Zesarea bidez erditzea

Emakume bati zesarea egin behar zaiola esaten zaionean, antsietate eta beldur handia nabarituko ditu bere baitan. Denbora igaro ahala onartu egingo du, eta gero itxaropena sortuko zaio, zesareak haurdunaldia lasaiago eta itxaropentsuago bilakatu duelako. Baina teknika honen zenbait ezaugarri ikus dezagun: zer den, izena nondik datorkion, gaur egun zein egoeratan dagoen, zergatik eta nola egiten den eta bere abantailak eta desabantailak zeintzuk diren.

Zer da?

Zesarea, sabelean eta uteroan egindako ebaketaz umea kanporatzeari esaten zaio.

Nondik datorkio izena?

Gaur egun milaka emakumeri egiten zaion ebaketa honen izena, kondairak dioenez “Julio Zesar”etik (100-44 K.a.) dator, horrela jaio zelako. Julia, Julioren ama, zesarea egin ondoren urte askotan bizi izan zenez, hipotesi hau sinesgaitza da. Izenaren jatorria “lex caesarea” kontzeptu latinoa izan daiteke. “Caedere” euskaraz “ebaki” da, eta ama haurdunaldiaren azkeneko astetan hilez gero, haurtxoa salbatu nahian amari ebaketa egitea inposatzen zuen legearen izena zen.

Gaur egun zein egoeratan dago?

Duela ehun urte zesareak ama hiltzea esan nahi zuen. Bigarren Mundu-Gerraren ondorenean ere, antibiotikoak erabili baino lehen, ama asko sabeleko infekzio eta odol-infekzioengatik hil egiten zen.

Gaur egun, aldiz, zesarea ebaketa arrakastatsua da, zeren:

  1. Ez bait du bajina-erditzeak baino arrisku handiagorik.
  2. Azkar egiten bait da.
  3. Amak nola erditzen den ikusi nahi badu, anestesia lokala erabil bait daiteke.
  4. Hiruzpalau aldiz errepika bait daiteke.
  5. Bikiak edo hirukiak direnean arrakastatsua izaten bait da.

Zesareak ez du umea kaltetzen eta oso egoera larrietan bakarrik eragin dezake asfixia.

Zergaitik egiten da?

Haurdunaldian ikerketa sakonak egin ondoren, edo bajina-erditzea konplexuegia denean, zesarea egiteko erabakia har daiteke. Hauek izan daitezke haurdunaldian zehar zesarea aholkatzeko ikusitako arrazoi batzuk:

  1. Amaren pelbisa umearen buruarekiko estuegia izatea.
  2. Uteroaren irteeran garatutako plazentagatik, haurdunaldiaren azken momentutan odol-jarioak edukitzea.
  3. Ama eta umearen Rh odol-taldeen bateraezintasuna (amaren eta aitaren odol-taldeak ezberdinak izanik, amarena eta umearena ezberdinak izan daitezke eta).
  4. Umeak haurdunaldi-jarreran burua aurkeztu beharrean ipurdia aurkeztea, hogeitamar urte baino gehiago dituen emakumeengan (lehenengoz erditzen direnean bereziki).
  5. Aurreko bajina-erditze batean umea galdua izatea.

Bajina-erditze konplexuegia izateko arrazoi batzuk hauek dira:

  1. Haurraren bihotzak huts egiteko arriskua.
  2. Uteroaren lepoa gutxiegi zabaltzea.

Bajina-erditze luze eta antzuetan, zesarea amarentzat irtenbide onuragarria izaten da. Gainera, bajina-erditze konplexua zesarea bilakatzeak, aurrez antolatutako zesarearekiko ez du zertan arriskutsuago izan beharrik.

Non, nork eta nola egiten da?

Zesarea, noski, ospitalean egin behar da, odol-kutxa eta profesional egokiak hor daudelako: erabakia hartu eta teknika garatuko duen obstetra, anestesiaz nahiz ama eta umearen susperketaz arduratuko den anestesiologoa eta jaioberriari kontu hartuko dion pneumatologoa.

Teknikari buruz, ondokoa esan daiteke: emakume gehienak anestesia orokorra nahiago izaten dute. Bestalde, ebaketa bi motatakoa izan daiteke: klasikoa eta zeharkakoa. Klasikoan sabela luzetara eta uteroa aurrekaldetik luzetara ebakitzen dira. Teknika hau, plazenta uteroaren irteeran garatu denean, eta umea zeharka dagoenean erabiltzen da. Teknika honek ondoko desabantailak ditu: odol-hoditxo gehiago mozteagatik odol-jario handixeagoa izatea, eta osatzen den orbaina, zeharkakoan baino ahulagoa izatea.

Zeharkako teknikan, sabelaren behe aldean zeharka ebakitzen da eta uteroaren aurreko azpikaldean, egoeraren arabera, zeharka edo luzetara ebakitzen da. Teknika honekin emaitza estetikoagoak lortzen dira, eta orbainak tentsio gutxiago duenez, min txikiagoa ematen du.

Teknika batekin ala bestearekin, uteroa moztu eta gero, ur-poltsa moztu egiten da. Ondoren, zurgagailu batekin likido amniotikoa xurgatzen da, eta beste aspiragailu batekin umearen aho eta sudurreko mukiak garbitzen dira, lehenbailehen ahalik eta egokien arnasa har dezan. Zesareako une garrantzitsu eta ugarienari amaiera emateko, zirujauaren eskuek, mugimendu egokiz, umearen burua, sorbaldak eta gorputza kanporatzen dituzte. Arnasa hartutakoan, umearen azalak arrosa-kolore osasuntsua hartuko du.

Uteroaren muskulu eta odol-hodiek ebakia ongi orbaintzea bermatzen dute. Horregatik, nahiz eta muskuluaren tinkotasuna orbainarena baino handiagoa izan, emakume berari hiruzpalau zesarea egin dakioke. Baita, zesarea baten ondoren arrakasta-aukera handiz bajina-erditzea burutu ere. Bestalde, emakume berean zesareak errepikatzen direnean, azken ebaketak aurreko orbainaren gainean egiten dira.

Azkenik, zesarearen ondoren amaren erantzuna bajina-erditzean edukiko zukeenaren parekoa dela esango dugu.

Zesarea medikuntzaren beste garapen bat da; gizateriaren eta biziaren zerbitzura dagoena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila