Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa

Euskal Herrian funtzio didaktikoa duten museoak gutxi direla esan izan dugu behin baino gehiagotan. Salbuespenen artean, ordea, Urretxuko mineral eta fosilen museo txikia aipatu nahi dugu. Txikia baina aberatsa da, gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzat guztiz erakargarria. Urretxuko Kultur Etxera gerturatzen direnek mineral, fosil eta harrien munduan murgiltzeko aukera paregabea dute. Halaxe egin dugu guk ere. Jakin beharrekoak

Aizpurua Eneako Kultur Etxea 1987ko urtarrilean inauguratu zuen Urretxuko Udalak. XVIII. mendean eraiki zen etxe hau eta historia mamitsua duela esan genezake. Dena dela, guk Kultur Etxeko behe solairuan aurkitzen den Mineral, Fosil eta Harrien Museoan jarri dugu arreta. Nicasio Aguado Ayerdi jaunak mineral eta fosilen bilduma eder bat eskaini zion Udalari duela hamar urte; horri esker ikasle, irakasle, aditu eta kurioso askok Natur Zientzien mundu interesgarrira gerturatzeko aukera izan dute.

Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa

1991n harrien bilduma gehitu zitzaion aurrekoei, ikastetxeetan harriak ikasten baitira fosil eta mineralekin batera.

Denborarekin, museoak bere eskaintza hobetu egin du; pieza berriak gaineratu dira eta dauden bildumak osatu egin dira, alor didaktikoak garrantzi handia hartu duelarik. Azpiegitura, zabalkundea eta museoaren zerbitzua ere nabarmen hobeagotu dira.

Hala ere, arduradunen ustez museoari ez zitzaion etekin nahikoa ateratzen. Ondorioz, iaz ekintza-plan bat landu zuen Artelatz taldeak ondoko helburuak lortu ahal izateko: Mineralogia Museoa bizi berritzea, museoa material didaktikoz hornitzea eta museoaren kudeaketa-lana eta kanpo-itxura hobetzea. Irakasleei zuzendutako bilduma didaktikoei garrantzi handia eman diete; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat bilduma, panel, tresna, lagin eta iradokizun ederrak prestatu dituzte. Horrela, ikasleek mineral, fosil eta harriei buruzko jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko aukera dute. Material didaktiko hau museoan bertan erabil daiteke, epe jakin baterako alokatu edo maleta moduan erosi.

Erakusketa-areto erakargarria

Bereziki ikasleentzat atsegina izateko helburuari jarraituz, erakusketa-areto ikusgarria prestatu da. Hiru bilduma bereiz genitzake bertan:

Mineralak

Alde batetik, panel argigarriak daude (mineralen propietateak, egitura, aplikazio industriala eta energi iturri gisa). Bestetik Euskal Herriko mineralei eskainitako beira-arasa bat dago (mineralak talde nagusietan ordenaturik: oxidoak, hidroxidoak...). Azkenik, ikasleek mineralen gogortasuna, xaflaketa, magnetismoa eta erradioaktibitatea nolakoa den jakingo dute jolasteko tailerretan eginiko ariketen bidez.

Harriak

Panel interaktiboan harri sedimentario, magnetiko eta metamorfikoak ikus daitezke. Harri mota horien zatiak ikusgai daude.

Fosilak

Hiru atal bereizten dira bilduma honetan: denbora geologikoaren panela, fosilak denbora irizpidearen arabera ordenaturik eta bizitza planetan.

Erakusketa-aretoaz gain, bestalde, areto osagarri batzuk ere badira museoan:

  1. Biblioteka (ikasketarako eta ikerketarako bibliografia eta dokumentazio berezituarekin).
  2. Ikusentzunezkoen aretoa.
  3. Hitzaldietarako aretoa.
  4. Biltegia.
  5. Tailer didaktikoen aretoa.

Bisita ere modu desberdinetan

Panel argigarriz beterik dago Urretxuko museoa. Argazkian panel interaktibo horietako bat eta harri-mota desberdinak ikus daitezke.
Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa

Jende guztiarentzat dago zabalik museoa eta bakoitzak nahi duen moduan egin dezake bisita. Hala ere, bisita antolatuak dira ugarienak eta museoaz jabetzeko egokienak. Hiru dira ikasle-irakasleek bisita egiteko duten moduak:

Bisita gidatua

Begirale batek museoaren eduki nagusiak azaltzen dizkigu (ordu eta erdi inguruan). Jarraian bisitariei ariketa eta tailer batzuk eskaintzen zaizkie, gaiari buruzko oinarrizko ezagutza eskura dezaten.

Maleta didaktikoaren
erabilerari buruzko aholkuak
+ bisita gidatua

Museora joan baino hamabost egun lehenago, begiralea ikastetxera joaten da irakasleei maleta didaktikoa nola erabili behar duten erakusteko. Irakasleek, museoko materialaren laguntzaz, gaia lantzen dute klasean, eta ikasleak prestaturik daudenean museora doaz. Gaia behar bezala ulertzeko aldez aurreko prestakuntza oso egokia dela ohartu dira antolatzaileak.

Aholku pedagogikoak +
bisita gidatua + txangoa

Bigarren aukera txango geologiko batekin osa daiteke. Ikastetxea dagoen herrialdean ere egin daiteke txangoa, baina horretarako geologo batek ikerketa bat egin behar izaten du aldez aurretik.

Mineralogia eta Paleontologiara gerturatuz

Neska-mutikoek Euskal Herriko harri, mineral eta fosilak ezagutzeko aukera dute. Tailer didaktikoan ikasleek jolastuz ikasten dute.
Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa

Museoko langileek ekimen ugari antolatzen dituzte urtean zehar, jendea mineralogia eta paleontologiaren mundura gerturatu nahian. Horren bidez gure jatorria eta bizi garen lekua bera ere hobeto ezagutzeko aukera eman nahi digute.

Antolatzen diren ekitaldien artean azpimarratzekoa da udazkenean egiten den mineral eta fosilen astea. Kultur Etxea eta museoa sortu zirenetik antolatu da; beraz, aurtengoa hamargarrena izango da. Aste hau museoaren tresna dinamizatzaile eta zabaltzaile izateko sortu zen, Mineralogia eta Paleontologiarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi kulturalen bitartez. Aurten ere erakusketak, txangoak, ikastaroak, ekintza didaktiko eta dibulgatzaileak izango dira. Era berean, areto berezi bat prestatuko da, bertan mineral eta fosil naturalak, harribitxiak eta imitaziozko bitxiak ikusi, erosi eta aldatzeko aukera izango delarik. Udaletxeak, Jose Maria Iparragirre Institutuak, Garaialde Lizeoak, Valladolideko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Harribitxien Elkarteak prestatutako stand didaktikoak ere aurkeztuko dira. Gaztetxoen gozamenerako, azkenik, Meatze Artifiziala eta Urrearen Bilaketaren lehiaketa antolatzen dira.

Museora bisita egin aurretik gaia klasean lantzeko behar duten laguntza eskaintzen zaie irakasleei. Horrela eginik bisita eraginkorragoa izaten da.
Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa

Ezin utzi aipatu gabe, bestalde, berunari buruz osatzen ari den erakusketa monografiko iraunkorra. Erakusketa honen bidez, mineral hau bere osotasunean azaldu nahi da: berunaren propietate fisikoak, konposizio kimikoa eta Euskal Herrian non aurki dezakegun erakutsi nahi dute antolatzaileek. Dudarik gabe, Legazpiko Mirandaola burdinolan ikus daitekeenaren osagarri egokia litzateke erakusketa.

Berunari buruzko erakusketaz gain, beste gai monografiko batzuk ere lantzen ari dira eta aurki izango dira ikusgai guztiontzat. Ziurtatu dezakegu, beraz, mineral, fosil eta harrien berri izateko Urretxura gerturatzea baino ez dugula egin behar. Ahaztu gabe, dena dela, museoa bereziki ikasle eta irakasleei zuzendurik dagoela. Bertako material didaktikoari esker, irakasleek badute pagotxa!

HELBIDEA

Mineral eta Fosilen Museoa
Urretxuko Kultur Etxea
Jauregi, 19
Urretxu (Gipuzkoa)
Tel.: (943) 724170

Maleta didaktikoa nola eskuratu:

Alokairua bi aste 15.000 pta. (600 libera)

Erosketa 60.000 pta. (2.400 libera)

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila