereziki uharri eta harritzarrak) finak baino, eta nekez izango da behatzerik buztinak nagusi diren guneetan.
Araldia urtarrila eta maiatza artean izaten da, eta umatze-garaia apiriletik abuztuaren erdialdera arte luzatzen da (Richard, 1976). Umealdiak 1 eta 5 kume artekoak izaten dira, eta moda 4 da (Peyre, 1956). Emeek umealdi osteko estroa dute, eta, horregatik, umealdi bat baino gehiago izan dezakete urtean zehar. Litekeena da heldutasun sexualera urtebeterekin heltzea.
Gorotzetako hondakinen azterketa morfologikoan behatu denez (Bertrand, 1993), tamaina erlatiboki handia eta esklerifikazio-maila baxua duten makroornogabe bentonikoez elikatzen da, gehienbat trikoptero, plekoptero eta efemeropteroen larbez. Harrapakinen artean, kutsadurarekiko sentikorrak diren espezieak dira nagusi. Horrek aditzera ematen du animalia horren kutsadurarekiko sentikortasuna bere harrapakinenaren araberakoa dela batez ere, berezkoa baino gehiago.
Pirinioetako muturluzearen mehatxu-faktore nagusiak hauek dira (Nores, 2007): populazioen zatiketa, urtegi eta zentral elektrikoak, kanalizazioak eta obra zibilak, mendietako hiriguneetako giza populazioak handitzea, bentosaren andeatzea, uraren desbideratzeak, ibai-ertzen eta ibar-basoen suntsipena, ibaien kutsadura kimiko eta organikoa, uretako kirolak eta agregakinen erauzketak.
EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean egiten ari garen ikerketaren helburu orokorra da Pirinioetako muturluzearen ekologia espazial eta trofikoa baldintzatzen duten faktore gakoak ezagutzea, oraindik ezezagunak baitira, espezie mehatxatu horren kudeaketarako interes zientifiko handia izan arren. Mikrohabitat mailan animalia horren habitat-hautespena zerk baldintzatzen duen eta haren dieta jeneralista edo espezialista den aztertzen ari gara, hain zuzen ere, hurbilketa ezberdinak konbinatuz. Baliteke habitataren aberastasun ekologikoak paper garrantzitsua jokatzea horretan guztian. Horregatik, ekologikoki egoera ezberdinean dauden bi ibaitan egin dugu lan, LIFE+ IREKIBAI proiektua aprobetxatuz: Elama errekan (Urumea ibaiaren arroa, Nafarroa) eta Leitzaran ibaian (Oria ibaiaren arroa, Gipuzkoa). Elama erreka Euskal Herrian hobekien kontserbatutakoen artean dago, azken ia ehun urteetan apenas izan baita giza ekintzarik haren arroan. Leitzaran ibaia, bestalde, egoera ekologiko onean dago, baina zentral hidroelektriko ugariren eragin nabarmena jasaten du, eta agorraldiko emaria emari naturala baino askoz baxuagoa du.
Gure hipotesia da topatzen dituen baliabideen eskuragarritasunaren arabera optimizatuko dituela Pirinioetako muturluzeak dieta eta habitataren erabilera. Baliabide horiek trofikoak (harrapakin potentzialak) zein animaliari segurtasuna eskain diezaioketen bestelako baliabide fisikoak (babesleku potentzialak) izan daitezke. Baliabide mugatzaile horiek identifikatzea ezinbestekoa izango da espeziearen kontserbazioa helburu duen edozein kudeaketa-egitasmo egikaritzeko.
Harrapaketak, aleen irrati-telemetria bidezko jarraipenak, eta ehiza-mikrohabitaten karakterizazio espazialak uztartuz, ekologia espazialaren alorrean ikertzen aritu gara orain arte. Horretarako, muturluzeak nasekin harrapatu genituen 2016ko irailean eta urrian, bizirik eta kalterik eragin gabe (Gonzalez-Esteban et al., 2003); eta, sexuaren eta adinaren datuak hartzeaz gain, irrati-igorgailu txikiak (< 2 g) itsatsi genizkien ilajean. Bizpahiru gauez harrapaketak egin ostean, denera 31 muturluzeri jarraitu genien (15 Artikutzan eta 16 Leitzaranen), bakoitza 3-5 gauez. Habitataren hautespena zehazteko, habitat eskuragarrien mapa eraiki (fluxuaren arabera ur lasterrak, ur bareak eta putzuak karakterizatuz) eta, 5 minutuko jarraipen-puntuen kokapenak aztertu genituen. Muturluzeek mikrohabitat-mota bakoitzean aktibo igarotako denbora eta bakoitzaren bizi-eremuko mikrohabitat-moten ugaritasun erlatiboa kontuan izanda, habitataren araberako lehentasunak zehaztu, eta hautespena aztertu genuen.
Habitat-hautespenaren behin-behineko analisiek iradoki digute ur-satorrak, aktibo dagoen denboran, ur lasterren aldeko hautua egiten duela, ur bareen eta putzuen alboan. Hautespen horrek adieraziko luke ur lasterren kopurua handitu behar dela animalia zaurgarri horren biziraupena bermatzeko. Aipatzekoa da hautespen-indizeak balio handiagoa ageri duela Leitzaranen Elaman baino (Elaman, 0,299; Leitzaranen, 1,299), eta horrek iradokitzen du Leitzaranen, oro har, baldintzak okerragoak direla.
Elamako eta Leitzarango ibaien arteko diferentziak ubidearen ezaugarriekin loturik leudeke. Elamako arroak kontserbazio-egoera bikaina du, baso helduz dago estalita, eta ibilguetan ez da ia giza eraginik nabari. Leitzaranen, ordea, baso-ustiapen eta mendi-pista ugari dago, eta haiek errekari eragiten dioten kaltea areagotu besterik ez dute egiten zentral hidroelektrikoek, agorraldian emari osoaren % 90etik gora kentzera iristen baitira. Emaria gutxitzeak azalera-unitateko ur lasterren kopurua murriztea dakar (Arroita et al., 2017), eta, hala, ikerketa honetako emaitzek adierazitakoaren arabera, ur-satorraren ekologia espazialean eragiten da. Datorren urtean, ur-emarien aldaketek modelizazioan duten eragina ezagutzeko azterketak egingo ditugu, zentral hidroelektrikoek ura erauzteak honetan guztian duen eragina zehatzago aztertzeko.
Habitat-hautespena ezagututa, dieta-hautespena ezagutzea izango da ikerketaren hurrengo helburua. Hain zuzen ere, dietaren analisi molekularraren bidez (NGS bidezko gorotzetako DNAren azterketa) eta mikrohabitat bakoitzeko bazka-eskuragarritasuna laginduz ekologia trofikoa ezagutzea izango da etorkizun hurbileko helburua.
Bazka-eskuragarritasuna zehazteko, makroornogabeak (intsektuen larba urtarrak) lagindu eta identifikatu genituen jarraipenen garai bertsuan. Horrekin batera, dieta zehazteko, 100 gorotz fresko baino gehiago bildu genituen ibai bakoitzeko ikerketa-eremu guztian zehar, ahalik eta muturluze-kopuru handienaren dieta islatu zezaten. Analisi molekularraren bidez, gorotzetan agertzen diren harrapakinak identifikatzen ari gara orain (COI genearekin), aurrez egindako azterketa pilotu baten bidez metodologia findu ostean.
Eskuragarri zegoen harrapakin-komunitatea ezagutu ondoren, eta gorotzen analisi molekularren emaitzak aintzat hartuta, haien arteko konparazioa egin, eta muturluzearen dieta-hautespenaren inguruko informazioa lortuko dugu.
Pirinioetako muturluzearen habitat- eta dieta-hautespenak aztertu ostean, baliabide mugatzailea zehaztea izango da ikerketaren azken helburua. Horretarako, mikrohabitat mailako hautespen-patroiek bertako harrapakinen eskuragarritasunari edo bestelako ingurune-faktoreei (babesleku-eskuragarritasuna, faktore hidrologikoak, fisikoak, etab.) jarraitzen dioten zehaztuko dugu. Horrek guztiak aukera emango du Pirinioetako muturluzearen kudeaketarako funtsezko izango diren norabideak zehazteko.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia