Erromatarrak K.a. 168. urtean Mazedoniaren konkista zela eta, Greziako kulturarekin harreman hertsian hasi ziren. Hasiera batean kontaktu hauek ez ziren batere errazak. Erromatarrek Erroman Greziako kultura eta fisolofia sartzean arriskua baino ez zuten ikusi, zeren beren bitartez erromatarren benetako nortasuna eta berezitasunak zalantzan edo pikotan jar bait zitezkeen.
Horregatik Erromako kontserbadoreenak, (Caton adibidez) sarrera honen aurka jarri ziren. Baina, kultura kultura da eta nahiz eta hasiera batean zientziaren edo, hobeto esanda, teknikaren emaitzak baino bereganatu nahi ez bazituen, pixkanaka pixkanaka kulturaren gainontzeko adarrak ere errotu egin ziren Erroman. Horregatik, K.a. I. mendean erromatarrek mundua oinperatuta bazeukaten ere, kultura grekoak Erroma zeukan oinpean.
Ciceron adibidez, (K.a. 106-43) bere garaian grekoen zientziari buruz ezagutzen zena De Natura Deorum izeneko lanean biltzen saiatu zen. Honekin batera eta giza gorputzaz teoria teleologiko bat eraikiz, sineskeria eta magia-sinesmen batzuk gogorki astindu zituen.
Aldi hartan Ciceronen garaikide zen Lukrezio Karo bizi zen. Gizon honen bizitzari buruz, agian politikatik at bizi eta oso bakarti zelako, ezer gutxi dakigu, eta dakiguna Ciceronen bitartez.
De rerum natura izeneko poema-lan handia idatzi zuen. Lan hau, filosofia epikureoaren defentsa sutsua da; bere fisika atomistikoarena bereziki. De rerum natura sei liburutan dago banatuta, eta bere izenak dioenez, gauzen izakera adierazi nahi du: beren sorrera, garapena eta bukaera. Lukreziok unibertsoaren ikuspegi fisiko bat eman nahi du, bide batez zenbait eritzi mitologiko baztertuz.
Beraz, Lukreziok zientzia defendatu zuen eta, garai hartan zenbait arrazoirengatik pil-pilean zeuden sineskeriei eraso zien. Bere lehenengo liburuan hau argi adierazten du, erlijioa krimen askoren iturri izan dela aitortzen duenean: Tantum religio potuit snadere malum . Liburu honetan, materia espazio hutsean eta beren artean banatuta dauden zatikiez osatuta dagoela baieztatzen du. Bere eritzi eta adibideen bitartez saiatu zen hutsa mugagabekoa dela demostratzen. Baita unibertsoa infinitua dela eta atomoaren ideia zenbatezinezkotik atera behar dela frogatzen ere.
Bigarren liburuan, atomoen higidurari buruz arduratzen da. Higidura atomikoa ez da probidentziala; atomoak alabeharrezko desplazamendu irregularrez higitzen dira eta honek posibilitate kausal baina bide batez libreak sortzen ditu. Bere eritziz, unibertsoaren materi kopuru osoa beti bera da, nahiz eta atomoak desberdinak izan.
Hirugarren liburua Epikuroren goraipatzeaz hasten da, baina zientziaren ikuspegitik ez dauka horrenbesterainoko garrantzirik: Arimaren izaerari buruz arduratzen bait da. Lukreziok arima zatikiz osatuta dagoela esaten du eta adimenarekin batera gorputzaren parte bat dela aitortuko du.
Laugarren liburuan bere simulacra k ekarriko ditu. Simulacra hauek, zuzenean behatu ezinezko fenomenoak dira: ilusioak, imajinak, etab. Lukrezio, fenomeno guzti hauek gure begietaraino iristen diren atomoen emanazioen bitartez adierazten saiatuko da eta ispiluetan isladatzen diren imajinen bitartez adibide ederrak emango ditu. Jakintza bidetik zentzuen sentsazioen lehentasuna ezarri zuen eta, nahiz eta hauek batzuetan errakuntzara eraman, egiazkoak direnean ezagueraren oinarri direla esango digu. Beraz nolabait, gaur eguneko psikologiaren sortzaile bera dela esan dezakegu. Bitalismoaren aurka materialismoa defendatu zuen eta organo bakoitza guk erabiltzeko egin dela ukatuz, erabilpenak organoa egiten duela aldarrikatuko du.
Bostgarren liburuan astronomia (zeru-gorputzen higidurak, Eguzkiaren eta Ilargiaren tamainak, beren fase eta eklipseak, etab, etab.), eboluzio organikoa (mailakatze bat jarriz: landareak, gero animaliak, azkenik gizakia) eta antropologia (prehistoriako gizakiaren maila, teknikaren garrantzia gizonaren garapenean, hizkuntzaren sorrera, suaren aurkikuntza, etab, etab.) estudiatzen ditu.
Bere azkeneko liburuan meteorologia, geografia eta medikuntza izango ditu aztergai. Ikus dezakegunez Lukrezioren lana benetako lan entziklopedikoa izan zen eta antzinako Erromak erakus dezakeen adibide arrazionalistarik handiena bera dela esan daiteke.
Mende honetakoa eta guretzat garrantzi handia duen beste gizona, Caius Julius Caesar (K.a. 100-44) da. Honek, Sosigenes-en laguntza teknikoaz egutegi juliar erreformatua jarri zuen. Egutegi honetan urteari hirurehun eta hirurogeitabost egun eta laurdena egokitzen zaizkio. Kalkulu hau zertxobaitez luzeegia da eta denbora iragan ahala egunen eta urtaroen arteko desegokitasun bat zekarren. Baina, berean jarraitu zuen 1582. urterarte. Artean errakuntza hamar egunekoa zen eta Gregorio XIII. Aita Sainduak zuzentzea agindu zuen.
Caesar-ek Inperio erromatarraren mapa bat marrazteko plana egin zuen, baina ez zuen burutu. Mapa azkenik, Agripak Augustoren garaian egin ahal izan zuen eta ez hori bakarrik, munduaren mapa handi bat ere bai.
Urte hauetan distiratsu agertzen den beste gizon handia, Vitrubio dugu. Bere bizitza ia ezezaguna da. Fano-ri eraikitako basilikaren arkitektoa dela suposatzen da eta beraz, K.a. I. mendearen bigarren erdian bizi zela pentsatzen da. Lan bakar bat egin zuen: De architectura . Lan hau hamar liburutan dago banatuta: Lehenengoan arkitekturaren printzipioak aztertzen ditu. 2.ean arkitekturaren historia eta materialak. 3.a joniar tenpluei buruzkoa da. 4.ean gai hori tenplu doriko eta korintioarretara hedatzen du. 5.ean lan publikoez arduratzen da: antzokiak, bainuetxeak eta kaiak. 6.ean etxeez: etxe hiritar nahiz baserriak. 7.a barneko dekorazioari buruzkoa da. 8.ean uraren horniketa estudiatzen da. 9.ean koadranteak eta ordulariak ikertuko dira, eta 10.ean, azkenik, injinerutza mekanikoa eta militarra ditu gaitzat.
Vitrubioren lana, ezpairik gabe, entziklopedikoa dela esan behar dugu. Ez da inolaz ere arkitekturari buruzko lan isolatu soila. Historiatik hasi eta arteetaraino, arkitekto baten hezkuntza osorako behar diren gai guztietaz arduratzen da. Vitrubio, gaur egun humanista hitzaren bitartez ulertzen dena izan zen. Hala ere, alderdi teknikoak ere oso ondo ezagutzen eta aztertzen ditu.
Ikusitako bi erromatar entziklopedista hauekin batera, beste hiru entziklopedisten izenak aipa ditzakegu orain, nahiz eta beste haiekin alderatuz beren ospea askoz ere txikiagoa izan. Hauek Marcus Terentius Varron, Plinio Zaharra eta Seneca dira.
Marcus Terentius Varron, K.a. 116-27 bitartean bizi zen. Bere bizitzaren parterik handienean politiko eta militarra izan bazen ere, zahartzaroan zientziari lotu zitzaion eta, beste zenbait gairen artean, zazpi liburu zientifiko idatzi zituen. Varron-ek zientziaren entziklopedia gisako zerbait egin zuen eta bederatzi alorretan banatu zuen: gramatika, dialektika, erretolika, geometria, aritmetika, astronomia, musika, medikuntza eta arkitektura.
Varron-en jarraitzaileek sailkapen hau ertaroraino mantendu zuten, bi azkenekoak, hots, medikuntza eta arkitektura, alde batera utzirik. Honela zazpi sail zituzten: Trivium eta quadrivium izenez, zazpi arte liberalak osatu zituen. Varronek bada, erromatar zientziaren geroko garapenerako egoki izango zitzaion hezkuntza eta kultura greko osoa ekarri zuen.
Plinio Zaharra, K.o. 23-79 urte bitartean bizi zen. Naturalis historia izeneko eta hogeitamazazpi liburuz osatutako lan entziklopedikoa idatzi zuen. Oinarri gisa, aurrekoen lanak aztertu zituen. Lan honetan, ehun eta berrogeitasei erromatar eta berrehun eta hogeitamasei autore grekoren lanak erabili zituen; gehienak desagertu zirenak hain zuzen. Naturalis historia n dagoen hari nagusia, Natura gizasemearen zerbitzutan egotea da, eta gauza naturalen deskribapena egiten duenean beti gizakia hartuko du erreferentziatzat.
Seneca, azkenik, askoz ere inportanteagoa da fisolofi arloan zientziarenean baino. Baina, arlo honetan ere aipatu behar dugulakoan nago. Bere bizialdiak K.a. 3. urtetik K.o. 65.erarte iraun zuen. Filosofiaz estoikoa zen eta ildo honetatik fenomeno naturalen deskribapen osoa egiten saiatu zen bere Naturalis questiones izeneko lanean. Lan honetan astronomia, meteorologia, fisika eta geografiaz arduratuko da bereziki. Baina, beste erromatar asko bezala etikaren arazoez gainontzekoez baino askoz ere gehiago arduratu zenez, fisikoa baino gehiago moralista izan zela aitortu behar dugu.