Zientzia Bizanzion. Medikuntza

Bizanziar medikuntzaren sorrerak, Alexandriako eskolarekin erlazio hertsia du. Dakigunez, III. mendetik VII. arte medikuntzari buruz garrantzirik handienetako tokia Alexandria izan zen.
Filosofoa.

Nahiz 390. urtean bere Liburutegiaren lehenengo erreketa izan, bere eraginak aurrera jarraitu zuen eta bertan zientziak eta filosofiak berriro guztiz batuta (greziarren jokaeraren aurka) medikuntzaren garapenarako oso giro egokia sortu zen.

Giro hau zela eta enpirismo eklektikoa errespetatzen zen bitartean, siriar, egyptiar, judutar nahiz kristauen ekarpenak egokitzen ziren. Baina, denbora aurrera joan ahala eta baldintza politikoengatik, egunetik egunera hiriburu berriaren (hots, Konstantinopolis-en) garrantzia handiagoa egiten zen eta kultur gizon nahiz medikurik ospetsuenak bertara joaten ziren bizi izatera eta, bide batez, lanera.

Umar I kalifaren armada 641. urtean Alexandrian sartzen ari zen bitartean, Konstantinopolis-eko giroa oso bestelakoa zen: musulmanak oso oso urruti daude, ez dute inongo arriskurik suposatzen eta bizimodu lasaia aurrera eraman daiteke. Horregatik Alexandria itzaltzen ari den bitartean Konstantinopolis-eko lorapena erraz uler daiteke. Bestalde kristautasuna, mugimendu heterodoxoak zapaldu ondoren, bere arorik oparoenean aurkitzen zen.

Artean, Zisma iragarriko zuen borroka ikonoklasta hasteke zegoen. Kristautasunak, bere botereaz jabetuta eta zabaltze-aldian zegoelarik, zenbait errealitate materialen aurrean jarrera positiboa hartu zuen. Eta giro aberats honetan (hots, aldi berean paganoa eta espirituala, estua eta lasaia) eta bere garaiko seme zen botere seguru baten agintaritzapean, medikuntzak Bizanzioren bizitzan leku berezia bete zuen, bide batez garapena lortuz.

Irudi honetan bi anaia siamdar bereizteko operazioa deskribatzen da.

Honela, semiologiak, terapeutikak, etab.ek, azken ordezkari bezala Galeno izango duen aroan egindako saiakera anatomiko nahiz fisiologiko apalak gainditu egingo dituzte. Beraz, ez da guztiz egia bizanziar medikuak bildumagile baino ez zirela esatea.

Arlo honetan, bestetan ez bezala, antzinako idazlanen bildumak egiteaz gain ekarpen garrantzitsuak lortu zituzten.

IV. mendea arte medikurik onenen kabia Grezia izan zen, baina hurrengo bi mendeetan Alexandriak hartu zuen ohore hori eta Galeno eman zion munduari. Aro honi alexandriar deritzo eta VII. mendearen erdia arte iraun zuen. Bitartean bizanziar mediku on asko azaldu zen.

Aro honen egoera Pergamoko Oribasios-en Bilduma medikoa eta Sinopsis izeneko lanak gogoan hartu gabe ulertzea zaila da. Bilduma hirurogeitamar alez osatutako lana zen, baina gaur arte herena baino ez da iritsi. Bertan, aurreko ezagueren sintesiarekin batera bere ohar baliotsuak azaltzen dizkigu Oribasios-ek. Terapeuta zuhur honek, gai honi buruz dibulgazio-lan bat idatzi zuen, Euporistak hain zuzen. Liburu hau urtetan eta urtetan erabili izan da eta XVIII. mendean artean Pariseko unibertsitatean testuliburu bezala erabiltzen zen.

Aipatu behar den beste izen bat, seigarren mendean bizi izan zen Amida-ko Aezio da. Hau Goi Mesopotamiako Amida herrian jaioa zen. Alexandrian estudiatu ondoren, mediku gisa Konstantinopolisen lan egin zuen: garai hartan zegoen leku desberdinen arteko erlazioaren lekuko kontsidera dezakegu. Konstantinopolisen Justinianoren mediku izatera iritsi zen. Bere Tetrabiblion izeneko lana lau liburuz eta hamasei hitzaldiz dago osatuta. Medikuntza praktikoaren bilduma da eta oso gauza berri gutxi dauka. Bertan Galeno, Oribasios, Arkigenes eta Sorano-ren emaitza batzuk aurkitzen dira.

Veneziako San Markos elizako mosaikoa.

Aipatu behar dugun beste izena Egina-ko Pablo da. Honek medikuntzaren izeneko lana idatzi zuen. Zoritxarrez gaur egun zazpi liburu baino ez dira kontserbatzen. Antzinako lanetan oinarritu bazen ere, Pablo ez zen kopista huts eta itsu horietakoa izan. Aldiz, eritzi kritiko batez aukeraketa zehatzak egin zituen eta ez zuen bildurrik izan, eritzi horren arabera, zuzenak ez ziren gauzak, nahiz Hipokratesenak izan, baztertzeko. Lana, bere emaitza eta ohar pertsonalekin osatu eta biribildu zuen. Zazpi liburuen artean garrantzirik handiena duena, seigarrena da. Hau kirurgiari buruzkoa da eta medikuntzaren arlo honetan, Celso ondoren egindako aurrerapenak nahiz anatomia ez jakiteak suposatzen zuen oztopoa gainditzeko kirurgilariek behar zuten trebetasuna ikus ditzakegu.

Asia Txikiko Lidiako Tralles hirian 525. urtean Alexandro jaio zen. Estefano bere aita medikua zen. Bere familiaren ekonomi mailari esker Italia, Galia, Hispania eta Ipar-Afrikan ibili ahal izan zen. Horri eta bere etxeko giroari esker, jakintza-maila sendoa lortu zuen medikuntzan. Bere egoitza, Erroman finkatu ondoren, hamabi liburu idatzi zituen. Hauetan, patologia eta gaur egun esango genukeen barneko gaitzen sendabideak agertzen dizkigu.

Zer esanik ez, honek bere aurrekoen bibliografia erabili zuen, baina Aeziok bezala, oso era kritikoan eta mila ohar ipiniz. Garai hartan medikuntzak erabiltzen zituen gaiak adierazteko, idatz dezagun Alexandroren liburuen zerrenda: I. Buruko eta garuneko gaitzak, frenitisa, epilepsia eta melankolia; II. Oftalmologia; III. Otologia; IV. Angina; V. Biriketako gaitzak; VI. Pleuritisa; VII. Urdaileko gaitzak; VIII. Kolera, sabelminak; IX. Gibeleko minak, disenteria; X. Hidropesia; XI. Giltzurrunetako eta gernu-bideetako gaitzak; XII. Hezueria.

Justantinus.

VII. mendeaz geroztik konstantinopolistar aroa esaten dena daukagu. Arabiarrek Konstantinopolisi bigarren setiaketa egingo diote eta VIII. mendearen hasieran inperioa Egeo-aren itsas bazterra baino ez da izango. Honek Greziaren eragina areagotu egin zuen. Hala ere, garai hartan zientziaren arloan garrantzirik handiena izan zuen gertaera, nahiz gezurra iruditu, imajinei buruz sortutako eztabaida izan zen.

Eztabaida hau hasieran teologikoa baino ez zen, baina gero arazo politiko nahiz sozial bihurtu zenez gero, zientziaren arloan bere eragina izan zuen. Garai hartan zientzia monastegietako liburutegietako liburuetan zegoen gordeta eta sortutako iskanbilen ondorioz haien kontrako erreakzioak kamustu egin zuen zentru haien eragina. Bestalde, guzti honek sorterazi zuen askatasunik ezak, zientziaren garapenak behar duen giroari atzerapena ezarri zion.

Eztabaida ikonoklastak ezabatu eta gero, IX. mendean Teofilo enperadoreak irakaskuntza publikoa berrezarri zuen. Eginkizun honek, monastegietan berriro agertu zuen lasaitasunak eta irakaskuntza pribatuaren hazkundeak, bizanziar errenazimentuaren sorrera eragin zuten; hau IX., X. eta XI. mendeetan zehar garatu zen. Bertan IX. mendean Tesalonikako Leon artzapezpikuak astronomia, matematika eta medikuntzari buruz idatzi zuen. Aldi berean Fozio Konstantinopoliseko patriarkak bere garaiko ezagumenduen bilduma ikaragarria egin zuen, Myriobiblion izeneko lana idatziz. Hau 279 liburuz dago osatuta.

XI. mendean Mikel VII. Dukas enperadorearen Simeon Seth medikua aipatu behar dugu. Hau guztiz gizon entziklopedista zen. Bere garrantzirik handiena kultura arabiarren eta bizanziarraren arteko zubia izatearena da eta arabierazko zenbait liburu grekora itzuli zuen. Horretaz gain elikagaien propietatei buruz Syntagma izeneko liburua idatzi zuen eta medikuntzari eztabaida ikonoklasta zela eta galdutako ospe soziala nolabait berreskuratzen lagundu zion.

Egina-ko Pabloren lanaren argitalpena: 1567.ean egindakoa. Bere lanek aintzinako munduaren medikuntza eta arabiarrena lotzen dituzte.

XII. mendean bizanziar inperioaren bukaera hasi zen; tira-bira sozio-politikoak, egoera ekonomiko tamalgarria, ekialdeko debozioaren ezarrera eta honek ekarriko zuen hesikiasta izeneko mugimendu kietista (oinarriz zientziaren etsaia eta antiintelektuala), gurutzatuek XIII. mendearen hasieran Konstantinopolisen eta Egeo itsasertzeko zenbait lekuren konkistak direla eta, Bizanzio Nizeako eta Trebisondako inperio txiki-txikietara bakarrik mugatu zen. Giro eta egoera hartan Bizanzioko zientziak, beherakada izugarria jasan zuen.

Hala ere, 1261. urtean Mikel Paleologo-k berreskuratu egin zuen Konstantinopolis eta bertan Alexandriako Mirepsos aurki dezakegu. Honek Dinameron izeneko liburua idatzi zuen. Farmakopea ikaragarria da, metodikoa eta osoa, eta bertan 2656 formula desberdin aurki ditzakegu. Lan honek mediku guztien mirespena lortu zuen eta XVIII. mendea arte Mendebaldean botikagida nagusi bezala erabilia izan da. Funtsezko aldaketarik gabe Pariseko Medikuntz Fakultatean 1651. urterarte testuliburu bezala jarraitu zuen.

Handik aurrera egoera ez zen oso egokia zientzia garatzeko eta noizean behin garrantzi handirik gabeko izenen bat edo beste agertzen bada ere, bizanziar aroa bukatutzat jo daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila