Zura Ilargiaren argitan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ilargiak naturako hainbat gertakaritan eragiten du; adibide garbienetako bat mareatan duen eragin nabarmena da. Hala ere, mareak Ilargiaren menpean gertatzen zirela jakina zen arren, astronomoek aztertu arte ez zen zergati zientifikoa ezagutu.

Zuhaitz-mozketan ere, Ilargiaren eraginari buruzko tradizioa handia da. Ikerketa zientifikoren berri izan gabe, baserritarrek eta basozainek aurreko belaunaldiek ahoz aho jakinarazitako usadioei jarraitzen diete. Usadio horien artean Ilargiak garrantzi handia du, landareak ereiteko, kimatzeko, biltzeko edo mozteko garai egokia zein den Ilargiaren aldiak agintzen duelako.

Basogintzan, Ilargiarekin lotutako usadioei eusten zaie Euskal Herriko toki askotan.

Zuhaitz-mozketari buruzko esaera eta ohitura askori eusten zaie Euskal Herrian. Adibidez, askoren ustean, haritza ilbeheran eta neguan botatzea komeni da. Pagoa, aldiz, ilbeheran moztuz gero, berehala pipiak jotzen duela diote; horregatik, ilgoran botatzen da. Toki askotan jasotakoaren arabera, gaztaina, haritza eta intxaurra ilbeherakoak dira, eta haltza eta akazia ilgorakoak. Hala ere, ohitura horiek beti ez datoz bat ezta hostoen itxurari begiratzen diotenekin ere: Gipuzkoako Basogintza Elkartekoek hosto horzduneko zuhaitzak ilbeheran eta besteak ilgoran moztu behar direla dioten arren, beste batzuek ez daude ados.

Horretaz gain, zenbait basozainek zodiakoa ere aintzat hartzen dute eta Rudolf Steiner- en esanak jarraitzen dituzte. Hark dioenez, Ilargia konstelazio baten aurretik pasatzean, konstelazio horrek landareen gain duen eragina areagotu egiten da; ondorioz, lau elementuak (sua, ura, lurra eta airea) kontuan hartu behar dira.

Baina inguruan zodiakoarena berria bada ere, ez da gauza bera gertatzen Elizak ezarritako egutegiarekin. Baserriko eta basoko lanetan apaizek agindutako ohitura batzuk sartu zirenez, data erlijiosoen eta Ilargi-aldien arteko kontraesana sortzen da behin baino gehiagotan (Ostiral Santu eguna, beti ilbete).

Kontraesan horien aurrean, Jakoba Errekondo adituak badu bere iritzia. Haren esanean, erlijioa eta sinesmenak alde batera utzita, zurari eman nahi zaion erabilerak agintzen du zuhaitzak noiz bota behar diren. Sarritan, zuhaitz-espezie bakoitzari erabilera jakina ematen zaio. Horregatik, zuhaitz hori ilargi-aldi zehatz batean bota behar dela esan ohi da. Baina zuhaitz bera beste zerbaitetarako erabili nahi izanez gero, agian botatzeko unea ere aldatzea komeni da. Hortaz, pagoa altzairuak egiteko edo beti bustita edukitzeko nahi izaten delako botatzen da abuztuan eta ilgoran. Eta, haritza bezala, ohituraz ilbeheran botatzen diren zuhaitzak normalean eraikuntzarako edo luze irauteko behar izaten dira.

Hain zuzen ere, Ilargiak zuhaitzen izerdiaren zirkulazioan eragiten du. Izerdia sustraiek lurretik xurgatzen duten eta elementu elikagarrietan aberatsa den sustantzia urtsua da. Enborraren barnealdeko geruza baten hodietatik hostoetara igotzen da; bertan, fotosintesia gertatu, eta enborraren barne- azaleko hodietatik jaitsiko den izerdi hila bilakatzen da.

Zuhaitza botatzeko une egokia zurari eman nahi zaion erabilerak agintzen du.

Enborrak duen izerdi-kantitatearen arabera, zurak ezaugarri batzuk ala besteak ditu. Ilgoran zuhaitzak izerdi asko du, eta zura malgua, arina eta bustia izango da. Ilbeheran, berriz, izerdiaren zirkulazioak kontrako noranzkoa du eta enborretik sustraietara jaisten da; ondorioz, zura gogorra, lehorra eta sendoa izango da. Zenbat eta izerdi gehiago eduki zurak, onddoen eta xilofagoen erasoa jasateko arriskua handitu egiten da, mikroorganismo kaltegarri horiek behar duten elikagaiak eta hezetasuna baititu enborrak. Horrela, zuhaitzak izerdi gutxien duen garaian botatzen bada, era naturalean bermatzen da zuraren iraunkortasuna. Beraz, zurari eman nahi zaion erabilera jakinda aukeratuko da botatzeko unea, ezaugarri batzuk ala besteak izatea ilargi-aldiak agintzen duelako.

Bestalde, gaur egun zerrategiak etenik gabe egiten dute lan, eta sasoi guztietan behar dituzte enborrak; horregatik, Ilargiari ez zaio garai batean bezainbeste begiratzen. Espeziearen eta erabileraren arabera botatzeak prozesua garestitzea ekarriko luke, besteak beste, biltegiak espresuki prestatu beharko liratekeelako eta antolakuntza zailduko litzatekeelako. Gainera, papera edo aglomeratuak egiteko, adibidez, izerdi kantitateak eta enborraren hezetasunak ez dute garrantzirik. Ondorioz, intsinis pinua urte osoan zehar botatzen da.

Gaur egun, zerrategiek etengabe egiten dute lan eta sasoi guztietan behar dituzte enborrak.

Horretaz gain, egindako ikerketa zientifikoak ez datoz bat; horregatik, ondorio garbirik izan ezean, bakoitzak bere irizpideari jarraitzen dio. Adibidez, iazko azaroan Suitzako Basogintza Elkarteak argitaratutako aldizkarian, zuhaitz-mozketari buruzko hainbat ikerketen berri ematen da. Ikerketa horietan, ilargi-aldi ezberdinetan botatako zuhaitzen ezaugarriak alderatzen dira, eta ondorioa hau da: zuraren ezaugarriak ez dute aldaketa nabarmenik zuhaitza botatako unearen arabera. Ikertzaileen ustean, ehunka urtean iraun duten ohiturek kontrakoa pentsarazten duten arren, ohituretan oinarritutako lege zaharren sorreran beste eragile batzuk hartu zuten parte: klimak, kokapen geografikoak, agintarien interesak eta abar.

Alabaina, esperientzia eta usadioak alde batera utzita, badira guztiz kontrako emaitza lortzen duten beste ikerketa zientifiko batzuk ere. Antza, Ilargiaren eraginari buruz ondorio erabakigarriak izateko, ikerketa gehiago egin beharko dira. Bitartean, galdera honen erantzunaren zain egongo gara: zenbaterainokoa da Ilargiaren indarra?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.