Zergatik lo egin?

Adinarekin lo egiteko beharrak aldatzen badira ere, azkenean, batez beste, 250.000 ordu emango ditu gutako bakoitzak lo. Eta, hala ere, zientzialariek ez dute asmatu zertan ematen dituen organismoak horrenbeste ordu. Badakite ez dela gorputzak atseden hartzeko. Zertarako balio du, orduan, loak?

Neurobiologoek, laborategiko arratoiak apropos esna mantentzen dituztenean, ikusten dute haien osasunak berehala egiten duela okerrera. Argaltzen hasten dira, gorputzeko tenperatura mantentzeko ahalmena galtzen dute, immunitate-sistemak arazoak ematen ditu eta infekzioak ugaritzen dira. Azkenean, 20 egunean arratoiak hil egiten dira insomnioak jota, hain zuen ere, gosez hiltzeko behar duten denbora berean.

Lo egitea, beraz, ez da gorputzaren gutizia; organismoak behar-beharrezkoa du bizirik irauteko. Berrogeita hamar urte daramate neurozientzialariek, fisiologoek, zoologoek eta psikologoek loak benetan zer funtzio duen aztertzen, eta oraindik ez dute argitu.

Zalantzak zalantza, argi dagoena da loa garunarentzat dela. Izan ere, animaliek lo egiten dute, baina ez landareek. Eta animalion beste organoek ere ez dute ‘lorik’ egiten: ez birikek, ez gibelak, ez beste organoek.

Energia berreskuratzeko edo garuneko neuronen arteko konexioak aldatzeko
balio du loak?

Ikertzaile batzuen iritziz, loaren oinarrizko zeregina indarberritzea da; egunez galdu dugun energia berreskuratzea. Lo-garaia metabolikoki eskari txikia duen unea da, eta litekeena da eguneko jarduera astunak eragindako energia-eskasia konpontzeko erabiltzea neuronek. Zeluletan, energia ATP molekulan gordetzen da, eta, energia gastatu ahala, ATP hautsi eta hortik askatutako adenosina-molekulak zelularen kanpoan pilatzen hasten dira. Neuronek lo-garaia aprobetxatzen dute adenosina hori berriz ere zelulara sartu eta ATP erreserbak berreskuratzeko.

Baina lo gauden bitartean tasa metabolikoa % 15 baino ez da murrizten esna eta geldirik gauden unearekin alderatuta. Hortaz, lo gaudenean irabazten dugun energia hori zertxobait gehiago janez berreskura genezake, gure bizitzako 25 urte inguru lo eman beharrik gabe. Fenomeno konplexuagoa izan behar du loak halabeharrez, eboluzioan zehar ere animalia-espezie guztiek mantendu baitute.

Hipotesi berrienek diote loa ikaste- prozesuarekin lotuta dagoela.

Hipotesi berriagoek diote loa ikaste-prozesuarekin lotuta dagoela. Txorikumeek, esaterako, kantuan ikasten ari direnean, garuneko gune jakin batzuk aktibatzen dituzte. Bada, lo daudenean ere, aktibazio neuronalaren patroi hori bera errepikatzen dute: egunean zehar erabilitako eremuak aktibatzen dira berriz ere garunean, nahiz eta gauez ez duten inolako soinurik sortzen txoriek. Kantuan ari direla amets egingo balute bezala da.

Fenomeno bera ikusi da edozein ekintza berri ikasten ari diren beste animalia-espezieekin ere: gauean ‘birgogoratu’ egiten dute. Hori dela eta, zientzialari askok uste du lo-garaia memoria finkatzeko garaia dela, egunez ikasi dena finkatzekoa.

Ikertzaileek 50 urte daramatzate loak zer funtzio duen aztertzen, eta oraindik ez dakite.

Neurobiologoek lo zeuden pertsonen garunak aztertuta ikusi dute, muskuluak oso gutxi mugitu arren, neuronek jarduera itzela dutela. Baina zertan ari dira?

Egunez, gure begiek zerbait ikusten dutenean, gure belarriek zerbait entzuten dutenean edo gure sudurrak zerbait usaintzen duenean, neuronek jasotzen eta eramaten dute garuneraino informazio hori. Eta, hain zuzen ere, informazioa neurona batetik bestera transmititu behar denez, neuronen arteko loturak —sinapsiak— dira informazioa trukatzearen giltzarria. Beraz, badirudi lotan gaudenean esna gaudenean sortutako neurona-loturak berraztertu, eta baliagarriak direnak gorde eta gaizki eratutakoak desegin egiten direla. Lo gaudela gertatzen den neuronen plastikotasun hori omen da loaren zeregina eta gauza berriak ikasteko ahalmenaren giltzarria.

Loaren une egokia

Neuronak izanik loaren protagonista, sinapsien berregokitze hori loaren zer fasetan gertatzen den aztertu dute zientzialariek. Izan ere, REM fasea eta NREM fasea txandaka gertatzen dira lo gauden bitartean, garuneko jarduera handia duen fasea bata, eta uhin moteleko fasea bestea.

Betidanik REM faseari eman zaio garrantzi gehien, batetik, orduan egiten dugulako amets, eta, bestetik, beti uste izan delako funtsezkoa dela ikasitakoa finkatzeko. Baina neurobiologoen azkeneko ikerketek erakutsi dute neuronen plastikotasuna NREM fasean gertatzen dela, ametsei protagonismo osoa kenduta.

Lorik egin ezean

Neuronen zirkuituak informazio berria ikasteko gaitasunean nola eragin duen ikusteko saio ugari egin dute zientzialariek. Hainbat pertsonak hitz berriak ikasteko zer nolako gaitasuna duten ikertu dute, konparatuta nahikoa orduz lo egin dutenak eta batere lorik egin ez dutenak.

Azken ikerketen arabera, badirudi,
lotan gaudenean, esna gaudenean
sortutako neurona-loturak berraztertu, eta baliagarriak direnak gorde eta
gaizki eratutakoak desegin egiten direla.

Ikerketa horietan ikusi da lorik egin ez dutenek garuneko eremu gehiago
erabili behar izaten dituztela hitzak ikasteko; zenbat eta lo gutxiago orduan eta eremu gehiago, gainera. Ikertzaileek uste dute neurona-zirkuituetan berritze hori gertatzen ez den kasuetan garunak beste eremu batzuk erabili behar izaten dituela ikasi ahal izateko.

Berregokitze neuronalak ikasteko ahalmenean eragin handia badu ere, oraindik zalantza dago neuronen plastikotasuna ote den loaren funtzio nagusia. Izan ere, egunean zehar ikasi dugunaren arabera garunaren zati jakin batek bakarrik sendotzen baditu sinapsiak, zergatik da beharrezkoa loa gauero garunaren beste eremuentzat eta gorputzarentzat?

Izan liteke sendotze sinaptikoa NREM fasearen bigarren mailako onura bat besterik ez izatea, nolabait beste zereginetarako diseinatutako prozesu baten azpiproduktua baino ez izatea, neuronen berreskuratze metabolikoa bezalaxe. Oraingoz, prozesu fisiologiko erabat iluna izaten jarraitzen du loak.

Erdi lo, erdi esna

Izurdeek irtenbidea aurkitu diote itsasoan etengabe esna egoteko beharrari: garun osoaren ordez hemisferio bakarrak hartzen die lo. Txandaka loaldi laburrak egiten dituzte, lehendabizi eskuineko hemisferioak eta ondoren ezkerrekoak. Hartara, arnasten jarrai dezakete normal-normal.

Ez itotzeko, izurdeen garuneko hemisferioek txandaka egiten dute lo. Ugaztun gutxik dute ahalmen hori.

Hegaztien artean arrunta da hemisferio bakarreko loa, harrapariak zelatatzeko behar-beharrezkoa baitute. Itxuraz, oso praktikoa da. Baina ugaztunen artean ezohikoa da guztiz: izurdeek, zetazeoek eta manatiek bakarrik dute ahalmen hori. Harrigarria da hain gutxik erabiltzea, kontuan hartzen badugu ugaztunen aitzindariek, narrastiek, ere izan bazutela ahalmen hori; eta, hala eta guztiz ere, ugaztunek ez dute eboluzioan mantendu. Galera horrek agerian jartzen du agian badagoela arrazoiren bat eboluzioak hemisferio bakarreko loaren alde ez egiteko, eta agian oso muturreko bizimoduetan bakarrik merezi du.

Ametsik gabeko gauak

1997an 73 urteko emakume batek garuneko infartua jasan zuen. Garuneko lobulu okzitala odol-jariorik gabe gelditu zen, eta ustekabeko ondorioa izan zuen: amets egiteari utzi zion. Orduz geroztik, emakumea aztertzen aritu dira Zurich-eko Unibertsitatean, eta ikusi dute zein den zehazki garunean amets egiteko ezinbestekoa den eremua. Alegia, non dagoen emozioak eta ikusizko memoria prozesatzen dituen eremua.

Lehenago ere aztertu izan dira ametsak sortzeko ardura duten garuneko eremu kaltetuak, baina pazienteek, ametsik egin ezin izateaz gain, bestelako arazo fisikoak ere bazituzten. Emakume hori izan da amets egiteko ahalmena soilik galdu duen bakarra.

Lo gauden bitartean REM fasean amesten dugunez, fase horretan esnarazi zuten emakumea behin eta berriz. Ametsik egiten ez bazuen ere, uhinen erregistroa erabat normala zen; berdin-berdin izaten zuen REM fasea. Aurkikuntza horrek argi utzi du bi gertakizun bereizi direla amets egitea eta uhin moteleko fasea, alegia, garunaren eremu desberdinek kontrolatzen dituztela.

Sigmund Freudek uste zuen erreprimitutako sentimenduak askatzeko balio dutela ametsek; beste batzuek, berriz, eguneroko gertakariak sailkatzen edota arazoak konpontzen laguntzen dutela. Aldiz, garuneko infartua jasan eta 7 urtera ametsik egiten ez duen emakumeak bestelako kalte neurologikorik ez duela ikusita, badirudi amets egitea ez dela inolaz ere beharrezkoa ongizate mentalerako. Are gehiago, litekeena da inolako funtziorik ez izatea. Agian arrazoia izango dute ametsak garunaren zinema direla esaten dutenek; nolabait, lotan gauden bitartean garuna entretenitzeko funtzioa dutela ametsek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila