Zientzi Fakultateko aurtengo bi ospakizunak

Aurten Zientzi Fakultateko lehen promozioaren irteeraren 25. urteurrena ospatzen ari gara. Ni, hamargarren promozioko ikaslea naiz; beraz, gure Fakultatearen historiaren bigarren aldia baizik ez dut ezagutu, aurreko urteetakoaren berri nire irakasle eta lankideek eman didatelarik. Nire promozioarekin eta ondorengoekin batera masifikazioa heldu zen Unibertsitatera eta, jakina, horren eragina pairatu behar izan dugu, bai ikasle modura eta bai, geroago, irakasle modura ere. Baina beste gauza batzuk ere heldu ziren garai hartan. Adibidez, Eusko Jaurlaritza hasi zen Doktorego Tesiak egiteko dirulaguntzak ematen.

Horretarako ezarritako programari esker, askok egin ahal izan genuen tesia. Aurreko urteetako promozioetakoek baino gehiagok, zalantzarik gabe. Bestalde, garai hartatik hona, ikerkuntzarako dirulaguntzak modu ikaragarrian hazi dira eta Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk berak ere garrantzi handiko baliabideak gure eskuetan ipini dituzte. Ahalegin horien eragina begibistakoa da. Fakultateko zientzia-maila altua da; hala adierazten dute gehien erabiltzen diren zientzi indikatzaileek. Finantziazio iturriak ugaldu dira, maila altuko nazioarteko aldizkarietan argitaratzen diren lanak geroz eta gehiago dira eta beste herrietako ikerkuntza-taldeekiko harremanak sendotu eta anizkoiztu egin dira modu esangarrian.

Hori guztia horrela izanda, gauzak ezinhobeto doazela ondoriozta genezake. Eta egia esateko, nire ikuspuntua nahikoa baikorra da, baina ez horrenbesterako. Orain dela hamabost urte zegoen Fakultatea ezagutu dugunontzat, urte hauetan gertaturikoa adorea emateko eta pozik egoteko modukoa izan bada, orainak baditu bere alde eskasak. Nire iritziz, ikerkuntza- eta zientzia-maila bultzatzeko ahalegin handiak egin badira ere, ezer gutxi egin da irakaskuntzaren kalitatean pareko bilakaera izateko. Egia da ikerkuntza-mailaren gorapenarekin batera irakaskuntzarena igo egin dela seguruenik; azken batean, Unibertsitateko irakaslearen ezaugarri nagusietariko bat ikerkuntza eta irakaskuntza jardueren arteko harreman estua da. Baina alor honetan badago gehiago egiterik.

Juan Ignacio Perez Iglesias.
Egunkaria

Instituzioek eta Unibertsitateak berak ere, ez dute orain arte benetako apusturik egin irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko eta egindako gehiena irakasle bakoitzaren gogoa eta borondatearen menpekoa izan da. Eta Unibertsitatearen helburu nagusia zein den ez dugu ahaztu behar. Gizartearentzat goi-mailako trebatzea izango duten langileak hezitzea da gure zeregin nagusia. Horixe da gizarteak eskatzen diguna eta beste guztiak, horren zerbitzurako egon beharko luke. Esparru gehienetan bezala, horretarako ezinbestekoa da baliabide egokiak erabiltzea eta baliabide horiek anizkoitzak izan behar badute ere, ekonomia baliabideak behar-beharrezkoak dira.

Nire ustez, beraz, etorkizunerako zeregin nagusietako bat horixe da eta horrek baditu alde batzuk, elkarren artean osagarriak. Horrela, irakasleen birziklapen iraunkorrerako programak behar dira. Oso baliogarria izango litzateke, bestalde, tutoretza-sistema eraginkorragoak ezartzea eta tutoretza-lana behar bezala baloratzea eta saritzea. Irakaskuntza-azpiegiturarako finantziazio-iturri espezifikoak ezarri beharko lirateke. Teknologia aurrera doan neurrian, lan-munduan egongo diren baliabide eta azpiegiturak berriztatuz doaz etengabe. Irakaskuntza-azpiegiturak, beraz, antzeko moduan berriztatu beharko lirateke. Seguruenik, gauza gehiago egin liteke alor honetan, adibidez, nik aipatutakoak.

Bestalde, eta aurrekoarekin harreman estuan, Titulazio berrien ezarpena dugu etorkizun hurbilerako zeregin nagusietariko bat. Irakaskuntza-eskaintza ezin egon daiteke izoztuta urteetan zehar; gizartearen beharrak berriak badira eta Unibertsitatean zientzia eremu berrietarako bideak ireki badira, gure erantzunkizuna da behar berri horiei erantzuna ematea. Joan den udaberrian Titulazioen Mapa berria onartu du EHUko Gobernu Batzarrak. Bertan, Unibertsitateak proposamen bat egin du, etorkizun hurbilean eskain ditzakeen titulazio berriak zehaztuz. Mapa horretan sartutako titulazio batzuk, Zientzi Fakultatean eskaini ahal izango dira. Horren aurrean sekulako erantzukizuna dugu eta egiten dugun irakaskuntza-eskaintzaren kalitatearen menpean egongo da bai gure etorkizuna eta, garrantzi handiagokoa dena, bai Unibertsitatera etortzen diren gazte askorena ere.

Horiexek dira, beraz, etorkizunari begira ditugun erronkak. Ikerkuntza-jarduerak sendo eta egonkorrak izanik ere, espero izatekoa da aurrerantzean hobetuz joango garela. Horretan oinarrituta, irakaskuntzaren kalitatearen emendioa izan behar dugu helburu. Esan dudan moduan, Instituzioei dagokie horretarako ipini behar diren baliabideak eskaintzea, baina gure arteko bakoitzak ere badu bere zeregina. Kontuan har dezagun.

Lerro hauek eskatu bazaizkit, Zientzi Fakultateko kidea naizelako eta horretaz gainera, Euskara Errektoreordea naizelako izan dela uste dut. Beraz, Fakultatean euskarazko irakaskuntzak izan duen bilakaera eta etorkizunari begira honen inguruan egin daitezkeen ikuskizunak aipatu gura nituzke hemen. Zientzi Fakultatea aitzindaria izan zen alor honetan. Bertan hasi ziren, laurogeigarreneko hamarkadan lehenengo eskolak euskaraz ematen Unibertsitatean.

Hori, irakasle bakan batzuen lana eta borondatearen emaitza izan zen hasiera batean. Geroago, euskarazko eskaintza handitu eta zabaldu egin da. Ikasketa batzuetan besteetan baino gehiago, baina kasik urtero gehitu ahal izan dugu eskaintza hori. Ez gara oraindik heldu iritsi behar dugun tokira, baina oraindik urratzeko dugun bidea egindakoa baino laburragoa da. Adibidez, Biologia ikasketak euskaraz osoki egin ahal izan dituen lehen promozioa irten da aurten. Hori ere ospatu dugu eta nire iritziz, beste ospakizuna baino askoz ere esangarriagoa eta garrantzizkoagoa izan da hau.

Lehendabiziz, zientzia alorrean, goi-mailako ikasketak euskaraz egin ahal izan dira. Datozen urteotan Fakultateko beste ikasketak euskaraz egin ahal izango dira osorik, batzuk besteak baino lehenago. Bide beretik jarraituko dugu beraz eta orain arte egindakoa hobetzeko asmoz, Unibertsitate-mailako irakaskuntzarako baliabide egokiak izateko behar diren ahalegin guztiak egingo ditugu. Lehen esan dudan bezala, erantzukizuna ezin da bakarrik instituzionala izan. Bakoitzari geurea dagokigu eta esparru honetan, zientzia-alorreko euskararen normalizazioarenean, lan handia dago egiteke. Horra hor, beraz, bigarren erronka datozen urteetarako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila