Leioan dago orain Zientzi Fakultatearen eraikuntza, baina ez da sortu zenetik hor egon. Duela 30 urte, Euskal Herriko Unibertsitatea eratu zenean, zientzia-ikasketak aukeratu zituzten gazteen pausoak beste alde batera bideratzen ziren. Izan ere, Zientzi Fakultatearen behin-behineko eraikina Bilbon jarri zen, Deustuko Unibertsitatearen aurrean zegoen Nautika Eskolan. Leioara aldatu aurretik beste egoitza bat ere izan zuen Zientzi Fakultateak, Nautika Eskolako eraikin zaharraren ondoan egindako pabilioi bat. Jaxintok berak bigarren eta hirugarren ikasturteak han egin zituen.
Laugarren ikasturterako joan ziren lehen promozio hartako ikasleak Leioara, baina ez Zientzi Fakultatearen gaurko eraikinera. Oraindik egin gabe zegoen eta Medikuntza Fakultatean sartu zituzten. Ikasketen azken urtea bai, hura egoitza berrian igaro zuen lehen promozioak. Beraz, bost ikasturtetan lau egoitza desberdin izan zituen Leioako Zientzi Fakultatetik irten zen lehen lizentziatu-taldeak. “Orduan, Leioara iriste hutsa ere abentura izaten zen. Egoteagatik ez zegoen ganorazko errepiderik, jende gehiena ‘auto-stop’-ean ibiltzen zen… autobusik? bai, bazeuden, baina oso gutxi eta hona jende asko etortzen ginenez zaila izaten zen tokia harrapatzea”.
Ikusten denez, Jaxintok ondo gogoan dauzka hasierako urte haiek. “Hasieran 160 lagun ginen gutxi gorabehera, lau taldetan banatuta, baina denak ez ginen berriak. Izan ere, batzuk batxilergoa bukatuta etorri ginen, baina beste batzuk kimika ikasten arituak ziren, 1968a baino lehenago Jesuitek Deustun kimika irakasten zuten eta. Ikasle haiek azterketak egitera Zaragozara joaten ziren. Unibertsitate publikoa sortu eta gero, Jesuiten kimika-ikasketak desagertu egin ziren. Deustun kimika ikasten zebiltzanak unibertsitate publikoan sartu ziren, gure Fakultatean.
Aipatutako Deustuko kimika-ikasketez aparte, sasoi hartan Bilbon ikasketa teknikoak egiteko toki bakarra Injineru eta Tekniko eskola zen. Ordura arte gauza zientifiko-teknikoak egin nahi zituenak, edo kanpora joango zen edo injineru izango zen, eta horregatik zuzendu zen handik beste multzo bat kimika edo fisika egitera unibertsitate publikora”.
Euskara eta zientzia eztabaida/harremana, beste gauza asko bezala, hasiera-hasieratik sortu zen unibertsitate eratu berri hartan. “Euskara ikasteko klaseak antolatu ziren lehen urtean. Bilboko Euskarazaleak elkarteak bidalita irakasle bat etortzen zen Zientzi eta Medikuntza Fakultatekoei euskara irakastera, talde bi antolatu ziren. Horrelako gauza bat egiteak sasoi hartan bazuen meritua, baina handik pare bat urtera itzali egin zen, ordutegi arazoengatik. Gerora UEU izan da motorea, dozenaka liburu atereaz. UEUrekin hasi zen euskal testugintza unibertsitarioa, hasi, garatu eta segitu. UEUk bultzada handia eman dio Zientzi Fakultateari, baita hemengo irakasle askok UEUri ere”.
Jende gutxiago izan arren, Jaxintoren ustez ez zituzten gauzak orain baino errazago izan, eraikinez eraikin ibili beharrak, laborategiak moldatzeko arazoak sortu izanak, Fakultatera bertara iristeko zailtasunek… ez omen zieten gauzak erraztu. “Hasi ginenotatik, titulazio guztiak kontuan hartuta, 50era ez ginen iritsiko ikasketak bukatzera, lautik batek edo. Fakultate zorrotza? beno, segun eta nori galdetzen zaion. Aprobatzen duenari ez zaio horrela irudituko, baina gainerakoei seguru baietz”.
Denbora ez denez alperrik pasatzen, bistan dago Leioatik irten zen lehen lizentziatu-talde hark ikasketak burutu zuenetik gaur egunera aldaketa handiak eman direla arlo askotan, Leioako Zientzi Fakultatean barne. “Aldea izugarria da. Gu ere aldatu egin gara, zer esanik ez, datozen ikasleak desberdinak dira edo behintzat horrela ikusten ditugu; alegia, orduko gazteriak ez du zerikusirik gaurkoarekin.
Arduretako batzuk berdintsuak izango dituzte ordukoek eta gaurkoek, baina gizartea aldatu egin da, eta gizartearekin batera Fakultatea ere bai. Irakasleak aldatu egin dira, giroa aldatu egin da… orduan zegoen egonezina arrazoi batzuengatik zen eta gaur egun dagoena beste batzuengatik izango da, baina egonezina egon badago. 68 famatua, Burgosko prozesua… dena islatzen zen Fakultatean, eta gaur egun denok ezagutzen ditugun arazoak daude eta horiek ere islatzen dira.
Arlo akademikoari erreparatuz gero, beharbada, gure sasoian aurreko prestakuntza hobea zela esan beharko litzateke, hau da, gaur egun batxilergotik datozenek baino oinarri hobeagoa genuela. Baina egoera hori ez da bakarrik Zientzi Fakultatekoa, askoz ere orokorragoa da.
Irakasleen eta ikasleen arteko harremanei dagokienez, lehen promozioko kidea naizen aldetik esan dezaket irakasle gehienak ere oso gazteak zirela, tesia egin berriak, irakaskuntzan sartu berriak… orduan nahikoa hurbil geneuzkan irakasleak, eta alde horretatik ez zegoen adinaren eta ”errespetua”ren saltorik, eta alde horretatik esango nuke harreman, ez estuak, baina bai hurbilak geneuzkala.
Gaur egun, irakasleekin oro har nahikoa harreman onak daude, irakasleak nahikoa hurbil daude ikasleen arazoengandik. Irakasleen aldetik badago ikasleekin eztabaidatzeko, ikasteko eta tutoriak egiteko desioa; alde horretatik ondo. Beste alde batetik, masifikazio-arazoa dago, ikasle larregi irakasle bakoitzeko eta atentzioa ez da ikasleak nahi duen adinakoa, eta hor badago aldea”.
Leioakoa Zientzi Fakultatea izanik ikerketaz ere, nahi eta nahiez, bi hitz egin behar, lehen promozio hura atera zenetik gauzak asko aldatu baitira mende-laurdenean. “Ikerkuntza egiten den beste herrialde batzuekin konparatuz gero, esan beharko litzateke atzetik goazela, txirotasunean bizi garela. Aldiz, iraganean izan dugunarekin egingo balitz konparaketa, argi eta garbi esan beharra dago aurreratu egin dugula. Duda barik, asko aurreratu dugu, batez ere eskaini diogun lanarengatik.
Beti esan ohi dugu fruitua ateratzeko hemen lan bikoitza egin behar izan dugula, ikerketa egiten eta ikerkuntza egiteko bitartekoak lortzen, egitura eta pertsonal faltagatik noski. Hemengo irakasleek, hezkuntza-lanaz gain, teknikari- eta administrazio-lanak ere egin behar izaten dute. Lan horiek guztiak eginda, gaur egunean ondo gaude, kontuan hartuta zein bitarteko izan ditugun. Oro har, Fakultateko ikerketa nahikoa ona dela esango nuke”.
Azpiegitura arazoak aipatu dituzte Josebak eta Jaxintok, azpiegitura lortzeko egin behar izan duten lana lerro hauetara ekarriz. Egoitza bera multzo horretan sartu behar. Izan ere, nahiz eta eraikin batentzat 30 urte asko ez izan, Jaxintok eta bere ikaskideek orain mende-laurden inguru lehenengoz zapaldu zuten eraikina zaharkituta geratu da. “Hau egin zenean, bizkorregi eta aurrekontu txikiarekin egin zen. 1968an hasi zen eta 1972an bukatu, baina handiegia zen eta diseinu aldetik txarra. Halere, hor bizi behar izan dugu azkenengo 25 urteetan, baina jende asko dago. 1.500 lagunendako pentsatu zen eraikina eta une honetan 6.000 inguru dabiltza hemen egunero; eta 150/200 irakaslerendako tokia egonik une honetan 400 izango gara. Premiazkoa dugu eraikin berria”.
Iragana, egungo egoera… eta kontzeptu bi horiekin zerikusi estua duen beste bat, fakultatearen eragina, izan badu, gizartean izan duen isla. “Orain 30 urte Deustuko Unibertsitatea, Sarrikokoa eta Injineru Eskola zen Bilboko irakaskuntza-unibertsitarioaren sorta. 1968tik hona, eragin soziala izugarria izan da, nahiz eta orduan ez egon batere garbi zertarako zen ere.
Medikuntza Fakultatea garbi dago medikuak sortzeko zela, baina Zientzi Fakultatea zertarako behar da? Zertarako behar dira fisikariak eta matematikariak? Horrelako gauzak galdetzen ziren orduan. Gero ikusi izan da bidertu egin dela titulatuen presentzia gizartean. Apustu bat izan zen une hartan, gutxiengo batek horretan sinestu zuen, eta gaur errotuta dago gizartean. Hemendik irteten diren fisikariak, matematikariak, kimikariak, geologoak eta biologoak indar itzela dute gaurko gizartean”.
Denbora honetan, Josebak zein Jaxintok, irakasle soil moduan egin dute lan, baina karguak ere izan dituzte. Lan batean edo bestean aritzeaz dagoen aldea azpimarratzen dute. “Ezin dira konparatu, desberdinak dira. Irakasle moduan harreman handiagoa izaten da jendearekin, ikasleekin etab.; aldiz, dekano edo errektore bezala ardurek agintzen dute. Irakasle-lana betegarriagoa da, baina gauzak datozen moduan hartu behar izaten dira askotan”.
Azaletik bada ere, eta karguak aipatzen hasita, Fakultate bateko historiaz hitz egiterakoan, ezin bazterrean utzi Unibertsitatean hain errotuta dauden jerarkia kontuak. “Fakultatea sortu zenean katedratiko bat edo bi besterik ez zeuden, eta haiek bazuten lege unibertsitarioak ematen zien indar guztia. Denborarekin aurrera egin da, legeak aldatu egin dira, gauzak erraztu egin dira eta bidea zabalagoa da, katedratiko gehiago dago. Orain, norbaitek duela 25 urteko filosofiarekin funtzionatzen badu, pentsatuz bera Jainkoa dela, albora begiratzen du eta beste katedratiko batzuk ikusten ditu, eta ezin du Jainko sentitu. Egitura jerarkiko hori hor dago, baina jerarkia horretan aldaketa sakonak egon dira”.
Gizartean aldeak, Fakultatean, eraikinean… lehen promozioa irten zenetik. Eurak ere, lehen promoziokoak, denboraren poderioz, aldatu egin dira. Euren arteko harremanetan, berriz, ez hainbestekorik Jaxintok dioenez. “Promoziokoekin badut bai harremanik, ez horrela lotura handirik baina bai, egoten gara batzuetan, eta orain, ospakizunak direla eta, aukera gehiago izan dugu elkarrekin egoteko. Ikasle ohiekin? Egia esan, ez ditut izandako ikasle guztiak gogoratzen; oraingoak, klasera etortzen direnak bai, jakina. Nonbait izenen bat irakurri eta gogora etortzen zait, bai nik ikasle hau eduki dut, baina aurpegia eta izena elkartzea zaila egiten zait. 23 urte hauetan, batez beste, 40 ikasle inguru izan ditut urtero; batzuk behin baino gehiagotan, ez gustuz, baina bai komentzituta.
Hoberantz egin duen Fakultateak? Bidean ondo goaz, ikerkuntzan, irakaskuntzan eta harreman pertsonaletan. Une txarrak ere egon dira. Latzena, behar bada, bost titulazio izanik Fakultatea zatitu eta bost fakultate sortzeko eztabaida egon zenekoa. Ez zen egin eta kitto. Garapenaren une txarrak izan ziren”.
Jaxinto IturbeBilbotarra. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zen urtean amaitu zuen batxilergoa. 1968an Fakultate berrian sartu eta 1973an bukatu zituen ikasketak. Lehen promoziokoa beraz. Soldaduskan egon eta gero tesina egin zuen eta irakasle-laguntzaile moduan bueltatu zen Leioara. Estatu Batuetan bi urte igaro zituen ikertzen, eta harrez gero Leioan dago. 1986tik 1990era Euskararako Errektoreorde izan zen. Joseba MadariagaAreatzakoa. Zaragozan ikasi zuen, tesia han egin eta irakasten ere bertan hasi zen. Euskal Herriko Unibertsitatera etorri zen Zientzi Fakultatean lanean hasteko. Hainbat urtez dekano kargua bete zuen eta errektoreorde ere izan zen. Fisikaria da eta 58 urte ditu. |