Zaharrak berri

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

- Huston, Atlantis deika, txanda.
- Hemen Huston, zer duzue? Txanda.
- 386 txipa hondatu zaigu eta ez daukagu ordezkorik. Lur hartu ezinik gaude, zer egin genezake? Txanda.
- Hasteko, lurreratze-trena eskuz jaitsi, palankari eraginda, eta ondoren…, errezatzen badakizue? Txanda. Egoera horretara iristea ia ezinezkoa da, noski, baina NASA txip zaharren bila dabil sarean.

Gaur egungo aurrerapen eta onura asko eta asko teknologiaren garapenean oinarritzen da. Baina teknologia hori, eta bereziki informatika, oso azkar ari da berritzen; azkarregi, agian. Edozein tresna informatikok berehala uzten dio punta-puntakoa izateari, nahiz eta ezin den esan zaharkituak dauden sistemak txarrak direnik.

NASA gauza askotan teknologia-sortzaile izan bada ere, abiadura azkarrak hari ere eragiten diola dirudi. Izan ere, azkenaldian sareko enkanteak arakatzen dihardu. Helburua: duela 10 urte inguru zaharkitu ziren mikroprozesagailuak eta hardwareetako piezak aurkitu eta eskuratzea. Ez noski aurrerapen elektronikoen abiadura azkarraren erakusle izango litzatekeen informatika-museo bat egiteko, ez. Dituen sistemetarako ordezko piezak bukatzen ari zaizkiolako baizik. “Sistemak eguneratu ditzala!” pentsatuko duzue, agian. Baina ez du, nonbait, aukera hori oso gustuko.

NASAk gogokoen, eta beharrezkoen, duen gauzetako bat 8086 txipa da. Txip hori, edo 8088a, 1981ean sortu ziren ordenagailu pertsonaletan erabiltzen zen (1979rako asmatuak zituzten). Orduan ia ezezaguna zen Intel etxeak egiten zuen eta 8 bit besterik ez zituen.

Ez pentsa zure ordenagailu zaharrari txipak kendu eta NASAri saltzea, kantitate handiak soilik erosten ditu eta.

Txip horietatik abiatuta, x86 seriea sortu zen. Izan ere, urtebete geroago Intelek 16 bit-eko 80286a (edo 286a) sortu zuen. 'Babestuta' lan egin zezakeen, eta, beraz, softwareak 640 KB-ko muga gaindi zezakeen. Hala ere, atzera egiteko modu bakarra berrabiaraztea zen. Azkenik, 1985ean Intelek 80386 prozesadorea sortu zuen (1986an erabili zen lehenengoz ordenagailuetan). Jada 32 bit zituen eta, beraz, programa bat baino gehiago batera erabil zitezkeen. Gaur egun erabiltzen diren Pentium lerroko txipak horien ondorengoak dira eta, abiadura izugarri azkartu badute ere, 32 bit izaten jarraitzen dute eta oinarrizko instrukzioetako asko 386aren zein 486aren berak dituzte.

Baina itzul gaitezen 8086ra. 1981ean, lehen transbordadorea (Columbia) espazioratu zenean, 8086 txipa erabili zen bi propultsio-koheteen segurtasuna kontrolatzeko. 1986an, Challenger transbordadorea espazioratu ordurako lehertu zenean, zergatia aurkitzeko ikerketa egin eta koheteen juntura bati egotzi zioten errua. Hegaldien programa geratu egin zuten eta hainbat sistema berriz diseinatu zituzten, baina 8086a ez zuten baztertu.

Gaur egun ere, bi hamarkada pasa arren, 8086ak erabiltzen dituzte. Areago, NASAk 37 milioi dolarreko azterketa-sistema automatikoa egiteko asmoa du, erabat hardware eta software berriak izango dituena, baina horretarako ere 8086ak erabiltzeko asmoa du. Hori bai, edozein tresna erabiltzean hondatutako piezak ordezkatu edo konpontzeko modua edukitzea komeni da, eta hor hasi dira NASAren arazoak, gaur egun inork ez baitu 8086 txipik egiten. Horregatik ari dira Interneteko enkanteetan eta beste hainbat tokitan arakatzen.

Gogor arakatu ere. Duela gutxi, transbordadoreko ordenagailuak sinkronizatuta daudela ziurtatzeko erabiltzen den unitatearen ordezko zirkuituaren bila ibili ziren. Aurkitu zuten, kostata, eta 500 dolar ordaindu zituzten. Merke, hala ere, NASAkoen hitzetan teknikari bat astebetez lanean edukitzea garestiago omen da eta.

Baina, lasai, etxeko ganbaran ordenagailu zaharren bat baldin badaukazue ez hasi NASAra deika, partikularrei ez diete eta piezarik erosten, kopuru handiak dituztenei soilik.

Normalean, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak sistema konplexuak erosten dituenean, azterketa- eta konponketa-zerbitzuak kontratuan bertan bermatzen dira. Transbordadoreen kasuan, ordea, ez zuten horrelako plangintzarik egin, gehienez ere hamarkada bat iraungo zutelakoan. Alabaina, orain dituzten transbordadoreek 2012. urtera bitartean iraungo dutelakoan daude (azken hilabetean kanpo-estalkietan aurkitu dituzten arazoak konpontzen baldin badituzte) eta, ahal izanez gero, 2020tik aurrera ere martxan izan nahi dituzte. Dagoeneko zailtasunak baldin badauzkate, ez dute lan makala txipak bilatzen!

NASA ez dago bakarrik

Ez pentsa, ordea, NASA denik txip zaharrak erabiltzen dituen bakarra. Hegazkin asko eta askok 1986ko Intel 80386arekin edo 386arekin egiten du hegan. Txip hori erabiltzen dute gidari automatikoan, Windows 95a ozta-ozta abiaraziko lukeen arren.

Urtegiak, hegazkinak, zentral nuklearrak... txip zaharrez inguratuta gaude.

Egia esan txip horrek oso ondo egiten du lan, urteetan fidagarria dela erakutsi du eta ez da gehiegi berotzen. “Nazioarteko Espazio Estazioan bizi ahal izateko eta estazioaren mantentze-lanetarako ordenagailuen softwareek ere 386a erabiltzen dute. Ordenagailu horiek espazioko hegaldietan erabiltzen dira eta oso gogorrak dira (…). Hainbat urte beharko lirateke espazioko hegaldietako kondizio gogorrak jasango lituzkeen ordenagailu berri bat egiteko”.

Urtegi eta zentral nuklear askok ere txip hori erabiltzen du.

Azken finean, mikroprozesadorea aldatzea ezda horretan soilik geratzen, sistema osoa haren menpe baitago. Mikroprozesadorea aldatzeak software guztia aldatzea eskatzen du eta ondo dabilen sistema bat berriagoa den, baina arazo ezezagunak eman ditzakeen, sistema batez ordezkatzea oso garestia izan daiteke, bai diruz baita sor daitezkeen arazo horiengatik ere. Izan ere, informatikariek esaten duten bezala, “ondo badabil ez zaitez konpontzen saiatu”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila