Elhuyar Fundazioa
XIX. mendearen erdialdetik aurrera hasi ziren frantsesak Vietnam kolonizatzen, hots, zibilizazio eta kristautasunaren izenean Vietnamgo ondasunak zurrupatzen eta vietnamdar herria zapaltzen. Kolonialismoa diru-iturri bilakaturik, frantses kapitala bertaratu eta sekulako irabaziak lortu zituen ikatz-, eztainu-, wolframio- eta zink meategiei eta te-, kafe- eta kautxu-plantazioei esker, vietnamdarrak bizi- eta lan baldintza penagarritara behartuz eta miseriazko soldatak ordainduz. Adibide xume bat: Michelin enpresaren kautxu-plantazio batean 45.000 vietnamdarrek lan egiten zuten; gaixotasun eta desnutrizioaren eraginez haietatik 12.000 hil ziren 1917tik 1944era bitartean.
Anartean, vietnamdar nazionalismoa eta antikolonialismoa sortu, hazi eta errotu egin ziren, frantsesek gogor zapaldu zutelarik. Komunismoa izan zen jatorrizko populazioaren asmoak (independentzia eta lur-banaketa) bideratzea lortu zuena. Ho Chi Minh-ek 1925ean Vietnamgo Gazte-liga Iraultzailea eta 1930an Indotxinako Alderdi Komunista sortu zituen. Frantses gobernuaren aurkako grebak hasi eta 1930-31 bitartean eta 1940an matxinadak izan ziren, baina frantsesek gupidagabe oinperatu zituzten.
Bigarren Mundu Gerran, 1940an, Frantzia nazien menpe gelditu zelarik, Vichyko gobernu kolaborazionistak japoniar armada Vietnamen sartzea onartu zuen. 1941ean Ho Chi Minh-ek Vietnamen Independentziarako Liga, Viet Minh izenekoa, sortu zuen eta japoniarrei aurre egin zien. Hauek arroz-uztak eraman egin zituzten eta bi milioi vietnamdar goseak hil ziren. Bigarren Mundu Gerra amaituta, frantsesek Vietnam berreskuratu nahi izan zuten. Ho Chi Minh-ek, txinatarrek Vietnam inbadi ez zezaten, frantsesen gobernua onartu egin zuen hasieran, baina berehala ekin zion Viet Minh-ek frantsesen aurkako altxamenduari (1946-54).
Ehundaka mila hildako eragin zituen zortzi urteko gerraren ondoren eta Dien Bien Phu ko bataila erabakitzailearen ondoren, burumakur irten ziren frantsesak. Genebako akordioetan Vietnam bitan zatitzea erabaki zen. Ipar Vietnamen Ho Chi Minh-ek erregimen komunista ezarri zuen eta “elementu antiiraultzaileen” kontrako jazarpena hasi zen: milaka pertsona exekutatu eta dozenaka mila espetxeratu zituzten. Hego Vietnamen hasieratik ustelkeria eta nepotismoaren harrak jota egon zen erregimen katoliko eta antikomunista ezarri zen. Herriari bizkar emanda gobernatu zuten, armadaren laguntzaz herria zapalduz.
Erregimen antidemokratiko eta hiltzailea izanagatik EEBBen laguntza lortu zuten; “gerra hotza”ren garaian komunismoaren zabalkundea geraraztea baitzuten EEBBek helburu nagusi.
Hego Vietnamgo komunistek, Viet Cong izenekoek, Hanoiko gobernuaren laguntzaz, hegoaldeko gobernuaren aurkako gerrila-gerrari ekin zioten 1960.eko hamarkadaren hasieran. Gobernuak bere burua galzorian ikusirik, EEBBei laguntza eskatu eta hauek, pixkanaka eta zeharka hasieran eta artez-artez 1964etik aurrera, ofizialki sekula deklaratu ez zen Vietnamgo gerra erdiragarrian sartuz joan ziren. Gerra 1975ean amaitu zen.
Estatubatuarrak porrot eginik irten ziren eta Vietnam batu egin zen. Askotan entzun dugu 58.000 estatubatuar hil zirela gerra hartan; gutxiagotan ordea, 1.500.000 vietnamdar inguru hildako eta milioika zauritu edo kaltetu izan zirela. Gerra zibiletan gertatu ohi bezala, irabazleek galtzaileak gogor zigortu zituzten: erregimen komunistak ehundaka mila hegoaldeko vietnamdar espetxeratu zituen “birheziketa-esparru” zirelakoetan.
Independentzia eta batasunaren ondoren ere ez zuten gerra gainetik kendu vietnamdarrek. 1978an vietnamdar armadak Kanboia inbaditu eta khmer gorriak gobernutik bota ondoren Hanoiren aldeko gobernu bat ezarri zuten. Vietnamdarrek khmer gorrien gerrila-gerrari aurre egin behar izan zioten Kanboian 1989 arte.
Bigarren Mundu Gerraz gero gerra-giroan murgildurik bizi izan direlarik, hainbat eta hainbat vietnamdarrek bakea ezagutu ere ez dute egin. Hainbeste urtez ukatu zaien benetako bakea dastatzen ari dira orain. Gainera, Vietnamgo ekonomia eskuloturik zuen nazioarteko isolamendua ziztu bizian desegiten ari da, erabat deuseztu dela ez esatearren. 1992ko konstituzio berriak merkatu-ekonomiari langa ireki dio eta, bere auzoko Txinan bezala, prozesu bitxia ari da gertatzen: erregimena politikoki itxia da, Alderdi Komunistaren gidaritza zalantzan jartzen ez delarik, baina aldiberean kapitalismoari sarbidea erraztu egin zaio.
Prozesu honek abiada ia geraezina hartu du Sobietar Batasuna desagertu ondoren eta egun atzerri-inbertsioak egunetik egunera hazten ari dira. Atzerriko bankuak eta multinazionalak lehorreratzen ari dira eta bizimodua ere mendebaldartzen ari deneko seinaleak nonahi ageri dira: neonezko argiak hirietan, tango- eta samba musikadiskoteketan eta Japoniatik iritsitako karaoke delakoa “kirol” nazional bilakatu da honez gero. Oraindik nagusi den nekazal gizarte tradizionalaren ohiturak eta baloreak aldabidean dira.
Vietnam Ozeano Bareko hegoekialdean dago, munduko hazkunde ekonomiko handieneko eremuan hain zuzen, Japonia, Txina, Taiwan, Hego Korea, Hong Kong, Singapur, Tailandia, Indonesia eta Malaysiak inguratuta. 70 milioi vietnamdar daude, langile eta arduratsuak (Ekialde Urruneko guztiak bezala) eta bertako eskulana merke merkea da. Mauka ederra atzerriko kapitalarentzat! Egoera politikoak giroa katramilatzen ez badu, Vietnamek, gerra ahazturik, aparrak bezala egingo du gora.
Vietnamgo gerran EEBBek ingurugiroa sistematikoki suntsitzea eta erraustea, ekozidioa, erabili zuten taktika militar gisa; historian ordurarte parekorik izan ez zuena. Viet Cong-en baseak desegin nahian, 72 milioi litro herbizida (agente laranja, agente urdina eta agente zuria) barreiatu ziren Hego Vietnamgo azaleraren % 16an, oihanak txikituz. Vietnamen zoritxarreko ospea lortu zuen agente laranja, dioxinaduna da.
Dioxina da orain arte ezagutzen den munduko produktu kimiko toxikoena, minbiziaren eta mutazio genetikoen eragile beldurgarria. Gaur egun, 20 urte igarota ere, dioxina elika-katean ageri da oraindik: ikertzaileek dioxina-kantitate handiak aurkitu dituzte lurralde horietan bizi diren emakumezkoen esne-laginetan.
Bulldozer erraldoiak erabiliz, oihanak, labore-lurrak, eta herri osoak erauzi eta irauli egin zituzten lurzorua hondatuz. Baso suharberak napalm-ez bonbardatu zituzten, erre eta erraus zitezen. Kararrizko mendi-mazelak bonbardatu eta azidoa barreiatu zuten, lubiziak eraginez. Elefanteei airetik eraso zieten bonba eta napalm-ez, gerrilariek garraiorako erabiltzen zituztelako aitzakiaz. 20.000 km2 baso eta soro, hau da Euskal Herri osoak duen adinako azalera, suntsitu zuten estatubatuarrek. Guztira, 13 milioi tona bonba inguru jaurti ziren, hau da, 265 kg bonba biztanleko. Hiroshiman botatako bonba atomikoarena baino 450 aldiz energia gehiago askatu zuten bonbek Vietnamen.
Eraso haren ondorioz baso tropikal joriak ez ziren berriro hazi, arrantza ibaietan eta kostaldean izugarri urritu zen, animalia asko hil ziren, espezie asko galzorian gelditu zen eta labore-lurren produktibitatea gerra aurreko mailaren azpitik dago oraindik. Orobat, zenbait minbizi-mota eta herbizidek eragindako gaixotasunak biziki ugaldu dira populazioan.
Lurrazala 25 milioi bonbak zulokatu zuten, 30 m diametroko kraterrez josiz. Hauetako asko euri-urez bete eta istinga bilakaturik, malaria transmititzen duten eltxoentzat bizileku ezinhobea dira orain. Bestalde, krater sakon horiek arroz-sorotarako erabil zitezkeen lurralde asko alferrik galdu dituzte.
Industrializazioa azkar garatzen ari da; azkarrago 1990.eko hamarkadaren hasieraz geroztik. Hala ere, Vietnamgo nekazal gizartean teknika tradizionalak eta lantegi familiarrak nagusi dira. Argazkietan zetaren siroparen produkzio-prozesuak ikus daitezke.