2023/09/01
351. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Kukutxeztula: hurbileko begirada bat
IkerGazte 2023 kongresuan Zientzia eta Natur Zientziak arloan saritutako lana
Kukutxeztula arnasbideetako infekzio kutsakor bat da, Bordetella pertussis bakterioak eragiten duena eta hilgarria izan daitekeena zenbait populaziorentzat. Mundu mailako immunizazio-kanpainek egoera arintzen lagundu duten arren, 3-5 urtean behin gorakadak erregistratzen dira. Urruti joan gabe, Osakidetzak agerraldi baten berri eman zuen Gipuzkoan 2023ko ekainean. Berrikuspen honetan, gaixotasuna, bakterioa eta haren birulentzia-faktoreak landu ditugu.
Arg. Biorender.com-en bidez sortua.
2019. urtean, behe-arnasbideetako infekzioek 2,4 milioi pertsona hil zituzten munduan [38], eta 5 urtetik beherako haurrak eta adineko pertsonak izan ziren kaltetuenak [43]. Infekzio horien erantzuleak birus edota bakterio patogenoak izaten dira, eta pneumoniaren bakterioak, esaterako, heriotzen ia erdiak eragiten ditu [29, 43]. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi Coronaviridae familiako birusak, hotzeria arruntaren eta SARS, MERS edota COVID-19 gaixotasunen eragileak. Berrikuspen honetan, nolanahi ere, kukutxeztula izan dugu aztergai, zeina Bordetella pertussis bakterioak eragiten baitu.
Gaitz zahar baten itzulera
Kukutxeztula edo kukurruku-eztula izen bitxia daukan gaixotasun bat da. Hala ere, ondo deskribatzen du kutsatutako pertsonek, eztul-gertakari baten eta hurrengoaren artean, arnasa hartzean egiten duten soinua. Hasieran ohiko eztularen antza izan dezakeen arren, sintomek asteak edota hilabeteak iraun dezakete. Arnasa hartzeko zailtasuna, eztul-gertakari zakarrak eta sukarra eragin ditzake, besteak beste. Haur jaioberrietan apnea ere ohikoa izaten da. Gaixotasuna hasierako etapetan gainditu ezean, kasurik larrienetan heriotza eragin dezake, eta gaixoen % 90 pneumoniagatik hiltzen dira [23].
Infekzio honek haur asko gaixotzen eta hiltzen ditu oraindik munduan, baina txertoekin ekidin daiteke [16]. Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) argitaratutako azken txostenaren arabera, kukutxeztularen aurkako txertoak eskuragarri egon baino lehen, haurtzaroko gaixotasunik ohikoenetako bat zen. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, eskala handiko txertatze-kanpainek intzidentzia eta hilkortasuna % 90 jaistea eragin zuten, industrializatutako herrialdeetan behintzat (OME, 2021).
Herrialde bakoitzak immunizazio-kanpaina propioa izan dezake. Adibidez, Europako programen inguruko informazioa jasotzen du Europako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren (ECDC) webguneak. Dena den, une honetan, ohikoena da difteria, tetanos eta kukutxeztularen aurkako txerto hirukoitza batera jasotzea. Haurtzaroan zehar jasotzen da, hiru dositan. Mundu mailako estimazioen arabera, 2021ean txerto horren mundu mailako immunizazio-estaldura % 81ekoa izan zen, 2008az geroztiko baxuena [35].
Esan bezala, haurtzaroan jasotako txertoei esker, helduek oso sintoma arinak izaten dituzte gehienetan. Horrez gain, haurdunaldian amek jasotako txertoek ere haurren ospitaleratzea eta heriotza ekiditen lagundu dute. Kasu horretan, amak sortutako antigorputzak plazentaren bidez pasatuko dizkio haurrari, eta, hala, babesa eman [23].
Kukutxeztula Bordetella pertussis izeneko bakterioak eragiten du, eta arnasbideetako jariakinekin edo listu-tantekin kontaktua izatean kutsatu daiteke. Jules Bordetek eta Octave Gengouk identifikatu, isolatu eta erein zuten lehenbizikoz, 1906an [4]. Horri eta immunitateari lotutako beste zenbait aurkikuntzari esker, Bordetek Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria jaso zuen 1919an.
Bordetella pertussis bakterioaren eta haren birulentzia-faktoreen irudi eskematikoa. Arg. Biorender.com-en bidez sortua.
Gaixotasuna aspalditik ezaguna izanagatik ere, oraindik gainditu ezinean gabiltza; izan ere, kutsatu-kopuruak gora egiten du 3-5 urtean behin. Gaur egun, hainbat herrialdetako osasun-zerbitzu publikoen arazoa da. Esaterako, Europa osoa epidemia egoeran dago 2011tik (ECDC); gurean, berriz, Osakidetzak agerraldi baten berri eman zuen Gipuzkoan 2023ko ekainean.
Egia esan, badira urte batzuk OMEk kezka adierazi eta gaixotasunaren gorakada mundu mailan gertatzen ari dela onartu zuenetik. Arnasbideetako beste infekzio batzuetan ez bezala, kasu honetan agerraldiak ez dira uniformeak izaten; hau da, ez daude leku edota urtaro konkretu batzuei lotuta. Zenbait ikerketa epidemiologikok adierazi dute litekeena dela gorakada immunitatea galtzeari lotuta egotea [22, 20, 34]. Bestela esanda, kukutxeztularen aurkako immunitatea behin-behinekoa da, eta, beraz, iraungitze-data dauka. Estimazioen arabera, immunitate naturalak 3,5-30 urtera arte irauten du, eta txertoen bidez lortutakoak, 4-14 urte. Hortaz, behin gaixotasuna pasatuta ere oso ohikoa da berriz kutsatzea. Hala ere, sintomen larritasuna immunitatea eskuratu zen unetik pasatutako denborari lotuta dago [46].
Zelula-mintzetan barrena
B. pertussis bakterioak gizakien arnasbideetako mukosarekiko afinitate espezifikoa du. Horrek esan nahi du bertan itsasteko gaitasuna daukala. Goi- eta behe-arnasbideak inbaditu eta bertan bizi ahal izateko, hainbat birulentzia-faktore erabiltzen ditu. Batzuek zelula ostalarietara itsasten laguntzen diote, eta beste batzuk, aldiz, epitelio geruza hondatzeko eta immunitate-sistema saihesteko erabiltzen ditu. Irakurleak birulentzia-faktore horien inguruko informazio gehiago nahi badu, ondoko berrikuspenak irakurtzera gonbidatzen dugu [15, 9].
Bakterio honek erasorako erabiltzen dituen molekulen zerrenda luzea da. Haien artean, Adenilato Ziklasa toxina poro-eragilea dago, immunitate-sistemako zelulei erasotzen dien proteina bat. Hala, gizakion defentsak ahultzen ditu, eta bakterioa erraz zabal daiteke gorputzean [25, 7].
Toxina poro-eragileak (ingelesez Pore-forming toxins) zulagailu biologiko gisa deskribatu daitezke dudarik gabe, mintza alde batetik bestera gurutzatzen duten kanal urtsuak eratzen baitituzte [8, 30]. Mintz biologikoak zelularen osotasuna eta arkitektura mantentzeko aldamio sendo eta dinamikoak dira. Lipidoz, proteinaz eta azukrez osatuta daude, eta zelulen barne- eta kanpo-ingurunea bereizten dituzte [45]. Zelulan zer sartu edo handik zer irten daitekeen ere erregulatzen dute. Horrenbestez, haiek hondatzeak zelularen heriotza eragin dezake [3, 24, 47]. Bizi-erreinu guztietan topa dezakegu toxina poro-eragileren bat ekoizten duen organismoren bat: bakterio patogenoak, nematodoak, onddoak, protozoo parasitoak, igelak, landareak eta organismo garatuagoak izan daitezke [19]. Dena den, toxina horiek guztiek zelulei erasotzeko erabiltzen dituzten mekanismo molekularrak antzekoak dira.
Proteina poro-eragileen jarduna zelula-mintzean. Arg. Biorender.com-en bidez sortua.
Adenilato Ziklasa toxinak, beste proteina poro-eragile batzuek bezala, oso modu berezian jarduten du. Hasieran, bakterioak ekoitzi eta kanpo-ingurunera jariatzen duenean, uretan disolbagarria izaten da, eta eskualde hidrofobikoak ezkutuan izaten ditu. Aldiz, zelula ostalariarekin topo egiten duenean, itxuraz aldatzen da: uretatik babestuta zeuden eskualde horiek bistaratzen ditu, eta mintzean txertatzen da [8, 17, 32, 42]. Jarraian, poroa eratu ahal izateko, zenbait proteina elkartzen dira, eta egitura konplexuago bat osatzen dute. Hala funtzionatzen dute kolizinek, zitolisinek, hemolisinek, difteria toxinak, antrax toxinaren babes-antigenoak edota Repeats in ToXins (RTX) familiako toxina poro-eragileek [28]. Poroaren eraketa bera oso prozesu dinamikoa da, eta, hortaz, behatzen zaila. Hori erronka bat da ikertzaileontzat.
Lipido eta proteinak, a ze parea!
Toxina poro-eragileek, zelula-mintzean behar bezala txertatzeko, mintzeko lipidoen laguntza izaten dute askotan. Lipidoek prozesua zuzenean nahiz zeharka doitu dezakete, hain zuzen ere. Alde batetik, proteinekin modu espezifikoan elkarreragin dezakete [26, 36, 4o]; bestetik, mintzaren ezaugarri biofisikoak (jariakortasuna, fase-bereizketa, lodiera, tentsioa, etab.) modula ditzakete [10, 21, 39]. Beraz, proteinaren egitura eta funtzioa alda ditzakete.
Mintzeko kolesterolak, esaterako, era askotako mintz-hartzaileen jarduera kontrolatzen du, interakzio espezifikoen bidez. Halaber, zenbait proteinak kolesterola espezifikoki ezagutzen duten eskualdeak eduki ditzakete: neurotransmisoreen hartzaileek eta ABC (ingelesez ATP-Binding Cassette) garraiatzaileek, adibidez. Eskualde horiek CRAC (ingelesez Cholesterol Recognition Amino acid Consensus) edo alderantzizko CARC motibo gisa izendatzen dira, eta, askotariko egiturak dituzten arren, antzeko mekanismoak erabiltzen dituzte kolesterolari lotzeko. Literaturan irakur daitekeenez, zenbait aminoazido sarritan agertzen dira segmentu horietan, jada ezaguna den eta deskribatuta dagoen patroi bati jarraituz [14, 13].
Ikertzaile askok mintzeko lipidoen eta proteinen arteko interakzioan jarri dute arreta, hain justu ere. Interes handiko gaia da gaur egun, eta hainbat diziplina zientifiko uztartzen ditu: biokimika, biofisika, zelulen biologia eta bioinformatika, besteak beste. Gure taldeak Adenilato Ziklasa toxinaren eta mintzaren arteko elkarrekintza aztertu du azken urteotan, biofisika eta biokimika uztartuz batez ere. Berriki frogatu dugu proteinaren aktibitate toxikoa mintzeko kolesterolaren menpe dagoela [18], eta proteinaren eta kolesterolaren arteko elkarrekintza espezifikoa dela [1].
Zertarako oinarrizko ikerkuntza?
Gizakiak kukutxeztularekin elkarbizitzen ikasi du, eta egoerak nabarmen egin du hobera txertoak guztiontzat eskuragarri daudenetik. Hori, duda barik, oinarrizko ikerkuntzari eta ikerkuntza aplikatuari zor diegu. Bakterioak gizakiei kalte egiteko erabiltzen dituen tresnak identifikatu, deskribatu eta ulertzea ezinbestekoa izan da gaixotasunaren mekanismo molekularrak zein diren azaltzeko eta kukutxeztulari aurka egin ahal izateko.
Toxina poro-eragileei dagokienez, ingurunearen araberako izaera aldakorra dute. Oso azkar aldatzen dute itxura, eta, ondorioz, oso zaila da hain prozesu dinamikoak behatu ahal izatea. Dena dela, ez dira mekanismo bakanak, naturan beste zenbait proteinatan ere gertatzen dira: ornodunen immunitate-sistemako zenbait proteinatan edota proteina amiloideetan, besteak beste [27, 37]. Hortaz, proteina horiek ulertzeko egindako esfortzua lagungarria izan daiteke beste esparru batzuetarako ere.
Aipatu dugu jada toxina poro-eragileak benetan kaltegarriak izan daitezkeela giza osasunerako. Aitzitik, luzaroan ikertu dira, eta, gaur egun, badakigu erabilgarriak izan litezkeela etorkizun handiko zenbait aplikazio bioteknologikotarako eta terapiarako: minbizi-zelulei erasotzeko [31], bakterio patogenoak hiltzeko [5], detekziorako biosentsoreak egiteko [2]… Era berean, dagoeneko frogatu dute Adenilato Ziklasa toxina txerto garraiatzaile moduan erabili daitekeela [6]. Aplikazio horien guztien garapenerako, prozesu hauen atzean dauden arau fisiko-kimikoak ulertu behar izan dira lehenbizi, eta, horretarako, oinarrizko ikerkuntza behar da. Horrez gain, diziplina askotako ikertzaileen arteko elkarlanak eta komunikazioak bidea erraztu eta azkartuko du, zalantzarik gabe.
Bibliografia
- Amuategi, J., Alonso, R., eta Ostolaza, H. 2022. “Four Cholesterol-Recognition Motifs in the Pore-Forming and Translocation Domains of Adenylate Cyclase Toxin Are Essential for Invasion of Eukaryotic Cells and Lysis of Erythrocytes”. International Journal of Molecular Sciences, 23(15), Article 15. https://doi.org/10.3390/ijms23158703
- Anderluh, G., eta Lakey, J. H. 2008. “Disparate proteins use similar architectures to damage membranes”. Trends in Biochemical Sciences, 33(10), 482-490. https://doi.org/10.1016/j.tibs.2008.07.004
- Bernardes, N., eta M. Fialho, A. 2018. “Perturbing the Dynamics and Organization of Cell Membrane Components: A New Paradigm for Cancer-Targeted Therapies”. International Journal of Molecular Sciences, 19(12), 3871. https://doi.org/10.3390/ijms19123871
- Bordet J, Gengou O. 1906. “Le microbe de la coqueluche. Ann Inst Pasteur (Paris). 1906;20:731–41.
- Brogden, K. A. 2005. “Antimicrobial peptides: Pore formers or metabolic inhibitors in bacteria?” Nature Reviews Microbiology, 3(3), 238–250. https://doi.org/10.1038/nrmicro1098
- Carneiro, G. B., Castro, J. T., Davi, M., Miyaji, E. N., Ladant, D., eta Oliveira, M. L. S. 2023. “Immune responses and protection against Streptococcus pneumoniae elicited by recombinant Bordetella pertussis adenylate cyclase (CyaA) carrying fragments of pneumococcal surface protein A, PspA”. Vaccine. https://doi.org/10.1016/j.vaccine.2023.05.031
- Chenal, A. 2018. ≪An Introduction to the Toxins Special Issue on the Adenylate Cyclase Toxin≫. Toxins, 10, 386.
- Da Peraro, M., eta van der Goot, F. G. 2016. Pore-forming toxins: Ancient, but never really out of fashion. Nature Reviews Microbiology, 14(2), Article 2. https://doi.org/10.1038/nrmicro.2015.3
- Dorji, D., Mooi, F., Yantorno, O., Deora, R., Graham, R. M., eta Mukkur, T. K. (2018). Bordetella Pertussis virulence factors in the continuing evolution of whooping cough vaccines for improved performance. Medical Microbiology and Immunology, 207(1), 3-26. https://doi.org/10.1007/s00430-017-0524-z
- Escribá, P. V., González-Ros, J. M., Goñi, F. M., Kinnunen, P. K. J., Vigh, L., Sánchez-Magraner, L., Fernández, A. M., Busquets, X., Horváth, I., eta Barceló-Coblijn, G. (2008). Membranes: A meeting point for lipids, proteins and therapies. Journal of Cellular and Molecular Medicine, 12(3), 829-875. https://doi.org/10.1111/j.1582-4934.2008.00281.x
- Etymologia:Bordetella pertussis. (2010). Emerging Infectious Diseases, 16(8), 1278. https://doi.org/10.3201/eid1608.ET1608
- European Center for Disease Prevention and Control: Pertussis (whooping cough) https://www.ecdc.europa.eu/en/pertussis-whooping-cough 2023-06-19
- Fantini, J., eta Barrantes, F. J. (2013). How cholesterol interacts with membrane proteins: An exploration of cholesterol-binding sites including CRAC, CARC, and tilted domains. Frontiers in Physiology, 4, 31. https://doi.org/10.3389/fphys.2013.00031
- Fantini, J., Di Scala, C., Evans, L. S., Williamson, P. T. F., eta Barrantes, F. J. (2016). A mirror code for protein-cholesterol interactions in the two leaflets of biological membranes. Scientific Reports, 6(1), Art. 1. https://doi.org/10.1038/srep21907
- Fedele, G., Bianco, M., eta Ausiello, C. M. (2013). The virulence factors of Bordetella pertussis: Talented modulators of host immune response. Archivum Immunologiae Et Therapiae Experimentalis, 61(6), 445-457. https://doi.org/10.1007/s00005-013-0242-1
- Fry, N. K., Campbell, H., eta Amirthalingam, G. (2021). JMM Profile: Bordetella pertussis and whooping cough (pertussis): still a significant cause of infant morbidity and mortality, but vaccine-preventable. Journal of Medical Microbiology, 70(10), 001442. https://doi.org/10.1099/jmm.0.001442
- Gilbert, R. J. C., Dalla Serra, M., Froelich, C. J., Wallace, M. I., eta Anderluh, G. (2014). Membrane pore formation at protein-lipid interfaces. Trends in Biochemical Sciences, 39(11), 510-516. https://doi.org/10.1016/j.tibs.2014.09.002
- González Bullón, D., Uribe, K. B., Amuategi, J., Martín, C., eta Ostolaza, H. (2021). Cholesterol stimulates the lytic activity of Adenylate Cyclase Toxin on lipid membranes by promoting toxin oligomerization and formation of pores with a greater effective size. The FEBS Journal, 288(23), 6795-6814. https://doi.org/10.1111/febs.16107
- Gupta, L. K., Molla, J., eta Prabhu, A. A. (2023). Story of Pore-Forming Proteins from Deadly Disease-Causing Agents to Modern Applications with Evolutionary Significance. Molecular Biotechnology. https://doi.org/10.1007/s12033-023-00776-1
- Gustafsson L, Hessel L, Storsaeter J, Olin P. Long-term follow-up of Swedish children vaccinated with acellular pertussis vaccines at 3, 5, and 12 months of age indicates the need for a booster dose at 5 to 7 years of age. Pediatrics. 2006 Sep;118(3):978-84. doi: 10.1542/peds.2005-2746. PMID: 16950988.
- Janmey, P. A., eta Kinnunen, P. K. J. (2006). Biophysical properties of lipids and dynamic membranes. Trends in Cell Biology, 16(10), 538-546. https://doi.org/10.1016/j.tcb.2006.08.009
- Jenkinson D. Duration of effectiveness of pertussis vaccine: evidence from a 10 year community study. BMJ, 1988; 296:612–614.
- Kilgore, P. E., Salim, A. M., Zervos, M. J., eta Schmitt, H.-J. (2016). Pertussis: Microbiology, Disease, Treatment, and Prevention. Clinical Microbiology Reviews, 29(3), 449-486. https://doi.org/10.1128/CMR.00083-15
- Kulma, M., eta Anderluh, G. (2021). Beyond pore formation: Reorganization of the plasma membrane induced by pore-forming proteins. Cellular and Molecular Life Sciences, 78(17), 6229-6249. https://doi.org/10.1007/s00018-021-03914-7
- Ladant, D., eta Ullmann, A. (1999). Bordetella pertussis adenylate cyclase: A toxin with multiple talents. Trends in Microbiology, 7(4), 172-176. https://doi.org/10.1016/s0966-842x(99)01468-7
- Laganowsky, A., Reading, E., Allison, T. M., Ulmschneider, M. B., Degiacomi, M. T., Baldwin, A. J., eta Robinson, C. V. (2014). Membrane proteins bind lipids selectively to modulate their structure and function. Nature, 510(7503), 172-175. https://doi.org/10.1038/nature13419
- Lashuel, H. A., eta Lansbury, P. T. (2006). Are amyloid diseases caused by protein aggregates that mimic bacterial pore-forming toxins? Quarterly Reviews of Biophysics, 39(2), 167-201. https://doi.org/10.1017/S0033583506004422
- Lata, K., Singh, M., Chatterjee, S., eta Chattopadhyay, K. (2022). Membrane Dynamics and Remodelling in Response to the Action of the Membrane-Damaging Pore-Forming Toxins. The Journal of Membrane Biology, 255(2-3), 161-173. https://doi.org/10.1007/s00232-022-00227-z
- Lukšić, I., Kearns, P. K., Scott, F., Rudan, I., Campbell, H., eta Nair, H. (2013). Viral etiology of hospitalized acute lower respiratory infections in children under 5 years of age—A systematic review and meta-analysis. Croatian Medical Journal, 54(2), 122-134. https://doi.org/10.3325/cmj.2013.54.122
- >Mondal, A. K., eta Chattopadhyay, K. (2020). Taking Toll on Membranes: Curious Cases of Bacterial β-Barrel Pore-Forming Toxins. Biochemistry, 59(2), 163-170. https://doi.org/10.1021/acs.biochem.9b00783
- Pahle J, Aumann J, Kobelt D, Walther W (2015) Oncoleaking: use of the pore-forming clostridium perfringens enterotoxin (CPE) for suicide gene therapy. Methods Mol Biol 1317:69–85. doi:10.1007/978-1-4939-2727-2_5
- Parker, M. W., eta Feil, S. C. (2005). Pore-forming protein toxins: From structure to function. Progress in Biophysics and Molecular Biology, 88(1), 91-142. https://doi.org/10.1016/j.pbiomolbio.2004.01.009
- Pertussis, WHO: https://www.who.int/health-topics/pertussis#tab=tab_1 (2023-06-19)
- Quinn HE et al. Pertussis epidemiology in Australia over the decade 1995-2005 –trends by region and age group. Communicable Diseases Intelligence, 2007, 31:205–215.
- Rachlin, A., Danovaro-Holliday, M. C., Murphy, P., Sodha, S. V., eta Wallace, A. S. (2022). Routine Vaccination Coverage—Worldwide, 2021.
- Renard, K., eta Byrne, Morbidity and Mortality Weekly Report, 71(44), 1396-1400. https://doi.org/10.15585/mmwr.mm7144a2B. (2021). Insights into the Role of Membrane Lipids in the Structure, Function and Regulation of Integral Membrane Proteins. International Journal of Molecular Sciences, 22(16), Art. 16. https://doi.org/10.3390/ijms22169026
- Rosado, C. J. et al. (2007). A common fold mediates vertebrate defense and bacterial attack. Science, 317(5844), 1548-1551. https://doi.org/10.1126/science.1144706
- Safiri, S., Mahmoodpoor, A., Kolahi, A.-A., Nejadghaderi, S. A., Sullman, M. J. M., Mansournia, M. A., Ansarin, K., Collins, G. S., Kaufman, J. S., eta Abdollahi, M. (2023). Global burden of lower respiratory infections during the last three decades. Frontiers in Public Health, 10, 1028525. https://doi.org/10.3389/fpubh.2022.1028525
- Salas-Estrada, L. A., Leioatts, N., Romo, T. D., eta Grossfield, A. (2018). Lipids Alter Rhodopsin Function via Ligand-like and Solvent-like Interactions. Biophysical Journal, 114(2), 355-367. https://doi.org/10.1016/j.bpj.2017.11.021
- Sych, T., Levental, K. R., eta Sezgin, E. (2022). Lipid-Protein Interactions in Plasma Membrane Organization and Function. Annual Review of Biophysics, 51, 135-156. https://doi.org/10.1146/annurev-biophys-090721-072718
- Surveillance Atlas of Infectious Diseases (ECDC): https://atlas.ecdc.europa.eu/public/index.aspx?Dataset=27etaHealthTopic=38 (2023-06-20)
- Tilley, S. J., eta Saibil, H. R. (2006). The mechanism of pore formation by bacterial toxins. Current Opinion in Structural Biology, 16(2), 230-236. https://doi.org/10.1016/j.sbi.2006.03.008
- Troeger et al. Estimates of the global, regional, and national morbidity, mortality, and aetiologies of lower respiratory tract infections in 195 countries: A systematic analysis for the Global Burden of Disease Study 2015. (2017). The Lancet. Infectious Diseases, 17(11), 1133-1161. https://doi.org/10.1016/S1473-3099(17)30396-1
- Vaccine Scheduler (ECDC). Pertussis recommended vaccinations: https://vaccine-schedule.ecdc.europa.eu/Scheduler/ByDisease?SelectedDiseaseId=3etaSelectedCountryIdByDisease=-1 (2023-06-20)
- Watson H. “Biological membranes”. 2015. Essays Biochem. 2015;59:43-69. doi:10.1042/bse0590043. PMID: 26504250; PMCID: PMC4626904.
- Wearing, H.J., eta Rohani, P. 2009. “Estimating the duration of pertussis immunity using epidemiological signatures”. PLoS Pathog., 5(10), e1000647.
- Zhang, Y., Chen, X., Gueydan, C., eta Han, J. 2018. “Plasma membrane changes during programmed cell deaths”. Cell Research, 28(1), Art. 1. https://doi.org/10.1038/cr.2017.133.
Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.