X izpia argi ikustezina da eta argi ikuskorrak baino hamar mila aldiz uhin-luzera motzagoa du. X izpiak izenaz ezagutzen dugun erradiazio elektromagnetikoa hodi katodikoek jaurtitzen dute.
X izpiak zer diren azaltzea ez da batere zaila gaur egun, aski ezagunak baitira. Baina orain dela mende bat argi-izpi horiek ezagutu ere ez ziren egiten. Alemaniar bati zor diogu hainbat arlotan aplikazioa duten X izpiak “topatzea”.
Beti esan izan da aurkikuntzak lanari, jakintzari eta denborari esker erdiesten direla, baina kasu batzuetan zorteak ere asko laguntzen du. 1895. urtean Wilhelm Röntgen zientzilariarengan faktore horiek guztiek bat egin zutela pentsa daiteke; Babierako Unibertsitateko laborategian saiodian korronte elektrikoa igaro nahian ari zen lanean.
Arratsalde batean, ordea, zerbait berezia gertatu zen laborategian. Saiodiarekin lanean ari zela, halako batean apal batean zegoen flaskoa argitu egin zen. Flaskoan fluoroa zegoen, bario platinozianuroa, hain zuzen ere. Irakasle alemaniarra zur eta lur geratu zen; ikertzen ari zen saioditik argia atera zen eta izpi horiexek argitu zuten flaskoa. Izpi ezezagun haiek ez zuten bario platinozianuroa zeharkatu eta horrexegatik, argitu zen flaskoa. Hori ikusita, izpiek zeharka zitzaketen materialak ikertzeari ekin zion Röntgen-ek. Hasteko, kartoi-puska bat jarri zuen saiodiaren parean eta saiodiak argia egitean izpiek apaleko flaskoa argitu zuten berriro.
Argiak kartoia zeharkatzen zuela ikusita, saiodiaren ondoan platinozianuroarekin igurtzitako paper-puska bat jarri zuen pantaila gisa. Paperak saioditik ateratako izpi misteriotsuak zurgatu egin zituen eta pantaila argitu egin zen. Beraz, izpi ezezagun horiek kartoia zeharka zezaketen, baina bario platinozianurozko pantaila ez. Berunak argia zurgatuko ote zuen jakiteko frogak egiten ari zela, bestalde, ustekabe ederra izan zuen Röntgen-ek. Berunari heldu zion saiodiaren eta pantaila fluoreszentearen artean. Berunak argia zurgatu zuen eta pantaila fluoreszentean berunaren itzala agertu zen.
Alabaina, berunaren itzala ezezik, berau heldu zuten eskuko behatzen itzala ere hantxe agertu zen; zehatzago esanda, behatzetako hezurrak ‘isladatu’ ziren pantailan. Hezurren itzala argi eta garbi agertu zen pantaila fluoreszentean eta eskuko haragia ere nabarman zitekeen, hezurrekin alderatuta lausoago bazen ere.
Pantailan agertu zen eskuko hezurren ziluetari erradiografia deitzen diogu gaur egun eta, ikusi dugunez, saioditik X izpiak jaurtiz lortu zen lehen aldiz. Alemaniarrak izpiari ipini zion izena ere bitxia da benetan. Matematikariek kopuru ezjakinari X esaten diote eta “usadio”horri segituz Röntgen-ek ere X izpia izenaz bataiatu zuen bere harridura eragin zuen izpia.
X izpiek parean jarritako objektua arakatu egiten dute eta objektuaren itzala pantaila fluoreszentean edo emultsio fotografikoan jaso egiten da.
X izpien bidez egiten diren erradiografiak aipatzen ditugunean, berehala etortzen zaizkigu burura ospitalean edo anbulategian egiten dizkiguten horiek. Alabaina, ez dugu ahaztu behar gure barne-organoak eta hezurrak arakatzeaz gain, beste hainbat zereginetarako ere oso erabilgarriak direla erradiografiak.
Medikuntzan X izpien bidez erradiografiak egiteko hainbat teknika erabiltzen da. Gorputzeko organoen eta hezurren ziluetak grabatuta geratzen dira fototipoan edo emultsio fotografikoan, baina ez dira itzal guztiak argitasun eta zehaztasun beraz ikusten. Gure eskeletoaren erradiografiak, esaterako, zehaztasun handikoak izaten dira; metalezko objektuek ere X izpiak oso ongi zurgatzen dituzte eta behin baino gehiagotan aurkitu izan dira gaixoen barne-organoetan metalezko objektuak. Hesteak, gernu aparatua edota zainak bezalako organoak, aldiz, ez dira hain “garbi” ikusten eta behar bezalako zehaztasuna lortzeko, gaixoari produktu kimikoak hartuarazten zaizkio.
Medikuntzan ezezik, X izpia industrian ere asko erabiltzen da. Konposizio kimikoetan gertatutako aldaketak eta materialen barruan gertatzen diren “akatsak” zuzentzeko egiten dira erradiografiak. Fundizioetako laborategietan, adibidez, soldaduren kalitatea kontrolatzen da X izpien bidez.
Erradiografiaren beste erabilpen garrantzitsua lan artistikoetan izaten da eta batik bat, kuadroetan. X izpien bidez pinturak zein egoeratan dauden azter daitezke; kontserbazio egoera ikertzeaz gain, erradiografiak ikusita pinturaren antzinatasuna ere jakin daiteke. Pintoreak erabili dituen teknikak edota lanari eman dizkion azken ukituak ere “salatzen” ditu erradiografiak.
Badira dagoeneko ehun urte Röntgen-ek X izpiak aurkitu zituela eta aurkikuntza guztiekin gertatzen den bezala, denboraren poderioz X izpien teknika ere hobetuz joan da. Euskarriez hitz egiten ari ginela, pantaila fluoreszenteak eta emultsio fotografikoak aipatu ditugu, baina gaur egun euskarri informatikoek aurrea hartu diete. Orain arakatutako objektuaren zilueta (erradiografia digitala) ordenadorean gordetzen da. Euskarri informatikoak erabiltzeak abantaila handiak eskaintzen ditu. Batetik, informazioa (erradiografia) seguruago gordetzen da euskarri informatikoan eta informazio-kopuru handiagoa pila daiteke. Bestetik, ordenadore-pantailan agertuko zaigun zilueta tratatu ahal izango dugu; irudia handiagotuz edo txikiagotuz, nahi dugun puntua zehatz-mehatz aztertu ahal izango dugu.