Elhuyar Fundazioa
Astronomo britainiar hau 1815. urtean Guernsey-n (Channel Islands-en, Frantziako Cherbourg ondoko irletan) jaio zen urtarrilaren 15ean eta Londresen hil 1889.eko apirilaren 19an. Hil honetantxe betetzen da beraz ehunurteurrena, eta aitzakia hori medio interesgarria deritzogu bere bizitzaren eta astronomiari egin zizkion ekarpenen xehetasun batzuen berri emateari.
Bere ikasketak Pariseko Sainte-Barbe kolegioan amaitu ondoren, Warren De la Rue bere aitaren inprimategian hasi zen lanean, eta bertan 1851. urtean eskutitz-azalak egiteko lehen makina asmatu zuen.
1852. urteaz gero, bere indar guztiak fotografia astronomikora zuzendu zituen. Ilargiari argazkiak ateratzen lehenengotakoa izan zen, baina egiten zituen argazkiak oso zehatzak zirelako gero hogei aldiz anplifikatzeko aukera izaten zuen. Horrela era iraunkorrean eta askotan teleskopioz begiratuta baino hobeto ikus zitekeen Ilargia.
Warren de la Rue.1858. urtean, Kew herrian (Londresetik hegoaldera) fotoheliografoa asmatu zuen. Diseinu bereziko teleskopioa zen; egunez eguzkiari argazkiak ateratzeko moduan prestatutakoa. Batabestearen ondoren hartutako bi argazki konbinatzen zituen, eta 1862. urtean Londreseko Nazioarteko Erakusketan Ilargiaren eta Eguzkiaren argazki estereoskopikoek arrakasta handia izan zuten.
1860. urtean Espainian erabateko Eguzki-eklipsea ikustera egindako txangoa zela eta Ilargiaren diskotik kanpora ateratzen ziren zorrotada gorriak Eguzkiarenak (eta ez Ilargiarenak) zirela frogatu zuen.
Bi hamarkada lehenago Schwabe-k Eguzkiaren orbanez egindako adierazpenekin batera, De la Rueren aurkikuntza hark Astrofisikari hasiera eman ziola esan daiteke. Fisikaren adar hau, Eguzkia aztertuz hasi zen eta gero Secchi-ren espektroskopioaren bidez beste izarrak ikertzeari ekin zioten.
De la Rue ordea, kimika eta elektrizitateaz ere kezkatua zegoen; lanpara elektrikotako platinozko harizpiez eta gasetako deskarga elektrikoez batez ere. Bateriekin egindako saiakuntzen ondorioz, zilar klorurozko zelulak asmatu zituen.
Londreseko Royal Societyko kide aukeratu zuten 1850. urtean eta 1864.ean Erret Domina eman zioten. Astronomiako Erret Elkarteako partaide ere bazen 1862. urteaz gero. Baita Frantziako Zientzi Akademiakoa ere. Argitaratu zituen lanetan, Researches on Solar Physics izenekoa da aipagarriena.