Kirolean, gizarteko beste zenbait esparrutan bezala, nabarmena da zientziak eta teknologiak izan duten eragina. Entrenatzeko modua aldatuz, eta elikagai energetiko berriak sortuz, kirolari profesionalen errendimendua hobetzea lortu du zientziak. Horretaz gain, material eta diseinu berriei esker lortutako hobekuntzak oso nabariak izan dira gailuak erabiltzen diren kiroletan, hala nola txirrindularitzan, bat formulan, xabalina-jaurtiketan eta pertika-jauzian.
Euskal zientziak egindako ekarpenek ere zeresana izan dute kirol-munduan. Alde horretatik, Elhuyar anaiek aurkitutako wolframari buruz arituko gara artikulu honetan. Material horren aurkikuntzaren historia laburbildu ondoren, wolframaren ezaugarri nagusiak aipatuko ditugu. Amaitzeko, material horren erabilerak dardoen kirolean eragindako iraultza zertan datzan azalduko dugu, eta dardoen teknologiari buruz hitz egingo dugu.
Wolframita ikertzen ari ziren Ipar Europako zenbait zientzialarik susmatu zuten, lehen aldiz, wolframaren existentzia. Peter Woulfe kimikari ingelesa izan zen horietan lehena, 1781ean. Urte berean, Carl Wilhelm Scheele botikari-kimikariak eta Torbern Bergman kimikariak azido tungstenikoa lortu zuten, Suedian, baina ez ziren gai izan azidotik metala isolatzeko.
Bergmanen laborategian lanean ari zela, azido tungstenikoa lortu zuen Juan Jose Elhuyarrek 1 bere kontura. Hala ere, 1783ra arte ez zuten lortu Elhuyar anaiek wolframa isolatzea, landare-ikatzaren laguntzaz, Bergarako Errege Mintegiko kimika-laborategian. Handik denbora batera, Europako aldizkari zientifiko garrantzitsuenetan argitaratu zen Elhuyar anaien aurkikuntza, eta munduan zehar zabaldu zen albistea.
Sarritan, tungsteno hitza erabiltzen da wolframa izendatzeko. Hitz hori suedieratik dator, eta 'harri pisutsua' esan nahi du. Hitz horrek argi azaltzen digu wolframaren ezaugarrietako bat, oso dentsitate altuko metala baita wolframa (19,24 g/cm 3 ingurukoa da wolfram puruaren masa-dentsitatea, burdinarena baino 2,44 aldiz handiagoa). Horretaz gain, aipatu beharra dago oso fusio-tenperatura altua duela (3.422 °C ingurukoa) metal horrek. Bestetik, toxikotasun baxuko materiala da. Adibidez, wolframaren antzeko dentsitatea du uranioak; baina, azken hori material erradiaktiboa denez, ez da aplikazio askotarako erabilgarria.
Ezaugarri horiei esker, hainbat aplikaziotan erabiltzen dira wolframa duten aleazioak. Aplikazio horien adibide dira lanpara gorietako alanbreak, tenperatura altuko bero-ezkutuak ( heat shield , ingelesez), tenperatura altuko lubrifikatzaileak, zulatzeko makinak, higadurarekiko hauskaitzak diren ebakitzaileak, zerra zirkularrak, hegazkin komertzialetarako lasta eta, ondoren ikusiko dugun bezala, dardoak.
Dardo-txapelketetako fase gehienetan, ahalik eta puntuaziorik altuena lortzea da jokalarien helburua (hogei hirukoitza deritzon sektoreak ematen ditu puntu gehien ituan). Jokalariek hiru dardo jaurti behar izaten dituzte txanda bakoitzean; beraz, ituan itsatsita dauden dardoak oztopo bihurtzen dira jaurtitzeko falta diren dardoentzat. Kontuan izan behar da jokoan hain garrantzitsuak diren hirukoitzek oso azalera txikia dutela (310 mm 2 , gutxi gorabehera). Ondorioz, zenbat eta lodiagoak izan dardoak, hainbat eta zailagoa da, printzipioz, puntuazio altuak lortzea.
Tradizionalki, letoia erabili izan da dardoen barrilak eraikitzeko, mekanikoki oso erraz lantzen den materiala baita 2 . Hala ere, gehiegizko bolumena izan ohi dute material horrekin eraikitako dardoek.
Aurretik azaldu den bezala, masa-dentsitate oso handia eta toxikotasun baxua du wolframak. Beraz, oso hautagai egokia da dardoak eraikitzeko. Wolframezko lehen dardo komertziala 1972an merkaturatu zen; ordutik aurrera, jokalari profesionalen batez besteko puntuazioek nabarmen egin zuten gora. Gaur egun ez da zalantzan jartzen wolframaren ekarpena dardo-jokoan.
Oso material gogorra da wolframa, baina, aldi berean, hauskorra. Arazo horri aurre egiteko, aleazioak erabiltzen dira. Adibidez, % 80 wolframa eta % 20 nikela duen aleazioa da erabilienetakoa dardogintzan. Aleazio horren dentsitatea letoiaren dentsitatearen bikoitza da, gutxi gorabehera. Dardoak eraikitzeko teknologiak aurrera egin ahala, wolfram gehiago duten aleazioak lantzea lortu da, eta wolfram puruaren dentsitatera hurbiltzen diren dardoak eraiki dituzte (% 97arteko wolfram-kantitatea duten aleazioak erabili dira, arrakasta handiz, dardoak egiteko).
Dardoek teknologikoki goia jo dutela badirudi ere, dardo-etxe ezagunenetako ingeniariak etengabe ari dira lanean haiek hobetzeko asmoz. Adibidez, asko ikertzen jarraitzen dute aerodinamikaren esparruan. Bestalde, badakigu jende askok alergia diola nikelari. Irtenbide posible bat da kobrea erabiltzea nikelaren ordez, baina aukera hori ez da oso erabilia. Horren ordez, geruzen ( coating , ingelesez) erabilera ikertu da azken urteotan. Dardo-fabrikatzaile batzuek titanio nitrurozko geruzak garatu dituzte barrila estaltzeko. Esandakoaz gain, dardoen itsasgarritasuna ( grip, ingelesez) hobetzen omen dute geruza horiek. Azkenik, interesgarria da aipatzea wolframa eta renioa konbinatuz barrilak fabrikatu direla, eta masa-dentsitate handiagoa lortu. Hala ere, oso material urria eta garestia da renioa. Oraindik ez dago oso argi renioa erabiltzeak eragiten dituen kostu ekonomiko altuek lortutako hobekuntza txikia justifikatzen duten ala ez.
Artikuluan zehar ikusi dugunez, Elhuyar anaien aurkikuntzak eta beste soluzio teknologiko batzuek eragin handia izan dute dardoen kirolean. Ikusteko dago zer bide hartuko duen etorkizunean dardoen teknologiak. Argi dagoena da teknologiak kirolaren mesedetan jarraitu dezakeela.
1 Kanoiak ekoizteko sistema hobetzeko beharrezkoa zen informazio teknikoa eskuratzeko, espioitza-lanetan ibili omen zen Europan zehar Juan Jose Elhuyar, espainiar koroarentzat. Bidaia hartan, Bergman, Hjelm eta Scheele kimikari ospetsuen eskoletan izan zen Elhuyar anaietan zaharrena.
2 Jokalariek barriletik heltzen diote dardoari. Letoia eta wolframa oso labainkorrak direnez, landu egin behar izaten dira barrilak, marruskadura handitzen duten elementuak sortzeko.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak