Altzairua bera baino erresistenteagoa da, oso malgua, eta giza ilea baino 80 aldiz finagoa. Arkatz baten lodiera balu, hegaz doan Boeing 747 bat gerarazi ahal izango lukeela esan izan da. Balen kontrako jakak egiteko erabili dute militarrek, eta begietako ebakuntzetan puntuak josteko medikuek. Erresistentzia horri esker, industria teknologikoaren altxor txikia bihurtu da zeta.
Eskaera handiari erantzuteko, industria tradizionalak zeta-harrak hazi ditu urte askoan. Erraz hazten dira harrak, baina bizi-zikloaren une jakin batean bakarrik ekoizten dute zeta, krisalida-fasean, eta neketsua izaten da kopuru handiak lortzea. Hori dela eta, abeltegietan armiarmak hazten ere saiatu dira. Azken finean, armiarmek ia egunero ekoizten dute zeta helduak diren bitartean.
Armiarmekin izandako emaitzak, ordea, negargarriak izan dira beti. Animalia bakartiak eta lurraldekoiak izanik, ezin dira taldean hazi. Are gehiago, kanibalak dira, eta horrek ikaragarri zailtzen du armiarmen hazkuntza. Gainera, armiarmek berek ekoitzitako amarauna birziklatu egiten dute: zaharkituta geratu den zeta jan egiten dute, zuntzaren proteina-edukia aprobetxatzeko. Argi dago ekoitzitako zeta hondatzen duen animalia ez dela egokia erabilera industrialetarako, eta irtenbide bioteknologikoak pentsatzen hasi dira.
Montrealgo enpresa bioteknologiko batek, esaterako, zeta sortzen duten ahuntz transgenikoak lortu ditu. Ahuntzak jetzi besterik ez dago nahi adina zeta-proteina lortzeko. Baina badago arazo bat: intsektuek eta armiarmek zuntz baten moduan antolatuta kanporatzen dituzte zeta-proteina horiek, hari-itxurarekin, alegia; ahuntzek, ordea, ez. Ahuntzek esnetan disolbatuta, desitxuratuta, askatzen dituzte proteinak, inoiz ere ez zuntz-itxuran.
Beraz, zailtasuna bestelakoa da orain. Nola lortu ahuntzen esnetan edo uretan disolbatuta dauden proteina horiek guztiak behar bezala antolatu eta zuntz erresistenteak eratzea? Ikerketa berri batek eman dio irtenbidea arazoari. Intsektuetan zuntz hori nola sortzen den argitu dute, proteinak uretan disolbatuta egotetik zuntz izatera nola iristen diren, alegia.
Jakina da intsektuek kanporantz jaurtitzen duten unean bertan sortzen dutela zuntza. Fibroina izeneko proteinak uretan disolbatuta sortzen dituzte, eta, zeta-guruinetatik atera ahala, zuntz moduan antolatzen dira. Orain arte, zeta airearekin kontaktuan jarritakoan polimeritzatzen zela uste zen. Baina ez omen da airea eragilea, ur-gabezia baizik.
Arrazoia proteinen egitura berezian dago. Alderdi hidrofobikoak dituzte proteina horiek, hau da, urak aldaratu edo errefusatu egiten dituen eremuak. Eta horrek ezegonkor egiten ditu uretan. Arazo larria izaten da proteina askorentzat, baina kondizio jakin batzuetan abantaila ere izan daiteke. Izan ere, inguruko kondizioen arabera, itxura bat edo bestea har dezakete zetaren proteinek: uretan disolbatuta daudenean itxura jakin bat hartzen dute, proteina txikien modura uretan igerian; baina ura desagertzen denean, urak errefusatu ohi dituen eremu horiek agerian uzten dituzte proteinek, eta itxura zeharo desberdina hartzen dute; zuntz-itxura, hain zuzen ere.
Horregatik, armiarmek zeta-proteinen disoluzioa kanporantz jaurtitzen dutenean, urari eutsi, eta egitura aldatuta duten proteinak ateratzen dira, urik gabekoak ia; elkarri atxiki mizela modura, kiribildu eta zuntz ikaragarri sendoa osatzen duten proteinak. Zenbat eta proteina gehiago atxiki, orduan eta handiagoa izango da zuntza.
Zeta ekoizten duten ahuntz transgenikoak, bioteknologiaren azken lorpena.Sekretua, beraz, proteinen egituran dago. Uretan guztiz solugarriak balira, ez lukete itxura aldatu eta horrelako egiturarik sortzeko aukerarik izango. Baina zetaren proteinek, ezaugarri horiei esker, egitura kiribil eta luzea sortzen dute. Hori bai, ura kentzen zaienean soilik.
Orain zientzialariek badakite zerk mugatzen duen zuntzaren eraketa, eta argi dago zein den hurrengo helburua: ahuntz transgenikoek industrialki ekoitzitako zeta ondo egituratzea lortu beharko dute. Horrela, laborategian nahi adina zeta sortzea lortuko dute, batetik, eta zetaren erresistentzia hobetuko duten zuntz sintetikoak diseinatzea, bestetik.