Zilarrik gabeko argazkiak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Dendara eraman ordez, saiatu al zara inoiz argazkiak etxean errebelatzen? Zuri-beltzekoekin, tira, baina koloretakoak errebelatzea ez da lan makala. Dozena-erdi bat azpil, beste hainbeste soluzio, erabateko ilunpea... Zoritxarrez, Polaroid etxeak asmatutako metodo berriak ez dizu asko lagunduko, kamera eta pelikula arruntentzat ez baitu balio, baina mundu digitalean aplikazio ugari izan ditzakeela ematen du.

Metodo berriak zilarra baztertu eta azidoei egin die tokia. Azidoekin lan eginez argazkia pauso bakarrean sortzea lortu dute, merkeago eta konposatu kimiko gutxiago erabiliaz. Eta ez hori bakarrik, gardentasunik galdu gabe argazkiak ikaragarri handitzeko aukera eskaintzen du. Ikusi bestela adibide gisa erakutsi duten trenaren argazkia.

Hain emaitza harrigarria ikusi ondoren —sinetsi ez duenik ere bada—, zehaztasunak jakiteko irrikitan egongo zara, baina, metodo berriaren nondik norakoak azaldu aurretik, hobe argazkigintzaren oinarriak gogora ekartzea. Azken finean, bi prozesuak ez dira hain desberdinak.

Zilarra, argazkiaren oinarri

Argia eta zilar-gatzak dira duela 200 urtetik argazkigintzaren oinarria. Argazki-pelikulen bihotza zilar-halurozko kristalak dira. Kameraren botoia sakatu eta argia pelikularaino iristen uzten duzunean, erreakzio fotokimiko bat gertatzen da: gatzak zilar metaliko bihurtzen dira. Argi asko jaso duten guneetan zilar asko sortuko da, eta alderantziz argi gutxi jaso dutenetan. Horrela, argazkiaren zirriborroa sortuko da pelikulan.

Trenaren argazkia ohiko metodoekin egindakoa da. Argazki zaharrean trenbideko harria apenas ikusten da; harria handituz gero, zer edo zer bereiztea nekeza izango litzateke ohiko metodoekin, baina teknika berriari esker izugarri kalitate oneko argazki handitua lortu dute.
POLAROID

Pelikula koloretakoa denean, zilar-gatzezko geruza bakarraren ordez, hiru jartzen dira. Geruza bakoitza kolore primario batekiko sentikorra da, argazkigintzan urdina, berdea eta gorria; horrek esan nahi du geruza bakoitzeko gatzak dagokien koloreko argia jasotakoan bakarrik bihurtuko direla zilar metaliko. Gainontzeko koloreak horietatik abiatuta sintetizatzen dira, argazki guztiak egin eta pelikula errebelatzen denean.

Errebelatu aurretik, argazkien ordez pelikulan argazki sorrak daudela esaten da, ez daudelako guztiz definituak, zirriborro baten modukoak direlako. Hain juxtu, laborategian ematen den lehen pausoa argazkiak erabat definitzea da, zilar-gatz gehiago zilar metaliko bihurtuz. Erreakzioa denbora, tenperatura eta agitazioa hertsiki kontrolatuz egiten da, argazki sorra sendotu bai baina argazkia ez hondatzeko. Argazkia negatiboan ongi definitu denean, errebelatze-prozesua gelditu eta negatiboak garbitu egiten dira.

Negatiboetatik argazkiak ateratzeko, berdintsu egiten da; irudiak zilar-gatzez estalitako paperetan proiektatzen dira eta azaldutako prozedura bera jarraitzen da.

Koloretako pelikulen kasuan, prozesuak mekanika bera du, baina konplexuagoa da, soluzio gehiago behar direlako, erabateko ilunpean egiten delako eta behin koloreak finkatuta argazkiei zilar guztia kendu behar zaielako.

Azidoa zilarraren ordez

Argazkigintza aspalditik ari da zilarra ordezkatuko duen metodoren baten bila. Onena etapa bakarreko sistema izango litzateke, ahal dela inolako erreaktibo kimikorik gehitu edo kendu beharrik gabe. Egun badaude lehorreko errebelatze-prozesuak, baina horiek ere zilar-gatzak erabiltzen dituzte eta, ohikoen moduan, kontrol handia eskatzen dute.

Metodo berria tinta-txorrozko inprimagailuak baino azkarragoa denez, kamera digitaletako irudiak inprimatzeko egokia izan daiteke.

Polaroid etxeak aurkeztu duen metodoak, berriz, zilarra baztertu eta azidoetan oinarrituz sortzen ditu argazkiak. Errebelatzeko paperaren egitura betikoaren antzekoa da: hiru kolore primarioekiko sentikorrak diren geruzak dauzka baina, kasu honetan, hiru geruzak bikoiztuta daude. Polaroid etxeko kimikariek kolore bakoitzarentzat bi geruzako sistema bana prestatu dute. Batean argiarekiko sentikorrak diren osagaiak daude eta bestean azidoarekiko sentikorrak diren koloratzaileak. Irudia bigarren geruza horretan sortzen da.

Sistema berria argiaz eta berotasunaz baliatzen da. Aurreneko pausoan argia erabiltzen da lehen geruzako iodo-gatzak deskonposatu eta azido sendo bat lortzeko. Segidan, papera berotu egiten da bigarren geruzako konposatu kimiko bat aktiba dadin. Horrek eta azido sendoak azido ahulago baten sintesia eragiten dute, bigarren geruzara igaro eta hango koloratzaileak kolore bihurtuko dituen azidoa.

Negatiboetatik argazkiak ateratzeko irudiak zilar-gatzez estalitako paperetan proiektatzen dira.

Irudia sortu ondoren, errebelatze-prozesua bakarrik gelditzen da azidoak neutralizatzen dituen base bati esker. Basea papera berotzen denean sortzen da, eta bigarren geruzatik lehenengora barreiatzen da. Polikiago zabaltzen denez, azidoek argazkia sortzeko behar beste denbora dute neutralizatuak izan aurretik.

Ikertzaileek esan dutenez, metodo honekin errebelatzerakoan gehiegizko esposizioak eragiten dituen arazoak saihets daitezke.

Zoritxarrez, oraingoz, ez da argi ikuskorrarekiko oso sentikorra, baina laserrekin edo diodoekin lan egiteko aproposa izan daiteke. Ikertzaileen esanean, tinta-txorrozko inprimagailuak baino azkarragoa da eta kamera digitaletako irudiak inprimatzeko egokia da. Maila industrialean, berriz, egunkariak inprimatzeko txantiloiak egiteko balio dezakeela uste dute. Kamera arruntetan, ordea, betiko pelikulekin jarraitu beharko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila