Zientzia eta teknologia kirolaren alor guztietan

Entrenamenduan, elikaduran eta osasun-kontuetan egiten diren urratsak dira kirolaren eta kirolarien oinarri. Baina, alor horiez gain, zientziak eta teknologiak beste hainbatetan ere egin dituzte ekarpenak.
Atenasko estadio olinpikoa.
K. VERGAS / ATHOC

Atenasen ikusi berri den bezala, estadioak dira eliteko kirolarien bilgune esanguratsuena. Sasoi batekoekin antzik ez dute gaur egungo estadioek. 1908. urtean Londresen jokatu ziren Joko Olinpikoak. Pistak 536,45 metroko perimetroa zuen. Barrualdean, igerilekua eta egurrezko beste pista bat zituen.

Atletismo-, txirrindularitza- eta igeriketa-probak bildu zituen. 1912an Stockholmen eta 1920an Anberesen antzeko joera gailendu zen. Estatubatuarrek, Jokoei beste itxura bat eman nahian, Erromako koliseoaren antza zuen eraikina prestatu zuten 1932ko Los Angelesko Jokoetarako. Hitlerren agindupean, Joko Olinpikoetako arkitekturaren erraldoitasunak urrats berria egin zuen, eta naziek 120.000 lagunentzako tokia zuen hormigoizko estadioa eraiki zuten.

Gerora, handitasuna eta ausardia izan dute Joko Olinpikoetako estadioek, eraikin bitxiak egiteraino. Munich-eko estadio futurista, Montrealgo arkitektura ausarta, Moskuko erraildoitasuna eta praktikotasuna —neguan erabiltzeko modukoa egin baitzuten—, Atlantako estadio birziklagarria, Sidneyko ikusgarritasuna... guztiak arkitekturaren aurrerakuntzaren eredu.

Instalazioen eboluzioa

Markak hobetzeko orduan ez dira erabakigarriak, baina instalazioek lagun dezakete. Horregatik, ez da harritzekoa pista eta kirol-zelaietan denboran zehar aldaketa handiak gertatu izana.

1896ko Atenasko Jokoetan, pista errautsezkoa zen. Ia 75 urte pasa ziren errautsa utzi eta atletismoko pistetan tartana erabiltzen hasi zen arte. Tartana erretxina sintetikoa da. Xaflen bidez edo hormigoi gainera botata jartzen zuten. Iraultza ekarri zuen atletismora eta berehala zabaldu zen mundu osoan. Tartanaren kolore gorriak errautsezko pista beltzak ordezkatu zituen. Errautsa ez bezala, tartana malgua zen, elastikoa, euriarekin ez zen ur-putzurik sortzen, ez zen oinetakoetara itsasten, labana ere ez zen.

Erreakzio-denbora neurtzeko saiakera bat.
HTZ-FADURA

Erretxina-mota ugari erabiltzen dira gaur egun, hainbat ezaugarritakoak, lortu nahi denaren arabera: gogorra abiadura-lasterketarako, malguagoa jauzietarako, latza jaurtiketaguneetarako... Jakina, atletismotik beste kirol batzuetarako jauzia ere egin dute erretxinek.

Material berriak

Atletismorako pisten eboluzioarekin batera joan da horrelako guneetan erabiltzen den hainbat tresnaren eboluzioa ere. Adierazgarrienetakoak starting-blocks delakoak dira, abiadura-lasterketetako irteeran erabiltzen diren euskarriak. Aurreko mendearen hasierako Jokoetan korrikalariak zutik irteten ziren, makurtu ere ez ziren egiten bultzada hartzeko. 1896an, harridura handiz begiratzen zieten europarrek korrika egiteko pistan belaunikatzen ziren estatubatuarrei.

Ez dira, baina, ordukoak irteera-kaxoiak. Jesse Owens-ek Berlinen Hitler irrigarri utzi zuenean abiatzeko zuloak egin behar izan zituen errautsezko pistan. Ordurako, hala ere, ezagutzen ziren. 1948an agertu ziren lehenengoz Joko Olinpikoetan, Londresen. Gerora errail irristagarriak jarri zaizkie, bozgorailuak ere badituzte epaileen aginduak entzuteko, eta irteera bizkorregiak detektatzeko gailu elektronikoak ere bai. Atleten erreakzio-denbora ehun milesimatik beherakoa bada, irteera txartzat ematen da. Beste kirol batzuetan ere —igeriketan, adibidez— oinarrizko sistema bera erabiltzen dute, bai irteeran eta baita helmugan ere.

Atletismo-pistak baino gehiago dira, baina, kirol-zelaiak. Golfa, futbola eta hockeya aire librean jokatzeko kirolak dira, belarrezko zelaietan; zelaiak, ordea, ez dira egoera naturalean egoten.

Material berriei esker urrats handiak egin dira.
TELSTRA

Belar espezieak laborategietan aukeratzen eta prestatzen dira, drainatze-sistemak jartzen dira, kirolaren araberako belar-motak eta eraikitze-lanak egiten dira, ureztatze-sistemak eta zaintzeko lanak gero eta korapilatsuagoak dira... eta belar artifiziala ere erabiltzen da maiz. Hondarrak, kautxuak eta plastikoak osatzen dute belar artifiziala. Jokoaren ikuspegitik ez da naturala bezain gozoa, baina lan gutxiago egin behar da zaintzeko. Eta, jakina, estetikoki bestelako aukera batzuk ere baditu, erraz margo baitaiteke.

Neurketa-sistemak

Erreakzio-denbora aipatu da lehen, eta horrek zerikusi zuzen-zuzena du neurketa-sistemekin. Distantziak neurtzeko oinak erabiltzetik, metroa tartean, gailu elektronikoak erabiltzera iritsi dira —luzera-jauzian kasu, nahiz eta gero egiaztatzeko neurketa-zinta erabiltzen duten—. Erlojuak, kronometroak, anemometroa, fotofinish-a... guztiek bide beretik jo dute: neurketak zehatzago egitea. Bide horretan zail da esatea noraino irits daitekeen, baina, beharrezkoa balitz, teknika prestatua dago segundoaren 10.000renak ere neurtzeko.

Hainbat kiroletan, fotofinish-ak erabakitzen du irabazlea nor den. Lehen begiz erabakitzen zen, baina gaur egun ezinezkoa izango litzateke, begiak ez du horrelako zehaztasunik.

1950eko hamarkadan hasi zen erabiltzen kirolean. Fotofinish-a argazki-tresneriak eta kuartzozko erloju batek osatzen duten gailua da. Helmuga-lerroaren parean kokatzen da argazki-makina, eta, abian jartzen denean, erlojua ere lanean hasten da. Argazki-kamerako filmaren goiko zatian helmugaren argazkiak ateratzen dira; azpikoan, berriz, denbora hartzen da. Irudiaren lerro bertikalak ematen du kirolariaren denbora erreala. Gaur egun telebistaz ere ikus daitezke irudi horiek, eta kamera-motelekin ikusleek ere egin ditzakete.

Kirol-ekipamenduak

Neurketa-sistemen zehaztasunari ez zaio mugarik antzematen.

Ekipamenduan ere sekulako aldaketa gertatu da; jantzita ez baizik mozorrotuta daudela dirudite, askotan, kirolariek. Eskiatzaileen jantzi labainkorrak, aireari ia erresistentziarik egiten ez dioten abiadurako korrikalarien jantziak —gogoratzen Florence Griffith-Joynerrek zer itxura zuen Seulgo Jokoetan?—, US Postal taldeak azken Tourreko erlojupekoetan erabili dituen maillotak, mendian erabiltzen diren material arin eta beroak, busti ez baina izerdia kanporatzen duten elastikoak... nailona, likra, teflona, edo S2000 ehuna ezagun bihurtu dira.

Oinetakoei buruz beste hainbeste esan daiteke. Zenbat –tex ote daude dagoeneko? Eta Adidas etxeak aurten aurkeztu dituen zapatilak? Muga guztiak gainditu dituzte: elektronikoak dira, mikroprozesagailua dute zapatilaren indargetzea kirolariaren altuerara eta pisura egokitzeko. Zuntz sintetikoek, mikrohariek eta ekoizte-teknikek dute aurrerapen horien errua.

Tresnaren bat erabiltzen duten kiroletan ere eboluzioa ikaragarria izan da. Formula 1eko autoak, motorrak, bizikletak, kaskoak... Guztiak aldatu dira, eta batzuk urtetik urtera.

Horietako asko begi-bistakoak diren arren, beste asko ez dira hain ezagunak. Atletismoan erabiltzen den xabalina, esate baterako. 1952ra arte, metalezkoak edo egurrezkoak erabiltzen ziren. Urte hartan, Buld Held estatubatuarrak diseinu berritzailea aurkeztu zuen: egurrezko xabalina. Horri esker, pisua mantenduz sekzio handiagoko —eta, ondorioz, euste-plano handiagoko— xabalina erabili zuen. Gainera, muturrean metalezko punta labur bat jarri zion, grabitate-zentroa aldatzeko.

Xabalina harekin 80 metroko muga hautsi zen lehen aldiz. Eboluzioa, hala ere, ez zen horretan geratu. Hurrengo urtean Heldek berak egurraren ordez aluminioa erabili zuen, askoz material egonkorragoa. 81,55 metrora iritsita, aurreko urtekoa baino 14 zentimetro gehiagoko jaurtiketa egin zuen.

ADIDAS

Gerora forma aldatu zitzaien xabalinei, atzealde zorrotzagoa jarrita batez ere. Ehun metrotik gorako markak lortu zirenez eta estadioak handitzerik ez zegoenez, mugak jarri zitzaizkien xabalinei: pisuagoak izan behar zuten eta grabitate-zentroa aurrerago izan behar zuten, hala goitik behera eroriko ziren. Errekorrek 20ren bat metro egin zuten atzera. Dena den, araua errespetatuz azkenaldian egin diren aldaketa txikiei esker, errekorra berriro ehun metroren inguruan dago.

Pertika-jauziari buruz antzerako istorioa konta daiteke, aleazio eta zuntz sintetikoei esker atletak gero eta gorago iritsi direlako. Teniseko erraketekin, ping-pongeko palatxoekin, golfeko makilekin, futboleko baloiekin... antzera. Eta azkenaldian merkaturatu diren ordenagailu bidezko simulagailuak, lanean ari dela gorputzaren gorabeherak zaintzen dituzten tresnak, kirolarientzako bereziki ekoizten diren janari energetikoak eta abarrek ere ematen dute idazteko, kirolean ez baitago zientziak eta teknologiak ukitu ez duenik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila