XX. mendeko azken Eguzki-eklipsea Interneten

1998ko otsailaren 26an Eguzki-eklipse osoa gertatuko da; 140 km-ko zabalera eta milaka kilometroko luzera duen zerrendan ikusi ahal izango da bere osotasunean (ikus irudia). Gertakizuna Ozeano Barean hasiko da; Galapagos uharteak zeharkatu eta gero Panamatik Hegoamerikan barneratu eta bere eragina Kolonbia eta Venezuelarantz hedatuko da Karibe itsasora iritsiz. Ondoren Aruba, Curazao (antzinako Antilla holandarrak), Montserrat, Antigua eta Guadalupe (azken hau Frantziako lurraldea) uharteetara hedatuko da. Jarraian Ozeano Atlantikora abiatuko da Kanariar uharteetatik gertu amaitzeko.

Hemen eklipse partzial aurreratu moduan ikusi ahal izango da ilunabarrean. Iberiar penintsulatik ere behatu ahal izango da eklipsea, baina Eguzki-sarreran eta leku jakin batzuetatik soilik: iparmendebaldetik (Galizia), Extremaduratik eta Andaluziako hegomendebaldetik; halere, ikuspena eskasa izango da Eguzki-diskoa partzialki ezkutatuta egongo baita.

Ondoko mapan Lurretik eklipsea behatu ahal izango diren lurraldeak ikus daitezke. Hots, erdiko zerrenda estutik baino ezingo da osorik ikusi. Honen bi aldeetara argitzala hedatuko da eta honek, eklipse partzial gisa ikusi ahal izango den zonaldeekin egingo du muga. Osotasunean ikusiko den lerroarekiko paraleloak portzentaiatan daude mapan eta beren funtzioa alderdi horietatik estalita ikusiko den Eguzki-diametroaren frakzioa adieraztea da. Orduek, UT-en adierazita (denbora-unitate unibertsala), leku zehatz batean eklipse maximoa noiz izango den adierazten dute.

Gertakari liluragarri honi esker Eclipse’98 delako proiektua jarri da martxan. Proiektu honen helburu nagusia 1998ko otsailaren 26an gertatuko den Eguzki-eklipse osoa World Wide Web delakoaren bidez zuzenean transmititzea da, mundu osoari eta, bereziki, planeta osoko haur zein gazteei eskaintzeko, WWWrekin kontaktuan jar daitezkeen ikastetxe, liburutegi edota ordenagailuak dituzten etxeak ahaztu gabe. Honela, Naturan gertatzen den ikuskizun ederrenetariko baten garapen txundigarria era eroso eta erraz batean jarraitzeko eta gozatzeko aukera paregabea eskainiko da.

Eklipse-osoaren lerroan kokaturiko behatzaile-sare batek, bideokamera, ordenagailu mugikorra eta komunikazio-sistemek lagunduta, kontrol-zentralera igorriko ditu irudiak zuzenean. Beste helbide “ispiluak” web osoan gertakizuna bidaltzeko prest egongo dira. Gehienezko ikusgarritasun-lerroan kokatua dagoen behatzailearentzat fenomenoak 4 minutu baino gutxiago iraungo badu ere, WWW-en, konbinazioz lortuko den iraupen-denbora 30 minututik gorakoa izango da.

Eclipse’98 proiektuari esker, 30 minutuz ikusi ahal izango da Eguzki-eklipse osoa interneten otsailaren 26an.

Honez gain, proiektuak helburu didaktikoa ere baduela eta, web helbide berean mota eta teknologia ezberdinetako jolasak aurkitzeko aukera izango da, errealitate birtual moduko esperientziak eta 3D-ko bideo bereziak tartean direla.

Halaber GOES serieko sateliteen bidez espaziotik iraupen naturaleko irudi-sorta eskainiko da; honekin batera Eguzki-teleskopio errobotizatu bat kontrolatu ahal izango da.

Proiektuaren ekipoa programatzaileek (Microsoft), injineruek, diseinugile grafikoek, astronomoek (Stanford Unibertsitatea) eta zale espezialistek osatzen dute.

Live’98n erabiltzen den hizkuntza ingelesa denez, web helbidearen atal garrantzitsuenak gazteleratzen ari dira.

Eklipsearen ondoren, helbide berean, Eclipse’98 proiektuko partaideek eskuratutako filmeak, argazkiak eta eklipsearen behaketak aurkitu ahal izango dira.

Live eclipse’98 proiektuaren web helbidea, berriz, ondokoa da:

http://www.staigerland.com/live98/eclipse

Ea, aurrerapenei esker, XX. mendeko azken Eguzki-eklipsea behatuz gozatzeko aukera duzun.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila