Zenbat energia kontsumitu beharko genuke, eta nork? Horrelako galderei zehatz erantzutea zaila da, baina egun bizi dugun testuinguruak eta bertan energiaren aferak duen garrantziak halako galderen inguruan hausnartzera behartzen gaitu. Kasu honetan, pobrezia energetikoan jarri dugu begirada, arazoa ulertzetik hasi eta konponbide posibleen inguruko zertzeladak emateko asmoz.
Energiaz gero eta gehiago entzun, idatzi eta hitz egiten da azken aldian kalean, prentsan nahiz politikan. COVID-19 birusak eragindako pandemia eta Ukrainako gerra izan dira, hein handi batean, energia-krisia lehen lerrora ekarri duten eragile nagusiak. Arazoa ez da berria, hala ere, eta duela 50 urte argitaratutako The Limits to Growth (Hazkundearen mugak) txostenak aurreikusi moduan [1], gizartea planetaren muga biofisikoekin talka egiten hasia deneko gero eta zantzu gehiago dira; besteak beste, energiaren erreserben nahiz fluxuen mugekin. Energiarena elkarren artean lotutako beste hainbat arazok zeharkatutako gaia da, hala nola bioaniztasunaren galerak, kutsadurak, lehengaien eskasiak, zaintza-lanen krisiak, arazo sozialak edo krisi ekonomikoak. Ezin bata bestea gabe ulertu. Energiari helduko diogu kasu honetan, eta, zehatzago, bere alde sozialetako bati, pobrezia energetikoari.
Energiak protagonismoa hartu duen honetan, pobrezia energetikoak ere jauzi egin du eztabaida publikora, eta gai marginal izatetik gero eta kezka handiagoa eragiten duen arazo izatera igaro da. Kezka horrek baditu hainbat arrazoi; izan ere, etxean hotza izatea edo argindar-faktura ordaindu ezin ahal izatea, adibidez, gero eta pertsona gehiagok pairatzen duten egoerak dira. Ingelesezko heat or eat (berotu ala jan) esapideak argi eta garbi azaltzen du hitz gutxitan pertsona askoren egoera larria. Eta egoera horiek ez dute soilik norberaren poltsikoan edo osasun mental nahiz fisikoan eragiten, haien ondorioak gizarteko arlo askotarikoetaraino iristen baitira, izan osasun-sistemara edo politika fiskaletara; hau da, guztiongana.
Adibideez haratago, badu definizio zehatzik pobrezia energetikoak, eta horretan aurrekari izan zen Erresuma Batuko Brenda Boardman ikerlaria, bera hartzen baita definizioaren sortzailetzat. Izan ere, ikerlariak bere doktore-tesian erabili zuen fuel poverty (erregai-pobrezia) terminoa lehen aldiz [2], eta hiru hamarkadaren ondoren oraindik ere erabiltzen da definizio hori, nahiz eta aldaketarik izan den. Hasierako definizio haren arabera, etxebizitza batek diru-sarreren % 10 baino gehiago berokuntzarako erabiltzen dituenean esan liteke pobrezia energetikoa pairatzen duela. Hala ere, kontuan hartu behar da garai eta geografia jakin batean sortutako definizioa dela, eta, beraz, testuinguru jakin bati dagokiola. Nahiz eta gaur egun definizio zehatz eta garatuagoak egon [3], oraindik ere pobrezia energetikoak ez du definizio unibertsalik. Haratago, arazoa ulertzeko ere ikuspegi ezberdinetatik heltzen zaio testuinguruaren arabera, izan gaitasunen ikuspegitik, aldagai subjektibo nahiz objektiboen ikuspegitik edo energiarako eskubideen ikuspegitik [4]. Arazo konplexuei ezin definizio sinplerik eman, eta beraz, esan genezake pobrezia energetikoa testuinguruari oso lotuta dagoen termino dinamikoa dela.
Pobrezia energetikoa neurtzeko adierazleei dagokienez, definizioaren antzera % 10eko muga hori ere moldatzen joan da. Gaur egun, Pobrezia Energetikoaren Aholkularitza-Zentroa (EPAH) da adierazle berriak proposatzen eta eguneratzen dituen erreferentziazko erakundea Europan [5]. Hark proposatutako lau adierazle nagusiak dira, hain zuzen ere, Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) eta Gipuzkoako Pobrezia Energetikoaren Behatokiak darabiltzatenak egoeraren azterketak egiteko [6] [7]. Hauexek dira lau adierazleak:
- Gehiegizko gastua (2M): etxebizitzaren urteko diru-sarrerekiko energia-gastua herrialdeko medianaren bikoitza baino handiagoa izatea.
- Energia gastu oso baxua (M/2): etxebizitzaren urteko energia-gastua, balio absolutuan, herrialdeko medianaren erdia baino gutxiago izatea. Ezkutuko pobrezia energetikoa ere deitu ohi zaio.
- Etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna: Neguan etxebizitza tenperatura egokian mantendu ezin ahal izatea. Batzuetan udako tenperatura desegokiak ere hartzen dira kontuan.
- Atzerapenak horniduren ordainketetan: azken 12 hilabetetan atzerapenak izatea energia-horniduren ordainketan (argia, ura, gasa eta beste erregai batzuk).
Adierazle nagusi horiek kontuan hartuta eta Europako datuei erreparatuz [8], deigarria da ikustea, adibidez, nola, batez beste, Europa hegoaldeko herrialdeetan iparraldekoetan baino etxebizitza gehiagok duten neguan tenperatura egokia mantentzeko zailtasuna, negu epelagoak izanagatik ere. Horrek erakusten du faktore klimatologikoez gain bestelako faktore batzuek ere nabarmen eragiten dutela pobrezia energetikoan; esaterako, politika sozialek edo etxebizitza- eta hirigintza-politikek.
Pobrezia energetikoak azken urteetan izan duen bilakaerari dagokionez, ikerketek argi erakusten dute azken bi hamarkadetan okerrera egin duela egoerak, nahiz eta tartean hobekuntzarik ere izan den. Europan, adibidez, ia bikoiztu egin da oinarrizko horniduren fakturetan atzerapenak izan dituztenen ehunekoa 2004 eta 2021 urteen artean [4]. Gure errealitatera gehiago hurbilduz, iaz argitaratutako ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan lau biztanletik batek pobrezia energetikoa pairatzen zuen 2016an [9], eta Gipuzkoan, 2020an, gutxi gora behera 105.000 pertsonak gehiegizko energia-gastua zutela balioesten da (2018an, ia 86.000 ziren) [7]. Joera horiek ikusita, eta pobrezia energetikoak energiaren prezioarekin duen lotura zuzena ezagututa, pentsatzekoa da zaila izango dela egoera hobetzea datozen garaiotan, ez badira hartzen horri aurre egiteko neurri zehatzak bederen.
Egoera okertzen eta haren inguruko jakintza zabaltzen joan ahala, ugaritzen ari dira pobrezia energetikoari aurre egiteko neurri eta ekimenak ere, aurretik egin izan direnei gehituz [10]; hala zientziaren arloan, eraikuntzarenean eta politika publikoetan, nola gizarte-mugimenduetan eta norbanakoen artean ere. Europatik datozen proposamenen artean, gero eta gehiago dira aurrerapen teknologikoez haratago bestelako konponbide batzuk ere bilatu behar direla esaten dutenak, eta energiaren sektorea demokratizatu eta aldaketa sozio-ekonomikoak sustatu beharra nabarmentzen dute. Administrazio publikoa ere ari da pixkanaka urratsak egiten, eta horren adibide dira han eta hemen ugaritzen ari diren energia-bulegoak herritarrei informazioa eta aholkularitza emateko, hala, besteak beste, energia-enpresa handien iruzurretan eror ez daitezen.
Powerpoor proiektua ere bide horretan doa; herritarren ahalduntzearen eta ekimen kolektiboen bidez pobrezia energetikoari aurre egitea sustatzen du, kasu honetan Goiener kooperatiba bultzatzaile duela [11] [12]. Proiektuaren bidez, gaiarekin nolabaiteko lotura edo interesa zuten berrehun pertsona inguru trebatu ditu kooperatibak azken bi urteetan, eta gehien behar dutenei laguntzeko baliabideak jarri guztien eskura; esate baterako, onlineko tresnak, beste batzuen artean pobrezia energetikoa identifikatzen eta etxeko egoera hobetzen laguntzeko. Izan ere, asko dira kontsumo-ohituretan nahiz etxearen azpiegituran egin ditzakegun hobekuntzak, gure erosotasuna hobetzeko eta kontsumoa nahiz energia-fakturak murrizteko.
Berogailuaren termostatoa erregulatzetik hasi eta etxe osoa birgaitzera arte, adibidez, ahalegin eta kostu desberdineko nahi beste neurri har daitezke, kasu bakoitzaren errealitatera egokituz betiere. Batzuek egoera pixka bat hobetzen laguntzen dute erraz eta kostu ekonomikorik gabe; esaterako, eguzkiaren bero eta argia aprobetxatzea, stand-by egoeran dauden aparatuak itzaltzea edo energia-horniduren kontratuak egokitzea. Beste neurri batzuek, berriz, hasieran ahalegin edo inbertsio handixeagoa eskatzen badute ere, aurrera begira aurrezpen nabarmena eragin dezakete; adibidez, leihoak aldatzea, efizientzia altuko etxetresnak erabiltzea edo etxeari isolamendua gehitzea.
Dena den, informaziorik gabe zaila da egoerak hobetzea, eta horregatik da hain garrantzitsua Powerpoor proiektuarentzat eta Goienerrentzat jakintza hori herritarrekin partekatzea eta, hala, ezagutuz aldatzea. Jakintzak transmisioa behar du halabeharrez, hau da, elkarrekintza, eta elkartze horretatik sortzen den indarrean jartzen du arreta berezia proiektuak. Horren erakusgarri da, esaterako, aurretik aipatutakoaz gain, pobrezia energetikoari aurre egiten ari diren eragileak saretzen aritu dela proiektua, elkarlanean jarduteak duen garrantziaren
Energia-komunitateak dira, hain zuzen ere, herritarren ahalduntzea ahalbidetzen duten tresna garrantzitsuenetako bat. Izan ere, antolatzeko eta gauzak egiteko beste modu bat eskaintzen dute, irabazi ekonomikoen gainetik onura sozial eta ingurumenekoak jartzen baitituzte eta lekuan lekuko ikuspegia baliatzen. Hernaniko Enherkom energia-komunitatea da horren adibide garbi bat, Udalak martxan jarritako energia-bulegoa kudeatzea baitu, arreta berezia jarriz herritar zaurgarrienetan. Bide horretan, aipatzekoa da energia berriztagarrien komunitateak sortzen laguntzeko gida ere, Goienerrek Elhuyarrekin elkarlanean sortuta [13]. Izan ere, planetaren mugak aurrez aurre ditugula kontuan izanda, kontsumo globala murriztu behar badugu, eta hori modu justuan egingo dela ziurtatu; horretarako baldintzak sortu beharko dira arlo eta maila guztietan, handienetik hasi eta txikieneraino. Horren adibide dira pobrezia energetikoari aurre egiteko ekimen kolektiboak, pertsona zaurgarrienen egoera hobetzearekin batera energiaren kontsumoa gutxitzea baitakarte, hau da, arazo sozialei eta ingurumenekoei aldi berean heltzen diete, elkarrekin.
Oharra:
Powerpoor proiektuak Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntzako programaren finantzaketa jaso du, 890437 zenbakiko finantzaketa-akordioaren pean.
[1] Meadows D. H., Meadows D. L., Randers J. eta Behrens W. W. I. 1972. The Limits to growth: A report for the Club of Rome's project on the predicament of mankind. Universe Books, New York.
[2] Boardman B. 1991. Fuel Poverty: From Cold Homes to Affordable Warmth. Belhaven Press, London.
[3] Aristondo O. eta Onaindia E. 2023. "Decomposing energy poverty in three components". Energy, 263 A.
[4] Antepara Lopez de Maturana I. 2022. "Pobrezia energetikoa energiaren prezio altuen garaian". Lan-Koadernoak Hegoa, 89.
[7] https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/energia/pobrezia-energetiko-behatokia
[8] https://energy-poverty.ec.europa.eu/observing-energy-poverty/national-indicators_en
[9] Aristondo O., Onaindia E. eta Sanles A. 2022. "Pobrezia energetikoa Euskal Autonomi Erkidegoan 2008, 2012, 2016 eta 2018an". Ekaia: Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia eta teknologia aldizkaria., 42, 283-300.
[10] Antepara I., Claeye F., Lopez A. eta Robyns, B. 2020. “Supporting social services in fighting fuel poverty through energy advice: An innovative case study from Spain”, GIZAEKOA - Revista Vasca de la Economía Social, 17, 71-96.
[12] https://www.goiener.com/proiektu-europarrak/powerpoor/
[13] https://energiakomunitateak.goiener.eus/
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia