Artikulu honetarako hautatu dugun gaian, Frantses Bidearen zentruan egon litekeen zulo beltzari dagokionez, batzuk epea mugatzera ere ausartu dira. Lau bat urte barru izango dugun tresneriaren bereizmena nahikoa izango omen da eztabaida erabakitzeko.
Jakina denez, zulo beltza argia bera ere haren mugetatik kanporatu ezin dadin besteko eremu grabitatorioa sortzen duen masa kolapsatua da. Bertatik ez erradiaziorik eta ez beste ezer ateratzen ez denez, existentziaren baieztapena inguruan eragin lezaketen efektuak aztertzearen bidez egin beharra dago. Teoriaren arabera, zulo beltzaren inguruan egon litekeen materia bertarantz eroriko litzateke, baina ez norabide guztietatik uniformeki.
Zulo beltzaren mugara hurbiltzean, materiak disko bat eratzen du; amildegiaren bidea abiadura izugarriz ibiltzen duen zurrunbiloa azken batez. Disko honen barrualdean materia hain azkar higitzen denez eta marruskadura eta talkak hain bortitzak direnez, atomoek ere ezin dute beren egitura mantendu. Materia, bada, plasma-egoeran dago, oinarrizko zatikiz osatutako salda bailitzan.
Tenperatura ehundaka milioi gradutara iritsi daiteke. Prozesu hauen ondorioz askatzen den energia izugarria espektroaren arlo guztietako izpietan zabaltzen da, baina batez ere X eta gamma izpietan, energia gehien daramatenak hauek direlako. Lurraren atmosferak izpi hauekiko iragazki-lana egiten duenez, ezin ditugu lurrazalean kokatutako tresnen bidez jaso. Horregatik, bada, dute garrantzia sateliteek. Izpi-mota ezberdinak “ikusi” ahal izatearren, sateliteak erabili dira teleskopio egokiak atmosferaz gainetik lanean jartzeko. Adibide gisa esan dezagun infragorrien arloa IRAS satelitearen bitartez aztertu dela, ultramoreena IVErekin, X izpiena EXOSAT, ROSAT, Ginga eta GRANATekin eta gamma izpiena GROrekin.
Irrati-uhin eta mikrouhinen igorpenak Lurretik detekta daitezke. Irrati-uhinen arloko iturriak aztertzean aurkitu zen, hain zuzen ere, gure galaxiaren zentruan edo bertatik oso hurbil dagoen Sagittarius A* igorle bortitza. Dagoen tokian dagoelako, iturri honi arreta berezia eskaini zaio eta kontu handiz aztertu dira X eta gamma izpietako sateliteen inguru horretako emaitzak.
1990eko udan Harvard-eko Unibertsitateko astronomo-talde batek, lurrazaletik eginiko behaketen bidez, Sagittarius A* iturriak lehen deskribatu dugun zurrunbiloaren antzerako bat duela aurkitu zuen. Aurkikuntza Socorro-n (Mexiko Berrian) kokatuta dagoen 27 antenako sistema (VLA, Very Long Array) erabiliz egin zen. Kanpotik barrualdera neurtu zuten gero eta intentsitate handiagoko infragorrien arloko igorpena, marruskadura hazkorrak sortutakotzat jotzen da eta horrek egitura kiribila salatzen du.
Bestalde, lurrazaletik, eta milaka kilometrotako distantziara dauden irrati-teleskopioek osatutako egitura (VLBA, Very Long Baseline Array egitura) erabiliz, deskribatzen ari garen diskoaren neurriak ere gutxi gora-behera lortu ziren. Erradiazioaren iturriaren erradioa, Jupiterren orbitarenaren antzekoa izan liteke.
Dena den, eman dugun eredua koherentea bada ere, irrati eta infragorrizko igorpen soilak ezin daitezke zulo beltzaren existentziaren frogatzat hartu. Hori dela eta, lehen esan dugunez, irrika handiz jaso ziren X eta gamma izpien seinaleak, baina arlo hauetan jasotako erradiazioek ez dituzte iguripenak bete. Asko kostatu zen Sagittarius A*ren norabidean energia handiko erradiazioa detektatzea. Azkenik, 1991n GRANAT sateliteak jaso zuen X izpietako igorpen ahul bat, eta iazko urtarrilean GROk jaso zuen gamma izpietakoa (ahula hau ere) galaxiaren zentruaren inguruko 50 argi-urte diametroko eskualde batetik.
Frantses Bidearen zentruan zulo beltza dagoela diotenentzat izpi bortitzak urri izatea ez da arazo gaindiezina. Agian zulo beltzera gas gutxi erortzen ari da eta motelduta dago. M. J. Rey-k aurkezten duen argudioaren ideia nagusia honako hau da: uste denez galaxia gehienek beren eboluzioaren lehenengo faseetan eskualde aktiboak izaten dituzte.
J. Trümper-en esanetan, ROSATek gune aktiboa duten 25 bat mila galaxia detektatu ditu. Teorikoen ustez gune horien energia sortzailea masa handiko zulo beltzak dira. Aieru hau galaxia zaharretan zuzena bada, unibertsoan sakabanatuta horrelako zulo beltzek egon behar dute. Gauzak horrela gertatu badira, Frantses Bidean ere egon liteke aipatutakoak bezalako zulo beltza.
F. Meliak eredu egoki eta sendoa garatu du aurreko hipotesian oinarrituz. Irrati-uhin, uhin infragorri eta X izpien igorpenak azaltzen ditu zulo beltz batean, kiribilkatuz, murgiltzen den materia beroko disko batek sortua dela kontutan hartuz. Kalkuluen arabera, zulo beltzaren masa Eguzkiarena baino 900.000 aldiz handiagoa izango litzateke eta bere diametroa 100 bat milioi kilometrokoa, hau da, Merkurioren orbitarena gutxi gora-behera. Hala ere oraindik ezin daiteke esan dena argi dagoenik. Besteak beste, Sagittarius A* ez da galaxiaren zentru dinamikoaren inguruan aurkitu den X eta gamma izpietako iturri bakarra, eta besteentzat ere azalpen egokia aurkitu beharko da.
Lehen esan dugunez, Frantses Bidearen nukleoan egon litekeen zulo beltza beste galaxia askotan egon litezkeenen arteko beste bat baino ez litzateke. Beraz, ez litzateke harrigarria, nahiz eta zaila izan, beste galaxia batzuetan ere astro ilun horiek aurkitzea. Izan ere, aurkitu dira aztertu berri dugun egituraren antzerakoak, hala nola: M-87 galaxian, Lurretik 45 milioi argi-urtera; NGC 3115 galaxian
Hubble Space Telescope ak ere aurkitu ditu balizko zulo beltz batzuk: M-51 eta M-32 galaxietan adibidez. Lehenengoa Lurretik 20 milioi argi-urtera dago, 100 argi-urteko diametroa du eta milioi bat Eguzkiren masa izan lezakeen zulo beltza eduki lezake bere nukleoan. Zulo beltzaren inguruko gasa 800 km/s-ko abiaduraz higitzen da kiribilean. Bigarrena Lurretik 2.300.000 argi-urtera dago eta bertan legokeen zulo beltzaren masa Frantses Biderako deskribatu duguna baino hiru aldiz handiagoa izango luke.
Aurrikuspenak betetzen badira, aipatu ditugun kasu guzti hauetan zulo beltzik dagoen ala ez jakiteko ez dugu asko itxaron beharko.
Efemerideak EGUZKIA: otsailaren 18an, 21 h 21 min-tan Piscis-en sartzen da.
PLANETAK MERKURIO : otsailaren hasieran ikusi ahal izango dugu iluntzean. Elongazio maximoa hilaren 4ean du. |