Natur Zientzien I. Topaketa: naturazaleen elkargunea

Odriozola, Iñaki

Topaketen antolaketa-taldeko kidea

natur-zientzien-i-topaketa-naturazaleen-elkargunea
Arg. Antton Alberdi

Asko dira Euskal Herrian naturaren inguruan lan egiten dutenak, bai lanbide moduan eta bai afizioz ere. Alabaina, komunitate horretako gutxik ezagutzen dute elkar, eta horrek asko zailtzen du elkarlana. Egoera hori iraultzen hasteko egin zen joan den azaroaren 9 eta 10eko asteburuan Natur Zientzien I. Topaketa. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako egitasmoak aukera eman zuen Euskal Herrian natura-zientzien inguruan lanean dihardutenek elkar ezagutzeko, komunitatearen barnean zubiak eraikitzen hasteko eta elkarlan-sare baten oinarriak ezartzeko etorkizunari begira.

Naturazaleak elkartzeaz gain, 18 hizlari gonbidatuk parte hartu zuten naturaren inguruko gaurkotasunezko lau gai aztertzeko. Hainbat alorretakoak izan ziren hizlariak, gaien ahalik eta ikuspegi zabalena lortzeko, hala nola zientzialariak, teknikariak, natura-taldeetako kideak, abeltzainak... Mahai-inguruan, euskalgintzako lau erreferente izan genituen, zientziaren mundu globalizatuan euskarak duen edo izan behar lukeen tokiaz eztabaidatzen.

Egur hila: basoetako biodibertsitatearen erregaia

Egur hilari buruz jardun zuten topaketetako lehenengo saioan. Zein da gure basoen egoera? Galdera horretatik abiatu zuen saioa Miel Mari Elosegi basozainak, eta errepaso ederra eman zion Euskal Herriko baso-kudeaketaren historiari. Kudeaketa horren ondorio da egungo egoera, alegia, orokorrean zuhaitz homogeneoz osaturiko eta egur hilik gabeko basoak izatea.

Jarraian, egur hilak onddoentzat, intsektuentzat eta okilentzat duen garrantziaz hitz egin zen. Azaldu zen nola erabiltzen duten onddoek zura eta zer usteltze-mota eragiten duten; nola aprobetxatzen duten intsektuek eta okilek usteltze hori beren elikagaiak eta babeslekuak eskuratzeko, eta, orokorrean, nola egur hilaren ugaritasunak eta dibertsitateak sostengatzen duen basoko bizitza oparoa eta dibertsoa. Denak bat etorri ziren esatean baso-kudeaketarekin zerrategirako egokiak diren oholak baino zerbait gehiago lortu behar dela.

Abere-hilotzen kudeaketa Euskal Herriko mendietan

Abere-hilotzen kasuan, abeltzainak eta animalia sarraskijaleak izan zituzten hizpide. Saien erasoek oihartzun handia izan zuten duela urte batzuk, eta, azken urteetan gaia lasaitu bada ere, polemikoa izaten jarraitzen du. Saien kontrako erasoak gutxitu egin dira azken hamarkadetan eta, hiloztegiei esker, ez zaie jatekorik falta izan; ondorioz, populazioek asko egin dute gora, eta inoizko populazio handienak ei ditugu.

Saien elikadura, gizakiarekiko harremanaren bilakaera eta animalia biziekiko erasoen nondik norakoak izan zituzten hizpide hizlariek, eta eztabaidak ere piztu ziren horren harira. Iker Elosegik azpimarratu zuen adituek hanka sartu zutela erasoak hain irmo ukatzearekin. Iñaki Otegi artzainak amaitu zuen saioa, saien erasoen eraginari pisua kenduz eta komunikabideek polemikak puzteko duten ahalmena salatuz. Aldarrikatu zuen, abeltzainen benetako arazoa ez direla saien erasoak, ekonomikoki hain itota bizi beharra baizik.

Ur-baliagaiak eta haien zerbitzu ekosistemikoak

Ibaien bueltan hainbeste ikerlari aritzen denez, elkarlanerako deia izan zen Iñaki Antiguedaden sarreraren ardatza. Horrez gain, ibaiari begiratzeko ikuspegi orokorrago bat aldarrikatu zuen, hots, ibai-arroa ibaia baino gehiago dela.

Ibaien eta hezeguneen egoera ere izan zuten hizpide, eta, oro har, azken urteetan haietako uraren kalitateak hobera egin duen arren, ibaiek eta hezeguneek ustiaketaren ondorioz dituzten arazo ekologikoak azaldu zituzten. Ibaiaren ibilguan eraikitzeak sortu dituen arazoak, espezie inbaditzaileak, kutsatzaileen isurketak... izan zituzten mintzagai.

Ekintza jakin batzuk ere azaldu ziren, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia ibaien iragazkortasunari begira egiten ari den ekintzak eta Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak Inurritzako Biotopo Babesturako proposatzen duen proiektua.

Zerbitzu ekosistemikoen balioa zehazteko, balioztatze ekonomikoaren bidea azaldu zuen Elisa Sainz de Murietak, eta, mugak badituela jakinda ere, aditua ez den jendearengana hurbiltzeko eskaintzen duen erraztasuna nabarmendu zuen.

Itsasoa: klima-aldaketaren ubera

Malaspina 2010 espedizioan oinarrituta, mundu guztiko itsas hondoetan barrena bidaia eder bat egiteko aukera izan zen, Iñigo Azuaren eskutik. Klima-aldaketaren ondorioz itsasoan gertatzen ari diren aldaketak detektatzeko esperimentu baten lehen zatia izan zen espedizio hori, eta xehetasunak azaldu ziren.

Bestalde, BC3 Euskal Herriko elkarteak PERSEUS nazioarteko proiektuan duen paperaren berri eman zen. Eta klima-aldaketaren ondorioak modu lokalagoan ere ikusi ahal izan ziren, Eneko Bachiller eta Iñigo Muxika AZTIko ikerlarien eskutik. Horiek ikerketa-lerro zehatz batzuk azaldu zituzten: klima-aldaketaren eta arrantzaren moduko giza jarduera zuzenagoen eraginaz hitz egin zuten, Bizkaiko itsasoan nagusiki arrantzatzen diren arrainak eta komunitate bentonikoak protagonistatzat hartuta.

Itsasoaren erraldoitasuna agerian geratu zen saio horretan: Zer dakigu itsasoaz? Norainokoa da gure ezjakintasuna? Ilargira eta Martera joan gara, baina gure Lurraren bi heren den itsasoaren % 10 ere ez dugu ezagutzen.

Mahai-ingurua: euskara zientzian

Txema Pitarkek bideratu zuen mahai-ingurua, eta, bere iritzia azaltzeko tartea erabili ondoren, beste hizlariei pasatu zien lekukoa. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Eider Cartonek eta Jose Ramon Etxebarriak hitz egin zuten, hurrenez hurren. Mahaikideek esandakoarekin oso ados agertu ziren guztiak ere, eta bazirudien ez zela eztabaidarako tarterik egongo; baina entzuleek doktore-tesiak euskaraz egiteari buruz galdetu zutenean piztu zen eztabaida. Aretoko askok eman zuten beren iritzia, eta, eztabaida-ildo bati eutsi ez zitzaion arren, gogoetarako ideia ugari plazaratu ziren.

Topaketara bertaratu ez zirenek, gainera, hitzaldia zuzenean Internet bidez jarraitzeko aukera izan zuten, UEUren Youtubeko katean. Eztabaida sarean pizteko balio izan zuen horrek; eta topaketatik hainbat egunetara eztabaidak bizi-bizi jarraitzen zuen oraindik.

Poster-saioa eta nola ez... bazkaria.

Dozenaka lantalde, lan-ildo eta egitasmo aurkeztu ziren poster-saioan, eta aukera paregabea izan zen intereseko lantaldeak identifikatu eta harremanetan jartzeko. Gainera, izango zen beste tarte bat ere poster-saioan hasitako kontaktuak gauzatzeko. Igande-eguerdian, giro ederrean eta Euskal Herrian elkarlanari hasiera emateko egon litekeen testuingururik egokienean amaitu zen Topaketa: mahaiaren bueltan. Bazkari eder batez gozatzeko aukera izan zuten dozenaka lagunek, eta nahikoa denbora izan zen bertan asteburuan gertatutakoaz eta beste hainbat gauzaz hitz egiteko.

Topa!

Ez genuke bukatu nahi kronika hau Topaketan eta haren antolakuntzan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman gabe. Antolatzaileon iritziz, arrakastatsua izan zen Natur Zientzien I. Topaketa; ia 150 lagun bildu ginen, eta, zenbait sektoreren falta sumatu bagenuen ere, orokorrean erantzuna bikaina izan zela uste dugu. Asteburu ederra igaro genuen, eta jendea ere gustura gelditu zen. Emaitzarekin gogobeteta geratu arren, hurrengoak hobeak izateko erronka jarri diogu geure buruari. Izan ere, lehen edizio hau bizi ostean, inoiz baino ziurrago gaude ondorengoak antolatzea mereziko duela.

Topa naturari, zientziari eta euskarari!

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila