Elhuyar Fundazioa
Estandar berri bat dator konexioen mundua aztintzera: USB edo Universal Serial Bus bezala ezagutzen dena, periferikoen industriak egindako saiakera garrantzitsu baten ondorioa da. Honen bidez ordenadorera konektatu ohi ditugun periferikoak, sagu edo teklatu arruntetatik hasi eta eskaner, kamera digital eta antzekoak arte, kable-mota bakar baten bidez konektatu ahal izango ditugu, orain arteko kableatu eta ataka-multzo ikaragarria nabarmenki murriztuz.
Etorkizunean, SCSI, paralelo-ataka, serie-ataka eta antzerako guztiak USB atakara murriztuta geldituko dira. Estandar berri honen bidez 127 periferiko arte konektatu ahal izango ditugu gure ordenadorera inongo arazorik gabe eta abiadura era nabarmenean hobetuz gainera.
Windows 95aren jaiotzarekin batera saldu nahi izan ziguten Plug and Play famatua, berriro entzun genuen Windows 98aren aurkezpenean Bill Gates-i ordenadorea "trabatuta" geratu zitzaionean eskaner bat konektatu nahian zebilelarik. USB berriarekin ordea, benetako Plug and Play-a izango dugu behingoz. Orain arte, gure ordenadoreari periferiko berri bat konektatu nahi genion bakoitzean, lehendabizi hau itzali, periferikoa konektatu eta ordenadorea berriro piztu behar izaten genuen honek periferikoa onar zezan.
USBaren bidez, ordea, ordenadorea piztuta dagoela edozein periferiko konektatu ahal izango diogu sistema eragileak automatikoki detektatu eta zuzenean onartuko duelarik bere erabilera. Gainera, ez dizkiogu PCI txartel berriak sartu beharko gure ordenadoreari periferiko bat erosten dugun bakoitzean, honek USB estandarra onartzen badu behintzat.
Komunikazio abiadura ere nabarmen handituko da. Periferikotik ordenadorera joango den seinalea lau hariz osaturiko kable baten bidez joango da. Hari hauetako batek elektrizitatea garraiatuko du, eta beste batek lurrerako toma, beraz periferikoek ez dute argi-indarrerako kable propiorik beharko; honek bi gauza suposatuko dizkigu: batetik, ez ditugula lehen bezainbeste entxufe eta lapur beharko guretzat erosoago izanik, eta bestetik, eta hemen dator benetako berrikuntza, USBk zuzenean ezagutuko du periferiko bakoitzak beharko duen potentzia, eta horren arabera emango dio behar duena.
USB kablearen barruan beste bi hari geratuko zaizkigu datu-transmisiorako erabiliko dituenak. Transmisio hau 1,5 eta 12 Mbit/s bitarteko abiaduran egingo da periferiko-motaren arabera. Gaur egungo serie-ataka baten transmisio abiadura, 100 kbit/s-koa da, beraz USBk abiadura hau 15 aldiz handitzen du kasurik txarrenean. Hala ere, kanpoko disko gogorren kasuan bezala, abiadurak benetako garrantzia duenean, FireWire edo UltriWide SCSI egokiagoak dira USB baino.
Orain arte USBaren onura teknikoei buruz aritu gara. Bestelako onurak ere baditu, ordea. Sistema honek gure ordenadorera 127 periferiko batera konektatzeko aukera ematen digu. Printzipioz, ordenadoreak bi USB ataka izango ditu, baina SCSI konektoreak bezala, periferiko bat besteari seriean konektatzeko aukera ematen duenez, zuzenean konektatu ditzakegun periferiko-kopurua handiagoa da. Hala ere, argi-indarra ere kable beretik eramaten du, eta abiadura kontuak direla medio, hau ez da oso aukera egokia. USBk arazo hau era egokian konpontzen du, HUB moduko aparatu bat eskainiz. Honen bidez, 127 periferiko arte konektatu ahal izango dizkiogu gure ordenadoreari aldi berean.
USB estandarra berehalakoa bada ere, merkatua irabazteko dauka oraindik. Hasteko, estandar hau onartzen duen sistema eragile bakarra Windows 98a da PCan (eta Windows 95en azken bertsioa), eta Mac OS 8.5a Macintosh-erako. Bestalde, azken ordenadoreek USB konektoreak berez ekartzen badituzte ere (Macintosh-en kasuan iMac berriak duen konektore bakarra da), periferiko-fabrikatzaile guztiak ez dira hasi oraindik bere produktuei horrelako konektorea gehitzen.
Gainera sortu daitekeen beste kezka bat etxean lehendik ditugun periferikoak nola konektatu izan daiteke. Horretan ere pentsatu dute eta dagoenekoz badaude egokigailuak merkatuan. Hala ere, guztiok dakigu informatikaren munduak (edo informatikaren merkatuak) daraman abiadura nolakoa den, eta laster batean egokitu beharko dugu gure ekipoa horrelako berrikuntzetara.