Demagun planeta honetatik kanpoko izakiren bat Lurrera, edo nahi baldin badugu, Euskal Herrira iristen dela. Batere animaliarik topatuko ote luke? Zein da gure lurraldean, kostaldetik goi-mendietaraino, basoetatik Bardeetako basamorturaino, beti topa daitekeen animalia? Noski, irakurle, zerori bera: gizakia. Eta jakina, mundu osoan beste hainbeste gertatzen da.
Gizakia -50 eta +50 gradu bitarteko tenperaturak dituzten lekuetara egokitu da: itsas mailatik 5.000 metroko altuerara eta basamortuetatik oihanetara, eta leku gutxitan ibil gintezke planeta honetan gizakirik edota berak utzitako arrasto edo seinalerik ikusi gabe. Harrigarria, asmatzailea, txikitzailea, …, nahi bezala deskriba genezake gizakia, baina nahi edo ez, batzuetan ahaztu egiten bazaigu ere, animalia da.
Espeziea: Homo sapiens sapiens |
Gizakiak, ugaztunak, ilez jantzitako ornodunak dira; Hominidoen familiako eta Homo generoko primateak. Adimena, mintzaira artikulatua, bolumen handiko zerebroa, esku oratzaileak eta jarrera zutitua izan daitezke hauen ezaugarri berezienak. Dirudienez, gizakien arbasoak tximinoen antza zuten Afrikako oihanetako animaliak ziren. Duela 3,5 milioi urte primate hauek basoetatik paisaje irekietara pasa ziren eta garrantzi handia izan zuen aldaketa burutu zuten: jarrera zutitua hartu zuten, alegia. Gero, arbaso haiek Afrikatik beste lurraldeetara zabaltzen hasi ziren eta kultura edo ingurunea aldatzeko gaitasunari esker, guztietan egokitu ziren. Euskal Herrian, esate baterako, 150.000 urte ingurukoak dira aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak.
Milaka urtetako eboluzioaren ondorioa gaur egungo gizakia ( Homo sapiens sapiens ) da eta egia esan, espezie hau bereiztea ez da zaila. Ile gutxiko ugaztuna da, ia bilutsia, eta bi hanketan ibiltzen da. Ezaugarri hauekin ia ezinezkoa da beste espezie batekin nahastea. Arra eta emea azterketa genitalaren bidez bereiz daitezke ondoen, baina oro har, arra sendoagoa izateagatik eta emea gorputz biribiltsuagoa izateagatik bereizten dira. Neurriari dagokionez, gainerako animaliak muturretik isatsera neurtzen baldin baditugu ere, gizakien luzera, zutik ibiltzen direnez, burutik oinetarainokoa kontsideratuko dugu. Honela, bada, emeek 160 cm inguruko luzera eta 60 kilogramoko pisua dute batezbeste eta arrek zertxobait gehiago, 175 cm eta 75 bat kilo. Kolorea, berriz, zuria da nagusi inguruotan, baina aldakorra izan daiteke eskualdearen arabera. Dena den, gero eta errazago mugitzeko aukerak giza talde desberdinen arteko nahasketa areagotu du eta homogeneizazioa ekar lezake etorkizunean.
Gizakiak omniboroak dira, denetatik jaten duten ugaztunak. Oportunista tipikoak, lekuan lekuko elikagaietara ezin hobe moldatu dira. Arbasoak, ziurrenik, ehiztari eta fruitu-biltzaileak izan ziren eta haien dietaren ehuneko handia animalien haragiak osatzen zuen. Gaur egun, ordea, gizakiak inoiz baino dieta zabalagoa duela esan daiteke.
Salbuespenak erraz aurki daitezkeen arren, gizakia egun-argitan ibiltzen den animalia da eta normalean atsedena hartzen du gauean. Milaka urtez, ehiza eta fruitu-bilketa izan ziren giza talde nomaden eguneko iharduera nagusiak, baina duela 10.000 urtetik hona, artzantza eta nekazaritzaren aurkikuntzen ondoren, bizimodua guztiz aldatu zen. Iharduera hauekin produkzio-ekonomiara pasatu zen eta lorturiko soberakinei esker, espezializazio-maila altua lortu zuen. Honela, sedentario bihurtu eta gizaki bakoitza eginkizun zehatz batez arduratzen hasi zen.
Aipatutako aurkikuntza handi horiek, gaurdaino iraun duen populazioaren gorakada handia eragin zuten gure planetan. Gaur egun 6 mila milioi lagun bizi da Lurrean (gehienak hiri handietan pilatuta) eta okerrik ez bada, hazkunde honek ondorengo urteetan bere horretan segituko du. Euskal Herrian, noski, beste hainbeste gertatu da. Neolitotik, eta batez ere mende honen hasieratik, populazioaren hazkundea handia izan da. Dena den, herrialde aurreratuetan gertatzen ari den bezala, azken aldian populazioak ez du gora egin eta 3 bat milioi lagun bizi gara gaur egun Herri honetan.
Hau ulertzeko, ordea, beharrezkoa da espeziearen ugalketa aztertzea. Ugalketa urte osoan zehar eman daiteke eta 9 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren erditze bakoitzean normalki ume bakarra jaiotzen da. Azken urteotan, herrialde aurreratuetako emakume bakoitzak bere bizitzan izandako ume-kopuruak behera egin du eta une honetan kopuru hori 1,5 umekoa da. Ume hauen ikasketa-prozesua luzea izaten da oso eta gurasoengandik banatu arte urte dexente pasatzen dira. Era berean bizi-itxaropena ere askotxo luzatu da mende gutxitan. Gaur egun, herrialde aurreratuetan 80 urte ingurukoa da, baina zoritxarrez, beste lurralde askotan 50 urtekoa besterik ez.
Zalantzarik gabe, zutik ibiltzen den ugaztun honek arrakasta itzela izan du. Dena den, baliteke etorkizuna hain samurra ez izatea. Populazioaren gorakadak eta herrialde aurreratuetako garapen- eta kontsumo-mailak, beste herrialde batzuetako gizakien bizimodua eragozten du eta, gainera, planeta honetako baliabide naturalen ustiapenak abiada handia darama. Zalantzarik gabe, iharduera guztien planifikazioa beharrezkoa izango da gure espezieak iraun dezan eta herrialde desberdinen arteko desorekak berdin daitezen.
Bukatzeko bada gaineratu nahiko nukeen zeozer: hauxe da “Euskal Herriko Fauna” sailaren azken artikulua. Orain arte animalia-espezie askori buruz idatzi badugu ere, guztien etorkizuna gizakion esku dago eta gure ihardueren araberakoa izango da gure seme-alabek ezagutuko duten faunaren aberastasuna. Zoritxarrez, jadanik milaka dira ondorengo belaunaldiek ezagutuko ez dituzten animalia- eta landare-espezieak eta joera hau gero eta azkarragoa dela dirudi, gainera. Guztion esku dago zerbait egitea. Eskerrak eman nahi dizkiot Jesus Altunari artikulurako emandako laguntzagatik.